Gaur Euskaltzaindiaren egitekoaz, eta beste gauza batzuetaz Ibon Sarasolari egindako elkarrizketa bat dakarkizuet hona; niri interesatu zati, ea zuei ere interesatzen zaizuen, izan ere, askotan hitz egin / eztabaidatzen baita akademien zereginaren gainean.
Asteburu ona izan.
IDAZLEA, HIZKUNTZALARIA ETA EUSKALTZAINA
Ibon Sarasola: “Euskararen batasunarena ez da problema filologikoa, soziala baizik”
‘Bitakora kaiera’ saiakeran (Erein), euskara batua sortzeko
giltzarriak gogoratu ditu eta hizkuntza estandarra sortzeko
prozesua amaitutzat jo du Sarasolak. Eredu egokia euskal idazle
eta itzultzaileak direla uste du eta lehentasuna erabilerak duela
Dabi Piedra
- 2017(e)ko urtarrilaren 16a, astelehena - 12:23etan eguneratua
Euskara batuaren ajeak liburua argitaratu zuenetik hona,
ikuspegia aldatu du Ibon Sarasolak euskararen bilakaerari dagokionez.
Bitakora kaiera, hortaz, bere buruarekin “kontuak garbitzeko” modu bat
da. Euskara batua beste fase batean sartu dela ohartarazi eta joko-zelai
berrira egokitzeko deia egin du. Era berean, euskara ulergarriaren alde
egin du eta, horretarako, garbizalekeria baztertu behar dela dio, batez
ere sintaxian. Euskalkiak “euskara batuaren kolore” bihurtu behar
direla uste du.
Zeure buruarekin kontuak garbitzeko idatzi duzu ‘Bitakora kaiera’, liburuan bertan aipatu duzunez. Zer zentzutan diozu hori?
Esan
dezagun, orain dela hamar urte inguru, euskararen batasuna eta
garabidea modu batean ikusten nituela eta gero konturatu nin-tzen
irizpideak eta ikusmoldeak aldatu behar nituela. Ni bide batetik nindoan
eta bazirudien euskal literatura beste batetik zihoala.
Zure
ikuspegia egokitu egin duzu, beraz. Hala ere, iritzi aldaketa hutsa izan
da, ala euskararen beraren egoera aldatu izanaren ondorioa?
Nik
uste dut euskarak bere garapenaren bidea aldatu duela, orain hizkuntza
normal bat bihurtu da, normal hitzaren zentzurik zabalenean behintzat.
Orduan, horretara egokitu behar gara. Euskaltzaindiak garai batean
batasunaren prozesuan izan zuen indarra ez du orain, eta egin behar dena
da euskal autore eta itzultzaile onek egiten dutena ikusi eta horri
segitu.
Euskara batuaren sortze prozesua amaitutzat jotzen duzu liburuan.
Noski.
Hizkuntza aldatuko da baina gaztelania aldatuko den bezala, edo
ingelesa. Jada ez da batasun kontu bat, hori eginda dago. Orain
hizkuntza aldatzen joango da, baina hizkun-tza batu estandar bat izango
da aldatzen joango dena eta ez, orain arte bezala, hizkuntzaren beraren
sistema linguistikoa. Hori ez dago kolokan orain.
Euskara batua sortzeko prozesuan parte hartu zenuen. Nola lortu zen eredu hura gizartean zabaltzea?
Nik
esango nuke aurreko porrotetatik ikasi genuela, nolabait. Hor
funtsezkoa izan zen halako diziplina bat. Mitxelenari, bidea marka-tzen
zuenari, jarraitu genion. Gauza guztiak zalantzan jartzen aritu
beharrean, hark esaten zuenari segitu genion. Hor, nire ustez, oso
inportantea izan zen hatxearen kontua. Ez letragatik beragatik, baizik
eta euskal gizartea polarizatu egin zuelako, hatxearen aldekoen eta
kontrakoen artean. Horrek gizarteratu egin zuen euskara batuaren
problema. Aurreko saioei hori falta izan zitzaien, gizarteratzea.
Adibidez, Azkuek proposatu zuen gipuzkera osotua delakoa, batasun
proiektu bat zen. Jende guztiak txalotu zuen baina inork ez zuen segitu.
Ez zenez problema bat, ez zen gizarteratu. Gure aldian, hatxearen
kontura, euskal gizarte osoak zekien zertan ari ginen, zergatik...
batzuk alde jarri ziren, besteak kontra. Liburuan esaten dudan bezala,
hatxerik gabe ez zen euskararen batasunik egingo. Azken finean,
euskararen batasunarena ez da problema linguistikoa edo filologikoa,
problema soziala da, gizartea tartean sartu behar duzulako. Eta hori,
jendeak uste duenaren kontra, oso zaila da. Jendeari esan behar diozu,
“hara, orain bat-batean holaxe idatzi behar duzu”, eta kasu egin behar
dizute.
Euskara batuaren eredutzat idazle eta itzultzaile onak jarri dituzu. Euskaltzaindiak zer zeregin izan behar luke?
Dagoeneko,
de facto, beste akademia bat da, ez da lehengoa. Akademien zeregin
nagusia hizkuntzak batzea izan da beti, baina ez bakarrik hemen. Jendeak
jakin behar luke ingelesak ez duela akademiarik. Hizkuntza batek
estandarra ezartzen duenean zer? Ba, bueno... ez dakit bere lana nolakoa
izan daitekeen ere, egia esan. Frantziakoak, esaterako, ia ez du ezer
egiten gaur egun. Batez ere, egiten duena da beraiek hizkuntza
erregional deitzen duten horien kontra jardun. Norbaitek eska-tzen
duenean Frantzian euskara ofiziala izatea, Akademia segituan ateratzen
da ezetz esaten. Hortik kanpo, ezer gutxi. Espainian ere, zer egiten du
Akademiak? Gehienez ere, kalean jada normalizatuta dagoena jaso, eta
ondoren onartu. Akademiak esan dezake ez dakit zein hitz gaizki dagoela,
baina azkenean onartu behar izaten du.
Hala ere, ‘Bitakora kaiera’ liburuan zeuk ere gomendio batzuk egiten dituzu, hitz ordenaz, erlatiboaren erabileraz...
Baina
ez da hizkuntza estandarra nolakoa izan behar den proposatzea.
Hizkuntza batek, batez ere, balio behar du hiztunek elkar ulertu dezaten
eta nik hortik heldu diet gauzei. Niretzat zer da gramatika momentu
honetan? Jendeak lehenengo irakurraldian testu bat ulertzea. Eta orain
hori ez da askotan gertatzen, ditugun gramatikak begiratzen badituzu,
ikusten da ez dutela funtzionatzen. Liburu honetan esaldi batzuk hartzen
ditut eta hobetzeko bideak ematen ditut. Baina liburuaren parte hori ez
da arau-emailea, asmoa da ikusaraztea zabaldu diren arau batzuk segituz
gero ez goazela ondo.
Adibideak emateko orduan, euskal idazle klasikoak ekarri dituzu liburura.
Bai,
baina nik ez dut esaten irakurle guztiek klasikoak irakurtzen hasi
behar dutenik, hori bigarren pausu bat litzateke, izatekotan. Idazten
hasi nahi duenak askoz hobe du gaur egungo idazle onak irakurtzea. Baina
gaur egungo idazle horiek onak dira, klasikoak probetxuz irakurri
dituztelako. Klasikoekin kontuz, klasikoak hartzen badira esateko
“begira ze ondo osatzen duen esaldia, ze ondo geratzen zaion”, eta
horretan oinarritu, ba hori ongi dago. Baina norbaitek hartzen baditu
klasikoak hemengo bitxikeria hau edo esamolde xelebre hura
bereganatzeko, jai du. Ez du asmatuko egin behar lukeenaren bidean.
Azkenaldian
txokokeriarako joera bat zabaldu da, euskara estandarrago baten ordez
herrietako hizkerak edonon eta edonola erabiltzekoa. Zuk nola bizi duzu
hori?
Niretzat hori folklorea da, guk euskara batua sortu
genuenean folklorea konbatitu genuen. Horrek ez du inongo interesik,
bitxikeriak direlako, eta badirudi jatorkeria horretan dagoela
hizkuntzaren zera, baina azkenean folklorea da. Hori ez da inongo beste
hizkuntzatan egiten eta, gauzak ondo egin nahi izatera, guk ere ez
genuke halakorik egin behar.
Euskalkien inguruan esan dituzunek hautsak harrotu dituzte. Euskalkiak ez du lekurik euskara batuaren alboan edo haren osagarri?
Eztabaida
hori sortu du liburua irakurri ez duen jendeak. Nik esaten dudana da,
euskalkia onartu daitekeela euskaldun guztientzat ulergarria den
neurrian. Argentinako eta Espainiako espainola oso diferenteak dira,
baina nik argentinoa entzuten baldin badut ez dut problemarik hura
ulertzeko. Adibidez, Bizkaiko zenbait aldaera, eman dezagun Ondarroakoa,
nik sentitzen dut, baina ez ditut ulertzen. Hori batasunaren muinaren
kontra doa. Euskalki horiek bihurtzen badira gaur egungo euskaldun
normal batek ulertzen dituen zerbait, hor ez dago problemarik. Ulertzea
da kontua, hizkuntzen funtsa jendeak elkar ulertzea da. Hori betetzen ez
den neurrian, euskalkiek niretzat ez dute tokirik.
Baina, herri edo eskualde baten barruan, euskalkiak ezin du funtziorik bete?
Noski,
hori ere esaten dut liburuan. Jardun pribatuan, hor konpon. Baina
pulpitura edo tribunara igotzen zarenean, orduan kontuz. Hori gauza
sinplea da, hizkuntza guztietan gerta-tzen da eta euskaran ere gertatzen
zen. Adibidez, XX. mendearen hasieran: Lore Jokoetan, Oñatiko alkateak
gipuzkeraz hitz egiten zuen, nahiz eta hizkeraz bizkaieraduna izan,
jende gehiagorentzat ari zelako. Hori berezkoa da edozein hiztunengan,
konturatzea norekin ari garen hitz egiten, eta hori galdu egin da
ideologia xelebre batzuen kulpaz.
Erdarek ere eragin nabarmena
dute euskaran. Iparraldean eta Hegoaldean erdara bana izanda, bi euskara
batu sortzeko arriskurik ikusten duzu?
Hori bai dela problema
latza. Baina ez du erremediorik. Zer egingo duzu, gauza horiek berez
doaz eta. Zuk ezin duzu dekretu bat atera, “hitz hau Iparraldean eta
Hegoaldean hala erabiliko da” esanaz. Ez du zentzurik. Orain gerta-tzen
dena ere ez da hain txarra, Hegoaldeko erdarakadak Iparraldean sartzen
dira eta, tristea izango da batzuentzat, baina beste erremediorik ez
dago. Ni, behintzat, erremediorik ez duten gauzen alde ez naiz inoiz
jarriko, nekagarria delako.
Corpusak lantzen aritu zara
azkenaldian, batez ere EHUren Euskara Institutuan. Euskara
estandarrerako hitz eta formak erabakitzeko orduan corpusek izan behar
luketen garrantzia azpimarratu duzu liburuan.
Gaur egun,
hizkuntza batean nolabaiteko eragina izan nahi baduzu, corpusak erabili
behar dituzu. Euskara idatziaz ari naiz, jakina. Corpusek esaten digute
nork, zer eta nola erabiltzen duen. Euskararen ildoak nondik nora doazen
jakin gabe, nekez egin daiteke lan onik. Hizkuntza nora doan ikusi eta
horri bultza egin behar zaio, bestela ere nahikoa lan izango dugu hau
aurrera ateratzen.
Liburuan kexa agertzen duzu, Euskaltzaindiak
zuen lana aintzat hartzen duelako, baina zuek aipatu gabe. Euskaltzaina
zara zu, baina aspalditik dituzu gorabeherak Akademiarekin. Tirabira
horiek konpontzeko modurik ez duzue aurkitu?
Hara, nik alde
batetik eta haiek bestetik, ez dugu hau konpontzeko gogo askorik eta
ondo iruditzen zait, ez da ezer pasatzen. Bakoitzak bere bidea segi
dezala eta kito. Niretzat, laugarren edo bosgarren mailako problema da
hori momentu honetan.
Aste honetan IVAPen Administrazio Euskaraz aldizkarian argitaratutako ipuin bat eskegiko dut. Niri gustatu egin zait, gainera, iruditu zait oso ondo eta eroso irakurri ahal dudala; saiatu 5 minutu ateratzen, eta erantzun bukaeran dauden bi galderei.
Gaur bi termino horien gainean hitz egingo dut, eta saiatuko naiz ahalik eta argien izaten, horregatik lehenengo eta behin, esan behar dizuet tituluan agertzen diren biak zuzenak direla, eta hemendik aurrera bi horiek erabili beharko genituzkeela.
Mendekotasuna / mendetasuna: 2006ko Mendetasun Legea IVAPek horrela itzuli zuen; baina harrez geroztik gehien erabili eta gomendatzen dena Mendekotasuna da, eta horrela erabiltzen da azken dekretuan. Hainbat lekutan ikusiko dugu "mendetasuna" baina jakin behar dugu bestea hobeto dagoela.
ABP terminoarekin antzeko zerbait gertatzen da: 2006ko legean agertzen da (eta horregatik dago horrela blog honetan) Arreta eskaintzeko Banan-banako Programa. Azken dekretuan, berriz, honela agertzen da: Arreta emateko Banakako Programa (ABP). Kasu honetan, behintzat, siglak ez dira aldatu, nahiz eta lekuren batean AEBP ikusi ahal duzuen .
Egun on, danoi: Euskal Autonomia Erkidegoan datorren legealdirako akordio batera heldu dira PSEk eta EAJ-k. Akordio horretan gauza interesgarri bat dago euskarari dagokionez; antza, hemendik aurrera eta, beti ere, probak gaindituta, B2 maila lortzeko inbertitutako dirua itzuliko dute. Hemen duzue Berria egunkarian agertutakoa:
Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte
70 orrialde ditu EAJren eta PSE-EEren zuzendaritzek arratsaldean berretsi duten akordioak. Euskara ikasteari dagokionez, hizkuntza eskakizunak "gaurkotzea" adostu dute. Bake eta bizikidetzaren alorrean, "normalizazioa egonkortzeko" helburua jarri dute. Autogobernu lantaldea eratzen denetik zortzi hilabeterako idatzi nahi dute estatutu berriaren proposamena.Bihar 12:30ean sinatu eta aurkeztuko dute akordioa Iñigo Urkulluk, Andoni Ortuzarrek eta Idoia Mendiak.
Lau zati nagusi ditu akordioak: ekonomia eta enplegua; zerbitzu publikoak; autogobernua; eta bakea eta elkarbizitza. Hona hemen akordioaren zati batzuk:
EUSKARA
Hizkuntza politikari buruzko hiru atal ditu jeltzaleek eta sozialistek adostutako hitzarmenak. Printzipio gisa, hau jaso dute: "Euskara Euskadiko berezko hizkuntza da; ez da bakarra, baina guk soilik daukagu. Euskara Euskadikoa den beste hizkuntza batekin bizi da: gaztelaniarekin. Hizkuntzak ez dira baztertzaileak, baizik eta aniztasunaren, pluraltasunaren eta integrazioaren froga. Partekatzen dugu bizikidetza hori hobetu egin behar dela, berdinduagoa, integratzaileagoa eta harmoniatsuagoa izan dadin, kohesio sozial handiagoaren bidean".
Hauek dira hiru puntuak:
1. Euskaltegiak. Euskaraz dakitenen kopurua handitzea eta gaitasuna hobetzea jarri dituzte helburu. Proposamen zehatz bat dago: B2 mailara arte, doakoa izatea euskara ikastea (EGA aurreko maila da B2), baldintza batekin: "Doakotasun hori lotua egongo da beti maila akademikoak gainditzeari". Hots, azterketak pasatzen dituztenei itzuli egingo liekete jarritako dirua, orain hasierako mailetan egiten duten eran.
2. Zabaltzea. Euskarazko edukiak handitzea Interneten eta gailu digitaletan. "Lankidetza" ezinbesteko jo dute horretarako.
3. Elkarlana. Nafarroako Gobernuarekin eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlan handiagoa izan nahi dute. Horrekin batera,Espainia eleaniztunadokumentua sinatu zuten erkidegoekin ere harremanetan jarriko dira, "hizkuntza bizikidetzari buruz ahalik eta kontsentsu handiena lortzeko".
Hizkuntza politikari buruz hauteskunde kanpainan polemika sortu zuten hizkuntza eskakizunek, PSE-EEk bideo gogor bat egin baitzuen oraingo egoera salatzeko. Aipamen labur bat egin diote gai horri akordioan: hizkuntza eskakizunak "gaurkotzea" adostu dute.
HEZKUNTZA
Hezkuntzako lege berria egitea adostu dute bi alderdiek: "kontsentsuzkoa eta integratzailea" izatea nahi dute. Hizkuntzei dagokienez, ez dute ezer zehaztu ereduei buruz: jaso dute eskoletan proiektu eleaniztunak egin behar direla, "leku bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan izanda".
Hezkuntzaren gaiak pisu nabarmena du jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioan. Hona hemen gai nagusiak:
1. Legea. Kanpainan bi alderdiek jaso zutenez —eta gainerakoek ere bai—, hezkuntzako lege berria egin nahi dute. Hezkuntzaren "egonkortasuna eta kalitatea egituratzea eta indartzea" dituzte helburu. Hezkuntza ituna egin nahi dute, gai hauetan oinarrituta: "Eskola publikoaren rol funtsezkoa eta haren izaera laikoa aitortzea, hezkuntza sistema osoa finantzatzeko oinarriak ezartzea, eta garapen teknologikorako aldaketa material eta pedagogikoak prestatzea".
2. Hizkuntzak. Ingelesa sustatu nahi dute, arlo horretan "hobekuntza eta aurrerapen esanguratsuak" lortzeko. Ez dute hizkuntza ereduen gaia aipatu. Hau diote: "Pixkanaka eboluzionatzea hiru eleko hezkuntza sistemara, euskara izanik ardatz nagusia". PSE-EEk hiru eleko ereduarentzat erabilitako formularen gisakoa da hori. Eskola bakoitzak hizkuntza proiektua egitea da asmoa, "leku bakoitzeko errealitate soziolinguistkoa kontuan izanda". Helburu zehatz bat: Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera ikasgai bat behintzat ingelesez ematea.
3. Arlo soziala. Beketara urtean 55 milioi bideratzea, eta haur eskoletako matrikula familiako errentaren araberakoa izatea.
4. Emaitzak. Irakurmeneko gaitasuna handitzea, eta matematikako eta zientzietako konpetentziak hobetzea. PISA txosteneko datuak hobetu nahi dituzte horrela. Eskola porrota %8 baino txikiagoa izatea jaso dute itunean.
5. Irakasleak. Urtero lan eskaintza publikoak egitea erabaki dute, eta irakasleen "gaitasunen mapa" definitzea. "Sentsibilizazio kanpainak" ere egingo dituzte, irakasleen irudia hobetzeko.
6. Migratzaileen seme-alabak. Neurri zehatzik ez dago: "Aurrera egitea ikasle etorkinak modu orekatuan integratzeko sare publikoan eta pribatuan".
7. Lanbide Heziketa. Lege bat egin nahi dute Lanbide Heziketa "behar berrietara egokitzeko". Eskaintza "malguagoa" egin nahi dute, eta, besteak beste, ikastaroakon lineematea proposatu dute.
8. Unibertsitatea. Goi mailako heziketan BPGaren %1,5 jarri nahi dute, "finantzaketa iturri publikoetatik eta pribatuetatik" jasota. Ikerketari dagokionez, urtero %5 handitu nahi dute horretara bideratutako diru kopurua. Unibertsitateak "nazioartekotzeko" asmoz, nazioarteko bikaintasun campusak bultzatuko dituzte.
Denbora luzea, luzeegia agian, pasatu da azken sarrera idatzi nuenetik. Gau berriro igoko dut iritzi artikulu labur bat, zuen zereginekin zerikusia duena, eta familia batzuetan gertatzen dena. Horretaz gain, nahiko polita iruditu zait. Ea gustuko duzuen.
Artikuluaren amaieran iruzkinak egitreko lekua duzue, Aprobetxatu eta eman zuen iritzia, artikuluari edo blogari buruzkoa. Eskerrik asko.
BIRA
Tinbrea
BERRIA / 2016-10-18 / Miren Amuriza
Kafeari zurrut egin eta suabe-suabe iradoki
dio ama alargunari tinbrea jarri behar lukeela paparrean, edozer gertatuta ere
botoitxoari sakatu eta larrialdietan abisua hartzen dutela. Andreak ezezko
lehorra, esan nizun lehengoan ere. Alabak errepika, Dolores Errotabarrikoa
ederto dabilela tinbrearekin. Amak uka, Dolores Errotabarrikoa zaharra dela
bere aldean, lau urte gehiago, eta berak ez duela horrelako prendarik behar,
jendeak inutila dela pentsa dezan gero. Alabak uzteko jendeari bakean,
alkandorapean igarri ere ez zaiola egingo. Eta eskotea jantzi gura badut, zer?
Alabak hasperen kafe hondarrei beha; eskotea? Zelako gauzak esaten dituzun,
ama! Horrelako umekeriez barik, pentsa zure segurtasunaz. Andreak haserre, ez
direla umekeriak, bere iritzia baizik; badakiela tinbrea ez eze, arrana ere
jarriko lioketela ahal balute, ahuntzei bezala, bera kontrolpean izateko. Baina
ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra, ni zuen ama naiz! Alabak ahotsa apaldu du
andrea lasaitu dadin eta esplikatu, ez dutela kontrolatu gura, zaindu egin gura
dutela. Baserria arriskutsua dela eta kortan eror daitekeela, edo eskaileretan,
edo dutxatik irtetean, edo gelan alfonbrarekin labain eginda... Zutitu eta
marmarka alde du matriarkak; inseguruago, ordura arte ez baitzaio sekula
burutik pasa gelan, komunean, eskaileretan, kortan... eror litekeenik.
Zorionak eman behar dizikizuet gaurko batzordera txostenak euskaraz eraman dituzuen guztioi. Izan ere, gehienak izan dira, eta hori zoriondu behar da. Bestalde, batzordean agertu da termino hau:
Trastorno adaptativo con depresión: Egokitze-nahasmendua depresioarekin
Dagoeneko guztiok jaso duzue inkesten aurkezpenera joateko deia; hemendik animatu nahi zaituztet, horrela aukera izango duzue ikusteko zertarako erantzun duzuen. Ez dut uste oso luzea izango denik, baina batzuetan emozionatzen naiz eta... kontuan hartuko dut zer ordutan den, eta sabelak esango digu arin bukatu behar dela. Espero dut aprobetxagarri izatea astelehenekoa.