2013/09/26

Gerundioaren erabilera okerrak

Gure artean oso zabalduta dagen arazo bati aurre egiteko, hona hemen www.erabili.com guneak ematen dizkigun azalpenak.

«Eginez» bezalako formak aditz-partizipioari («egin», «eman», «hartu»...) instrumentalaren marka («-z») erantsiz sortzen dira. Halako formek hiru erabilera nagusi dauzkate.
  1. Zerbait lortzeko bidea edo bitartekoa adieraztea.
    • Kristala apurtuz atera dute gela barruan pilatu den gasa.
    • Entzunaren entzunez, udako kantak buruan txertatuta geratzen zaizkigu betiko.
  2. Esaten denaren berri ematea.
    • Josunek deitu du, bere laguntza eskainiz.
    • Manifestazioa egin zuten sindikatuek, erreformak gelditzeko eskatuz.
  3. Denboran aldi berean gertatzen diren ekintzak lotzea.
    • Agur esanez urrundu ziren.
    • Atzerritik etorritako taldeek Bilboko kaleak zeharkatu dituzte, euren doinuak kantatuz eta dantzatuz.
Aspaldian erabilera oker bat zabaldu da: gertaera baten ondorioa adieraztea.
  • Bart bonbak jaurti dituzte Tripolin, lau hildako eraginez.
Adibide horretan, lehen gertaera (bonbak Tripolin jaurtitzea) eragilea da, eta bigarrena (lau pertsona hiltzea), bestearen ondorioa. Horrelako kasuetan, okerra da ondorioari -zjartzea.
Erabilera oker hori konpontzeko modurik errazena ekintza biak lotzeko «eta» juntagailua erabiltzea da:
  • Bart bonbak jaurti dituzte Tripolin, eta lau hildako eragin dituzte.
Hona hemen beste adibide batzuk:
  • trakets: Karidadeko Bentak Euskal Herri osoa zeharkatu du agurreko biran, arrakasta handia lortuz.
    • hobeto: Karidadeko Bentak Euskal Herri osoa zeharkatu du agurreko biran, eta arrakasta handia lortu du.
  • trakets: Presa handiz irten nintzen etxetik, dena hankaz gora utziz.
    • hobeto: Presa handiz irten nintzen etxetik, eta hankaz gora utzi nuen dena.
  • trakets: Brend upela asko garestitu zen atzo, merkatuetan urduritasunaeraginez.
    • hobeto: Brend upela asko garestitu zen atzo, eta merkatuetan urduritasuna eragin zuen.


Erreferentziak:
  • EITB (2007): Euskarazko albistegietarako esku-liburua II. 102-104.
  • GARZIA GARMENDIA, Juan (2005): Kalko okerrak. 84.

(EIDER SANTISTEBAN eta GONTZAL FONTECILLA. ETBn 2011ko beka-aldian prestaturiko lana)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina