erabilera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
erabilera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/05/18

Tribuaren Berbak


Euskaldunok zergatik ez dugu beste euskaldunekin euskaraz egiten?



Motibazioek helburu jakin bat lortzeko bidean jartzen gaituzte. Helburu jakin hori euskara egitea denean zer gertatzen den aztertu du, aste honetan, ‘Tribuaren Berbak’ saioak.
Lehenik, eta behin euskara egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: norberak euskaraz jakitea, mintzakideak euskaraz badakiela jakitea, eta garrantzitsuena, euskaraz egin nahi izatea. Ordea, asko gara euskaraz hitz egiten dakigunak, baina dakigun guztiok ez dugu beti eta dakiten guztiekin erabiltzen. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste nahi izatetik hitz egitera jauzi egitea? Zergatik egiten dugu erdaraz euskaraz egin dezakegunean? 


Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea
Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzaileak, jendeak kalean euskaraz ez egiteko arrazoiak sailkatzen lagunduko dio Kike Amonarrizi. Bi  multzo nagusi bereizi ditu: Alde batetik, norberarekin lotutako arrazoiak egongo lirateke ( euskaraz ideiak adierazteko zailtasuna, gaztelaniaz aritzeko erosotasuna, gai batzuetaz hitz egiteko euskarak suposatzen duen esfortzua, borondate falta, euskara ama hizkuntza ez izatea, pertsona jakin batzuekin hizkuntza jakin bat erabiltzeko ohitura…) ; eta bestetik, arrazoi sozialak, hau da, inguruarekin edo gizartearekin lotutakoak.  Sailkapen honen arabera, euskara ez erabiltzeko ematen diren arrazoi gehienak lehen multzoan egongo lirateke, eta beraz, euskara erabiltzea norberaren esku asko dagoela esan du Juango Allurrek.

Fermin Etxegoien kazetaria
Fermin Etxegoien kazetaria

Hau dela eta, arrazoi guzti hauei konponbideak bilatzea izango litzateke erronka nagusiena. Eta horretarako, euskara hiztunen artean erakargarri egiteko metodoak bultzatu behar dira. Ilusioa ezinbesteko elementua da, Fermin Etxegoien kazetariaren arabera. Baina, batez ere, euskara erakargarria izateko estetikoki funtzionala izan behar duela uste du. Euskara erraztea eta sinplifikatzea proposatzen du, jendeak euskara ondo barneratu eta erabili dezan.

Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua
Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua

Bestalde, euskara bultzatzeko hainbat kanpaina egin dira. Estitxu Garai, komunikazio eta marketing adituaren arabera, euskara sustatzeko kanpaina hauek beharrezkoak dira baina eraginkorrak  izateko, lehenik eta behin, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazioak zeintzuk diren ikertu behar dira. Behin motibazioak identifikatuta, euskara sustatzeko kanpainak diseinatu behar dira.

Aurkene Redondo, coach-a
Aurkene Redondo, coach-a

Aurrekoari lotuta, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazio metodoak ere oso garrantzitsuak dira. Aurkene Redondo coachak jendea nola motibatu azaldu digu. Horretarako, ‘galdera boteretsuen metodologia’ erabiltzen du: Nahi duguna ondo definitzea eta identifikatzea, nahi dugun hori gure esku dagoen edo ez definitzea, helburua lortzeko pausuak zehaztea, baliabideak bilatzea, epe bat finkatzea, zer edo zer alboratu behar dugun jakitea eta, azkenik, nahi dugun helburua gure buruan irudikatzea energia horretan jartzeko.

Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria
Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria

Azkenik, orain arte ikusi ditugun ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal ezberdinetan beraien burua motibatu eta euskaraz gozatzeko helburua lortu duen euskaldun berri asko ezagutu ditugu.
Beraz, aste honetako saioak erakutsi digu euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin dezakeela.

2015/04/27

Errenta aitorpenak euskahaldunak behar ditu!!!

Aldundiko langileok KORRIKAren kilometroa erosteko egindako ahalegina izugarria izan da eta beste behin ere lortu egin dugu! Jarrai dezagun euskararen alde lan egiten!!

Errenta aitorpena aurkezteko garaia heltzear da, 2013an euskaraz aurkeztutako errentak %2,17 izan ziren, %2,17 euskaldun. Bada, askoz ere gehiago garela erakutsi egin dugu, beraz, lagundu gaitzazue ERRENTA EUSKAHALDUNTZEN!!

Euskaraz bizi nahi dugulako, egin dezagun 2014ko errenta euskaraz!

2014/04/08

Euskararen erabilera

Etxeko gotorlekua, auzitan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %20,8k euskara erabiltzen dute etxean, 1981ean baino puntu bat gutxiagok

Euskaldunen soslaia aldatu egin da: gero eta gehiago dira hirietan bizi diren gazteak
MAITE ASENSIO LOZANO BILBO, BERRIA. 2014-04-08

Euskarak etxeetan izan duen gotorlekua ahultzearen lehen sintomak agertu ditu V. Mapa Soziolinguistikoak: 1991n, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %21,8k erabiltzen zuten euskara etxean; 2011n, %20,8 ziren. «Ez nuke esango etxeko gotorlekua galtzeko arriskuan dagoenik, baina ez dagoenik ere ez. Galduko balu, kezkagarria litzateke hizkuntzaren osasunerako: euskara ez badugu etxeko egongelan natural erabiltzen, bigarren mailako hizkuntza izango da», esan zuen atzo Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Egoera «paradoxikoa» da: «Duela hogei urte askoz etxe gehiago ziren kide euskaldun bakar bat ere ez zutenak». Hain zuzen, etxeko erabileran ez da nabari euskara gaitasunean 1981etik hona izandako hazkundea. Egun, biztanleen %36,4k ondo dakite euskaraz —749.000 lagunek—, duela 30 urte %22 baino ez zirenean; aldi berean, orain hiru hamarkada herritarren bi heren erdaldun hutsak ziren; egun, %44 dira.

Euskaldunen soslaian «aldaketa erradikala» gertatu dela azaldu du Baztarrikak. Batetik, gaztetu egin dira: 20 urtez azpikoetan, %70etik gora euskaldunak dira —1981ean ez ziren %20ra heltzen—. Gazte gehienentzat, ordea, euskara ez da lehen hizkuntza, eskolan ikasia baizik: euskal hiztunen %42 dira euskaldun berriak, baina 30 urtetik beherakoetan %58ra igotzen da kopurua.

Bestetik, «urbanizatu» egin dira: euskaldun berrien erdiak EAEko sei udalerri handienetan bizi dira: hiriburuak, Barakaldo, Getxo, eta Irun. Eta hor dago erabileraren gakoetako bat: «Euskaldun gutxi dituzten hirietan daude: hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi dituzte». Euskaldun zaharren artean ere gutxitu da erabilera: «Elebitasun desorekatuaren ondorioa da: euskal hiztun askok ezin dute hizkuntza etxean erabili, senideren batek ez dakielako».

Antzeko joera dago haur eta gazteengan. Baztarrikak gogoratu du etxean jasotako hizkuntzarekiko «lotura afektiboa» handiagoa dela, eta hiztunek erraztasun handiagoa dutela lehen hizkuntzan: «Bikote mistoen artean, heren batek ez du etxean transmititzen. Gurasoei jakinarazi behar diegu euskara etxean ere erabiltzea euskarazko eskolara bidaltzea bezain garrantzitsua dela».

Bilbon euskaldun gehien

Hiriburuen artean, Gasteizek izan du hazkunderik handiena, ezagutza maila apaletik zetorrelako: bertako biztanleen %3,5 ziren euskaldunak 1981ean, eta %21,5era igo zen kopurua 2011n. Donostiak du euskaldun portzentajerik altuena, %40koa, baina Bilbon dago euskal hiztun kopururik handiena: 73.760 (%22,1).

Gune soziolinguistikoek, berriz, 2006ko joera bera dute: gutxiago dira euskaldun oso gutxi dauzkaten herriak, baina euskaldun asko dituztenak ere bai. Herritarren %66 bizi dira bigarren gunean, herritarren %20-50 elebidun diren tokietan; %50-80 elebidun diren herrietan bizi dira %22

2013/11/28

Zein hitz erabiliko zenuke euskara bultzatzeko?

Abenduaren 3an Euskararen Eguna dela medio, Foru Liburutegian euskararen liburu zuri erraldoia prestatu da, guztion ekarpenaz beteko dena.

Animatu eta parte hartu!


Foru Liburutegiko Zero Solairuan, 9:00etatik, 20:30ak arte


2013/10/21

ASTEAZKENEAN BERBAGUNEA!

II. Berbagunea aurkeztu da


• Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dira urriaren 23an Alondegian iznago den euskaldunen bilgune honen sustatzaileak.
• Jardunaldi guztian, 400 petsonako lau txandatan, guztira, 09:30etik 19:00etara, adin guztietako 1.600 pertsonak parte hartzea aurreikusita dago.



Euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Gazteria, Kirol eta Euskara Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarena Zuzendaritza Nagusiak bat egin dute berriz ere Bilboko Berbagunearen II. edizioa burutzeko. Ekitaldi hau Bilboko Alondegian izango da, urriaren 23an; eta bertan 1.600 euskaldun inguru aritzea aurreikusita dago; hau da, lehen edizioan baino 400 euskaldun gehiago.

Bigarren edizio honetako erronka, berriz ere, euskara kalera ateratzea da eta euskaldunek zenbait gairi buruz euskaraz aritzea; hau da, besteak beste, gizarte-sareei, turismoari, bidaiei, liburuei eta kirolari buruz euskaraz berba egitea; eta horrela Bilbon euskararen erabilerari bultzada bat ematea.

Euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak mahai berean

Berbaguneak deialdia ireki du euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai diren pertsona guztientzat, kezka bera duten pertsonekin hizketan, giro atseginean, aritu nahi badute. Horretarako euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak jarriko dira mahai berean, 09:30etik 19:00ak arte, hainbat elkarrizketatan parte hartzeko. Jarduera egun guztian izango da, baina txandaka. Txanda bakoitzean 400 pertsona inguru arituko dira. Lau txanda egongo dira: lehena 09:30etik 11:00etara, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 17:30etik 19:00etara, Alondegiko atrioan.

Txanda bakoitzean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakoitzean sei pertsona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egingo dute. Hogei minutu iraganda, egondako mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte-hartzaileak, hain zuzen, beste gai bati buruz hitz egiteko. Txanda bakoitzean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; hau da, hiru mintzagai izango dira. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzari lantzeko gaiak jasotzen dituen triptiko bat banatuko zaio.

Mahai guztietan pertsona bana egongo da gaia proposatzeko eta mahaiko kideen elkarrizketan moderatzaile-lanak egiteko.

Ekitaldia erakargarria izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika-arloko zenbait pertsonak ere parte hartuko dute Berbagunean eta herritarrekin mahai berean egongo dira euskara ageriagoan uzteko Bilbon.

Ekitaldi honen laguntzaileak IMQ, IKEA, El Corte Inglés, BBK-Kutxabank, Aqualia eta Deia dira.

2013/10/10

Berbalagunetik berbakoadrilara

TOLOSA

«Se ofrece cuadrilla para practicar euskera en un entorno cómodo»

Galtzaundi Euskara Elkartea vuelve a organizar grupos de Mintzapraktika para soltarse con el euskera 

10.10.13 - 00:07 - 
 
El titular que encabeza este artículo bien podría servir como anuncio por palabras. Es decir, un grupo de voluntarios buscan personas a las que ayudar en la práctica del euskera. En esencia es lo que está realizando por cuarto año consecutivo Galtzaundi Euskara Elkartea. El nombre de esta iniciativa es 'Mintzapraktika' y «su objetivo es ayudar a las personas que saben algo de euskera a soltarse y a practicarlo, en un entorno en el que se sientan cómodos» señala Idoia Lahidalga, que es quién se encarga de gestionar este proyecto desde Galtzaundi. A estos ayudantes, voluntarios del euskera, se les llama 'hiztunak' y son ellos, junto con el resto del grupo, los que eligen dónde llevar a cabo esta práctica oral.
Esta semana han comenzado a formarse los grupos para este nuevo curso. Habitualmente suelen ser entorno a 60 los alumnos los que suelen participar en estas clases que se celebran una vez por semana. «Una vez sabemos cuantos alumnos tenemos, solemos hacer grupos de cinco personas» explica una Lahidalga, que recuerda que este es un servicio gratuito. Todos aquellos interesados en apuntarse pueden hacerlo todavía llamando al 943.65.50.04 o acercándose a la oficina de Galtzaundi en la Avenida de Navarra 6.
Esto es lo que hizo hace unos años la tolosarra Ana Ardanaz. Ella es una de las veteranas de 'Mintzapraktika' y está encantada, «yo empecé de cero, sin saber nada. En mi casa no se hablaba y a mi alrededor, muy poco. Estoy muy contenta ya que he adelantado mucho. Me falta todavía dominar algunos términos, pero voy a seguir» explica. Además de para los actos cotidianos más comunes, esta tolosarra está orgullosa porque sus conocimientos del euskera le permiten mantener conversaciones fluidas con sus nietos. Ardanaz, además del valor que le da al aprender y practicar euskera, resalta otro motivo para apuntarse a estas clases de euskera, «al inicio quedábamos en un bar y los últimos años quedamos en la Casa de Cultura. Allí estamos más cómodos. Me gusta esta manera de aprender, ya que tienes la posibilidad de soltarte con el euskera sin miedo y sin vergüenza. Los grupos al ser reducidos te dan la oportunidad de hacer amigos, de crear pequeñas cuadrillas». Tras todos estos años, esta tolosarra prefiere mantener conversaciones con «euskaldun zaharras. Me encanta escucharles. Su forma de hablar es más bonita y más natural que los que lo hacen en batua».
El euskera en Tolosa
Este proyecto que comenzó hace 20 años en Donostia de la mano de Bagera Elkartea se está consolidando como una de las maneras más atractivas para practicar euskera. Al preguntarle a Lahidalga por el proyecto, por el motivo principal para participar, dice que «en Tolosa el euskera está muy presente en la calle, es nuestro idioma y el simple hecho de practicarlo ya merece la pena». En comparación con otros municipios guipuzcoanos, y qué decir vascos, el euskera está muy presente en la sociedad tolosarra. Pero, ¿cuál es exactamente su presencia en el municipio? «Los últimos datos que tenemos indican que el 43% de la población utiliza el euskera a diario. Sin embargo, el porcentaje aumenta y mucho en la población que lo entiende, que llega hasta el 86%» señala la coordinadora en Tolosa de los grupos de 'Mintzapraktika'.

2013/10/02

Euskarakadak

Hona hemen beste blog honetatik (http://www.blogseitb.net/euskara/2012/02/23/euskaldunak-eta-euskarakadak-me-he-cogido-dano/) ateratako artikulu bat.


Euskaldunak eta euskarakadak; “me he cogido daño”

Makina bat euskarakada egiten ditugu euskara ama hizkuntza dugunok. Bai! gaztelaniazko hitzen erabilera desegokiaz ari gara, alegia, “he cogido daño” edo zoriontzerako orduan “cumpleaños” bezalakoak botatzea.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan euskarakadak izan dituzte mintzagai duela gutxi, “Ai Ama” ETB-1eko saiotik harturikoak: “Para poner en marcha hay que sacar el botón rojo” edo “la ensalada lleva azenario” bezalako euskarakadak entzun ditugu.
Sare sozialetan begira aritu gara eta hara zer topatu, eta euskarakaden talde bat! Barre egin nahi izatera, euskarakada mordoa dituzue bertan irakurtzeko, baina guk horietako batzuk bildu ditugu.
Ainhoa Gil Ugartemendia: “Hoy iba a pintar el balcón, pero no era cosa“. (Ez nintzen gauza) edo “Me ha pasado una cosa célebre“. Xelebrekeria pasa zitzaiola esateko.
Asier Errazti: “tú luzatuaz el brazo y te txintxilikaz de la soka!!!
Olatz Bilbao: “No le gusta el zuringo, le gusta el gorringo”.
Xabier Larrañaga Gisasola: “Conmigo tienes fiesta!” (“Nirekin jai duzu!)

Iñigo Perona: Taberna batean bi lagun bi kafesne eskatzen:
-hi! nola’ek kastellanoz “2 cafes con leche” eo “2 cafe con leches”
-Utziak nei, nik bazekit eta!
-Un cafe con leche por favor….. que sean dos!
 (Erraza irtenbidea)

Samara Velte: Gaztelerako klasean: “Qué tienen en común…?” “Pues, en el komun tienes: la bañera, el lavabo, el bidet…
Asier Urrutibeaskoa: “arraskame la espalda“.
Kerman Finlandiako laguna ere “artista” da euskarakadak botatzen. Larrialdietan izan da eta begira begira zertzuk esan dituen. Eneeeeeee! “Hacer el de las once” hamaiketakoa egin esateko!! Begira begira..
Iraskale askori ere entzun izan diegu lanak izaten dituztela gaztelaniazko diskurtsotik euskarakadak garbitzeko. “Hacer una ariketa”, “Toda esta culpa”, “andar con más pequeños“, “son las unas” bezalakoak maiz entzuten dituzte, baita artikuluekin loturiko nahasmenak ere: “la misma problema”, “ la pijama”…. zerrenda luzea da!
Eta zuk, euskaldun, esan al duzu sekula halakorik? Animatu eta partekatu zure “euskarakadak” gure blog honetan edo Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Neuk ere euskaradak sartzen ditut maiz, eta txikia nintzela pasatu zitzaidan pasarte batekin agurtuko naiz. Etxean nuen arrainari jana erostera joan eta dendariari… “Me das comida pal pescau”? Oraindik gogoan dut emakumearen aurpegia. Besterik ez, lagunok, izan zoriontsu, eta ez ahaztu! MAITATU EUSKARA! 

2013/06/27

Berria: Euskara. Erakundeetako erabileraren ebaluazioa.


Erakundeetako hizkuntza irizpideak ez direla bermatzen dio ebaluazioak


Ezagutzan aurrera egin arren, euskara urruti dago administrazioko lan hizkuntza izatetik, Jaurlaritzaren ebaluazioak agerrarazi duenez

Euskara planik ez du bost erakundetik batek; euskara udaletan lehenesten dute gehien bat.

Ezagutzaren alorrean urrats nabarmenak egin ditu administrazioak, langile talde zabal bat gai da zerbitzua euskaraz emateko, baina erabilerak huts egiten segitzen du. Euskaraz badakite, baina ez dute egiten. Euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioan txostenean bildutako datuetatik atera daitekeen ondorio nagusia da. Euskara ez da zeharlerroa erakundeetan, eta hori «ahulgunea» dela diote txostenean. «Badirudi hizkuntz irizpideak betetzea euskara zerbitzuaren ardura bakarrik dela; ez dago barneratuta irizpideak betetzeko ardura duela sail bakoitzak». Gaitasunik ezak bai, baina ohiturak ere eragiten du euskararen tokia ez indartzea. Osakidetzaren ebaluazioan aurrez nabarmendutakoa dio oraingo txostenak ere: arduradunek ekimena hartu behar dute.

2008-2012ko ebaluazioa aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Erabilera bultzatzeko laugarren plana da aldi horretakoa. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak eta Gotzon Lobera Hizkuntza Normalizazioko zuzendariak eman zituzten argibideak legebiltzarrean. 2013-2017rako plana taxutzea du orain zeregin Eusko Jaurlaritzak.

Erakunde bakoitzaren euskara plana gidari da bide horretan. Datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bost erakundetik batek ez dauka planik eginda oraindik ere.

Baztarrikak azaldu du bost urtean 110 plan onartu direla. «Ikaragarria da hazkundea», esan du. Deigarri da: egoera soziolinguistikoak baldintzatutako aurrerabidean, Gipuzkoako erakundeetan du egoera onena euskarak, baina herrialde horretan dago plan gutxien. Txostenaren tesia: «Ematen du ez dela beharrizanik ikusten, bai guztia egiten delako euskaraz, bai euskara nagusi ageri delako administrazio jardunean».

Hizkuntz eskakizunak

Ezagutzaren aurrerapausoa

Euskararen tokia indartzeko, urteetan hizkuntz eskakizunen alorrean lan egin dute erakundeek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Administrazioan, oro har harturik, lanpostuen erdiek baino gehixeagok dute derrigorrezko epe bat zehaztuta, %54,4k. Hots, ezarrita dute noizko egon behar duen euskarazko gaitasuna duen langile bat postu horretan. Bidea ez da amaitu, ordea: epea jarrita duten postuetan, %17,6an daude gaitasuna egiaztatu gabeko langileak. Kopurua askoz ere apalagoa da hizkuntz eskakizuna eduki bai baina lortzeko epe mugarik aginduta ez daukaten lanpostuetan: beharginen %64,2k euskaraz ez dute egiaztatu batere gaitasunik.

Erakundearen arabera aldeak badaude. Jaurlaritzan, adibidez, postuen %45ek dute derrigortasun data jarrita; udaletan, %53k; eta Haurreskolak Partzuergoan, %100ek. Ikastetxe horietan, gainera, langile guztiak dira gaituak.

Aurrerapenak izan dira. Jaurlaritzan: 2007ko ebaluazioan, gaitasuna egiaztatuta behar zutenen %72k zeukaten maila; orain, %82k. Ordea, badira ahuleziak: Espainiako Estatuaren erakundeetan ez dute euskarazko eskakizunik; legeak modua ematen die langile batzuei euskara jakin gabe postuan segitzeko, adinagatik eta. Irizpide okerrak ere aipatu dituzte: hizkuntz eskakizuna bete bai, baina behar besteko mailarik ez duten langileak badaude.

Ahozko komunikazioa

«Ez ahal eta behar beste»

Herritarrek gero eta gehiago jotzen dute euskaraz instituzioetara, telefonoz edo aurrez aurre. Ia erdiak dira; 2007an, herena. Euskaldun kopuruarekin alderatuz, bistan da gehien-gehienek euskaraz ari nahi dutela erakundeetan.

Tokiko erakundeetan dago euskarazko harremanik gehien: ia elkarrizketen erdiak. Ohartarazi dute, edonola ere, berealdiko diferentziak daudela erakunde batetik bestera: euskarak toki oso eskasa du udal batzuetan, eta baliabiderik ere ez dute zerbitzua bermatzeko —elkarrizketen %5 bueltan dira euskaraz udal horietan—; beste batzuetan, berriz, erabat dago bermatuta euskara —telefonoa hizkuntza horretan hartzen dute deien %99an—. Erakundea zenbat eta goragokoa, gutxiago egiten dute euskaraz: %40 bat foru aldundietan; %26 Jaurlaritzan.

Zerbitzu hizkuntza gisa ari da aurrera egiten euskara, baina ez lan hizkuntza modura. Nahiz eta euskara gehiagok jakin. «Ezagutza handituz doan heinean, euskararen erabileran aurrera egiteko aukerak gehituz doaz, baina ez proportzio berean», dio txostenak.

Planaren helburua bazen lan hizkuntza gisa garatzea euskara. Hutsunea dago, Baztarrikak berak onartu duenez. «Aurrerapen nabarmena egon da ezagutzan, baina aurrerakada apala, ez ahal eta behar bestekoa, euskara lan hizkuntza gisa erabiltzerakoan». Ez da erraza izango. Euskaraz zergatik ez diren aritzen galdetuta, langileek diote ohiturarik ez dutela, erdaldunak daudela inguruan, kontzientziarik ez dutela. «Bide luzea daukagu egiteko», ohartarazi du Uriarte sailburuak.

Idatzizko komunikazioa

Argitalpenen %6 euskaraz

Ahozko harremanetan, harrera euskaraz egitea lehenesten dute erakunde gehienek. Idatzizko erlazioan ez da horrelakorik. Elebitasunaren alde egiten dute gehienek, %43k. Gainerakoan, gaztelaniak du euskarak baino toki handiagoa: %31k erdara hutsez igortzen dituzte gutunak eta; euskara hutsean, %26k. Elebitasuna da irizpide nagusia Jaurlaritzan ere, jakinarazpenen erdiak bidaltzen baititu hizkuntza horretan; kontua da bietako bat aukeratzean %8an egiten duela euskararen alde eta %41ean gaztelaniaren alde. Euskaraz argitaratuta ere, jatorriz erdarazkoak dira testu gehienak. «Kalitatearekin hainbat arazo ageri dira», diote ebaluazioan.

Argitalpenetan ahul dago euskara: erakundeen argitalpen ofizialetan, hamarretik sei erdara hutsean dago. Euskara hutsean tokiko instituzioek ematen dute gehien, baina erdia ere ez. Jaurlaritzaren banaketa: %4,7 euskaraz, %12,6 elebitan, eta %82,7 erdaraz.

Herritarrek ere ahoz baino gutxiago darabilte euskara idatziz. Ahoz %46k jotzen dute euskaraz; idatziz, %31k. Gaztelania da nagusia idatzizko harremanetan —%61ek darabilte—, eta oso gutxik idazten dute bi eletan: %7,5ek.

Interneten eduki gehienak euskaraz ere badauzkate erakundeek —%82—, baina herritarrek gutxiago bisitatzen dituzte webguneak euskaraz. Tokiko erakundeetan dute arrakastarik handiena. Aplikazio informatikoek «ikuspegi elebakarra» dute, eta «apal edo ia garatu gabe» daukate euskara.

Hizkuntz paisaia, iragarkiak

Udalak, euskara lehenesten

Euskarari lehentasuna batez ere udalek ematen diotela agerian uzten dute hizkuntz paisaiari eta iragarkiei buruzko datuek. Errotuluetan eta paperetan euskara soilik darabilte hamarretik lauk, eta euskara eta gaztelania, hamarretik bostek. Goragoko erakundeek bi hizkuntzak erabiltzen dituzte. Iragarki kanpainetan ere, udalek ematen diote leku gehien euskarari: kanpainen %38 egiten dituzte euskaraz soilik, eta %10 erdaraz.

Laguntzak eta kontratuak

Baldintzak, paperean bakarrik

Diru laguntzak ematean eta kontratuak sinatzean, hizkuntz irizpideak ezartzen dituzte erakundeek, batez ere Eusko Jaurlaritzak, legebiltzarrak eta arartekoak. Kontua da ondoren jarraipen eskasa egiten dietela laguntza edo kontratua jaso dutenei, benetan irizpideak betetzen ote dituzten. Udalak dira irizpideak gutxien jartzen dituztenak, baina jarraipen zorrotzena haiek egiten dute.

Kontratazioak adibide hartuta, Jaurlaritzak irizpideak zehazten ditu %82 kasutan, baina %42tan soilik aplikatzen ditu; betetzen direla segitu, %11n. Jarraipen handiagoa egiten dute arartekoak eta legebiltzarrak. Tokiko erakundeek irizpide gutxiago dituzte —udalek, %46an—, baina %60tan aplikatzen dituzte, eta %45ean segitu.

Ebaluazioan salatu dute instituzioek ez dutela jarraipena egiteko mekanismorik. «Jarraipena sarritan ahazten dela dirudi». Nahiz segipena egin, «irizpideak betetzen ez direnerako ez da aplikatzen neurri zuzentzailerik». Arduradunen inplikazioa ezinbestekotzat jo dute, «pauso kuantitatibo eta kualitatiboak» emateko. Gidaritza hartzeko eskatu diote Baztarrikaren sailburuordetzari.


%56,4
Euskaraz lan egin dezaketen erakunde ordezkariak.
Herri administrazioen artetik EHU da maila altuena duena; bertako ordezkarien %80k euskaraz lan egin dezakete. Eusko Jaurlaritzako ordezkariei dagokienez, %27k lan egin dezakete euskaraz

2013/06/17

Aldundiaren kanpaina berria: Gurekin euskaraz, nahi baduzu

 Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du biztanleriaren zati handi baten eta erakundeko langile askoren nahiarekin eta, esparru informaletan eta jendaurreko ataletan, euskararen erabilera sustatzeko kanpaina bat abiatu du. Helburu nagusia da euskara esparru informaletan eta jendaurreko ataletan erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea eta egoera horietan erabilera bultzatzea.

Jendaurreko ataletan, “Gurekin euskaraz, nahi baduzu” leloa duen diptikoa banatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak, mostradoreetan edo, nahi izanez gero, norberak bere mahai gainean jartzeko. Horrela, mostradorera hurbiltzen diren herritar edo langile euskaldunek euskara erabiltzeko aukera gehiago izango dute.

Jendaurreko gune, mostradore, erakusleiho, mahai eta bestelakoetarako diptikoak sail bakoitzeko Zerbitzu Orokorretatik bideratuko dira. Norbaitek euskararekiko konpromisoa erakutsi nahi duelako-edo bere mahai gainean diptikoa jarri nahi badu, Hizkuntz Normalizaziora bidera dezake bere eskabidea.

Leku informaletan -igogailuetan, kafe-lekuetan, jantokietan...- ere euskaraz gozatzeko aukera paregabea dugula gogorarazten digu Aldundiak.

Beraz, kanpaina honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat egin nahi izan du euskararen eta gaztelaniaren erabilera orekatuagoa lortzeko.

2013/06/12

Lan mundua euskaldundu

EUSKARA. LAN MUNDUA EUSKALDUNTZEKO KONFERENTZIA

Euskararen engranajeari olioa


Lantokietan euskara normalizatzeko beste pauso bat eman nahi dute aholkularitza enpresek eta Kontseiluak. Konferentzia antolatu dute biharko, aurreneko aldiz, Arrasaten. Han izango dira sektoreko eragile guztiak.
MIKEL PERUARENA ANSA
MPERUARENA@BERRIA.INFO
Makinaren engranajeari hala gertatzen zaio, zahartu, herdoildu, hondatu egiten da denborarekin. Mantentzeko lan zorrotza egin behar da lanean segi dezan. Olioa bota, garbitu, txukun erabili. Eta, tarteka, piezak aldatu, edo makina bera berritu. Lan harremanak euskalduntzeko lanean ari diren eragileak ere horretan saiatuko dira bihar: lan mundua euskalduntzeko engranajea olioztatzen ahaleginduko dira, erritmo biziagoa emateko zeregin horri.

Biharko jarria dute hitzordua, Arrasaten, Gipuzkoan. Lan mundua euskalduntzeko lehenbiziko konferentzia egingo dute. Batere ohikoa ez den argazkia aterako dute: enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileak, instituzio publikoak eta euskaltzaleak elkartuko ditu konferentziak. Kontseiluak antolatu du, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko lanean aritzen diren eta bazkide dituen bost aholkularitza enpresekin: Ahize, Artez, Elhuyar, Emun eta Iberba. Galdera jarri dute: nola lortu lan harremanetan euskararen normalizazioa zabaltzea?

Euskara planak «moteltze fase batean» sumatzen ditu Arritxu Zelaiak, Ahize aholkularitza enpresako kideak: «Urte hobeak izan dituzte euskara planek». Ia ohartzerako bi hamarkada joan dira enpresetan euskara normalizatzeko planak egiten hasi zirenetik. Hala ere, enpresa guztien %1ek baino gutxiagok dituzte euskara planak; 200 inguru dira guztira. Enpresa gehiagok dute Bai Euskarari ziurtagiriren bat, 1.500 inguruk. Gehienek ez dute halakorik, ordea. Gainera, krisiak ez du lagundu, eta administrazioei ere eragin die; Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Lanhitz saileko diru laguntzak %15 jaitsi dira azken urtean, esaterako. Baldintzak ez dira samurrak enpresa berriak erakartzeko. Aizpea Otaegi Elhuyar Aholkularitza taldeko kideak zehaztu du arrazoietako bat: «Euskarak dituen aukera eta zailtasunen isla da lan mundua».

Datu horiek ikusita, euskara plan bat abiatzea, nolabait, «haize kontra» aritzea dela uste du Zelaiak. Ez da hain ezkorra Patxi Alaña, Iberba aholkularitzako kidea; uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek ulertu zutela lan mundua euskalduntzea «estrategikoa» zela, eta berehala jarri zituztela diru laguntzak. «Laguntza horiei esker zabaldu dira planak». Alañak argi ikusten du, hala ere, «bultzatzaileak» enpresak eurak izan direla, kooperatiben sektorea bereziki. «Argi-ilunak» sumatzen ditu, beraz: «Denek bultza dezakete gehiago, baina martxan dagoen sektore bat da».

«Boluntarismoaren mugak»

Euskara planak gehiago ez zabaltzearen atzean arrazoi bat argia ere sumatzen du Zelaiak: «Orain arteko bidea boluntarismoan oinarritu da». Enpresek beren kasa egin dituzte inbertsioak, nahiz laguntzak ere jaso. «Bestelako betebeharrik ez badago, boluntarismoan oinarritutako bideak mugak ditu». Beste zailtasun bat ere sumatzen du Otaegik, aurrekoari gehitzeko. Uste du «hiztun komunitate sena» apaldurik dutela euskal hiztunek, ez direla ohartzen kontsumitzaile gisa duten botereaz. Euskalgintzan ere, oro har, «desaktibazio kutsu bat» ikusten du. Horrek guztiak ere eragina du lantegietan, haren esanetan. Eta hor ikusten du erronketako bat ere: «Komunitate sena indartzea garrantzitsua izango da».

Enpresa askok pausoak eman arren, gehien-gehienetan ez da euskararekiko kezkarik, Dani Larrea Emun kooperatibako kidearen esanetan. Nazioarteratzeko bidea hartzen duten enpresetan ikusten du argi: «Hizkuntza kudeaketaren txip hori edukiko balute, kanpora joandakoan ere beste hizkuntza horrekin beste era batera jokatuko lukete, ingelesarekin bakarrik joan beharrean, edo, okerrago dena, espainierarekin bakarrik joan beharrean. Gero eta enpresa gehiago doaz kanpora, baina hedapen hori zelan-halan egiten dute, ez era planifikatu batean». Aurtengo azterketa bat ekarri du gogora: «Oraindino, enpresen hiru laurdenek ez diote ezelako garrantzirik ematen hizkuntza kudeaketari. Gu ere harrituta geratu gara datu horrekin».

Hizkuntzak modu egokian kudeatuko balituzte, enpresek onura argiak izango lituzketela uste du Larreak: langileen «kohesioa» indartuko lukete, eta zerbitzu hobea emango lukete. Enpresek gizartearekiko duten erantzukizuna ere oroitarazi du: «Enpresek, nahiz eta euskara planik eduki ez, hizkuntzak kudeatzen dituzte, inplizituki edo esplizituki. Guk nahiko genuke kudeaketa hori modu egokian egitea». Baina enpresa askoren logika ez da arrazoi horietan ibiltzen oraindik.

Ahize aholkularitzako kide Txarles Ranerok esplikatu du pauso berriak emateko beharra sentitzen dutela, egoera horren aurrean. Beste arrazoi bat ere eman du: «Irakaskuntzan egin den ahaleginak eta inbertsioak bere emaitzak eman ditu, baina lan mundura salto egiten dugunean oztopo dezente agertzen dira». Euskaldun gehiago daude lantegietan, baina euskararen erabilerak lehengo lepotik jarraitzen du. Ranero: «Hor gabiltzan eragileok ikusten dugu urrats sendoak egin behar direla lan mundua euskalduntzeko».

«Urrats sendoak»

Horrela sortu zen gogoeta Kontseiluan, eta horrela hasi ziren bilerak egiten, orain urtebete inguru, «urrats sendoak» egiteko asmoz. Biharko konferentzia izango da lehen emaitza publikoa. Hiru ardatz bereizi dituzte, Larrearen hitzetan, Euskaraz bizi nahi dut jarduerarekin lotuz: «Euskaraz bizi ahal izateko, euskaraz saldu, erosi eta lan egin nahi dut».

Horrela identifikatu dituzte lan mundua euskalduntzeko eragile nagusiak: sindikatuak, enpresariak eta kontsumitzaileak. Alañak eman ditu azalpenak: enpresen parte hartzea «funtsezkoa» da langileen eta kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko; sindikatuak eta langileak «ezinbestekoak» dira planak aurrera ateratzeko; kontsumitzaileen ikuspuntua «garrantzitsua» da zerbitzuak euskalduntzeko. Administrazioen betekizunak ere gogora ekarri ditu, haiei baitagokie eskubideak bermatzea. Sektore horien guztien ordezkariak izango dira bihar Arrasaten. Baita administrazio publikoetako ordezkariak ere: Eusko Jaurlaritzakoak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietakoak.

Urtebeteko eztabaidak eman ditu ideia batzuk urrats berriak egiteko. Esaterako, Raneroren hitzetan, euskara planak dituzten eta eskarmentua duten enpresak eragile izatea, haien esperientzia zabaltzea, eta eragile berriak erakartzea. «Enpresa horiek euren artean aktibatzea da urrats bat, euren esperientzia zabaltzeko, haiek inork baino gehiago dakitelako». Enpresa horietako batzuk konferentzian izango dira bihar. Haien parte hartzea «oso garrantzitsua» dela uste du Otaegik; besteak beste, berdinetik berdinera hitz egin diezaieketelako beste enpresa batzuei.

Lan harremanetan eragina duten beste aktoreak ere normalizazio lanetan «egituratzen» hasi behar direla uste dute aholkularitzetako kideek. Ranero: «Lan mundua euskalduntzeko, egituratzen hasi behar dugu eragile guztiok». Zelaiak erantsi du eragileek konpromisoak hartzea eta haien «agendetan» euskara sartzea izango dela inportantea. Larreak zehaztu du adierazpen bat aurkeztuko dutela bihar, eta eragile bakoitzak zer erantzukizun hartu behar lituzkeen proposatuko dutela. Alañak eta Otaegik nabarmendu dute eragileek elkarren berri izateak ere balio handia duela euren lanerako. Atzerrian zer egiten ari diren ezagutzearen balioa ere seinalatu du Alañak —bihar Arrasaten izango da Joan Ramon Sole Durany, Kataluniako Generalitateko ordezkaria—. Eztabaida kalera ateratzeko eta «oihartzun bat» emateko ere balioko duela uste du Otaegik: «Eskainiko digu aukera polit bat gure kezkak jendartzeratzeko».

Gutxienekoak, eta legeak

Elkar ezagutzetik harago, gutxieneko adostasun batzuk bilatzea ere funtsezkoa dela azaldu du Otaegik: «Lehia politikotik kanpo egongo den gutxieneko adostasun bat behar dugu. Batasunik ez dago, eta horrek ez digu mesede egiten». Badaki zail dela, baina ahalegindu behar dela uste du. «Gutxiengoak» izango diren oinarri batzuk bilatzen saiatu beharra Alañak ere nabarmendu du.

Baina aktibazioa ez dute aski ikusten, eta hurrengo hamarkadan egin behar diren urrats nagusietan bat datoz. Bi baldintza aipatzen dituzte aholkularitza enpresek: euskara lantegietan normalizatu nahi bada, legeetan urratsak egin behar dira, eta baliabideak jarri behar dira. Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua jarri dute adibide. Duela bost urte onartu zuen Eusko Legebiltzarrak; orain urtebete, dekretuak zehazturiko balizko isunak baliogabetu zituzten. «Garrantzitsua zen dekretu hura», Alañaren arabera. Enpresa handiei soilik eragiten zien, langile guztien %7ri; baina fakturazio osoaren erdia inguru hartzen zuten enpresa haiek. «Isunak kenduta, irudikatu zen ez zela ezer pasatzen ez bazen betetzen». Otaegik ere adierazi du legegintzan eta araugintzan urratsak egin behar direla: «Garrantzitsua iruditzen zait. Zailtasunak ditu, eztabaidak eragiten ditu, baina herrialde guztietan jartzen dituzte arauak hizkuntzarentzat». Bestalde, administrazioek ere modu «eredugarrian» jokatu behar dutela erantsi du Otaegik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herrialde horretako udal batzuek hartutako erabakia ekarri du gogora Zelaiak: «Betekizunak jartzeak eramaten ditu enpresak horiek betetzera». Nabarmendu du enpresek badituztela betebehar batzuk beste esparru batzuetan ere, ingurumenean edo parekidetasunean esate baterako. Alañak argi du enpresa batzuek ez dutela «ezer» egingo lege aldetik «betekizunak» jartzen ez badizkiete. Malgu jokatuz bada ere, betebeharrak jarri behar zaizkiela seguru dago: «30 urte pasatu dira euskararen legea onartu zenetik. Herritarrek eskubideak dituzte, eta hori konpondu egin behar da». Behatokiak eta Elebidek urtero jasotzen dituzten kexak ere gogora ekarri ditu, jarraipen estuagoa eskatzeko: «Ez ditzagun urtero kexa berak errepikatu».

Gai horiez hitz egiteko balioko du gaurko konferentziak. Baina makinak lanean jarraituko du gerora ere. Ranerok «abiapuntua» ikusten du biharko topaketan. «Datozen urteotan elkarlan honetatik emaitza politak lortuko ditugula uste dut». Zelaiak ere argi du: «Hau ez da bukaera, hasiera da». Grafikoago hitz egin du Larreak: «Lehenengo txinparta izango da». Zein gehiago, zein ñabardurekin, itxaropentsu dira konferentziarekin, jakinik «maratoi» bat dela euskararen normalizazioa, Zelaiak ohartarazi duenez. Argazkia nabarmendu du, hala ere. «Pentsa: jarri ditugu leku berean hizketan enpresak, sindikatuak eta kontsumitzaileak, eta zeri buruz, eta euskarari buruz. Adostasunik ez egonda ere, gai berari buruz hizketan jarri ditugu, eta hori lorpen itzela da».

2013/05/23

Errenta Aitorpena Euskaraz!

Egizu Errenta Aitorpena Euskaraz!

Barriro euskara taldetik abian den 2012ko Errenta Aitorpena euskaraz egitera animatzen zaituztegu.
Egizu Errenta Aitorpena euskaraz!