Euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/01/20

Euskaltzaindia

Egun on, danoi:

Gaur Euskaltzaindiaren egitekoaz, eta beste gauza batzuetaz Ibon Sarasolari egindako elkarrizketa bat dakarkizuet hona; niri interesatu zati, ea zuei ere interesatzen zaizuen, izan ere, askotan hitz egin / eztabaidatzen baita akademien zereginaren gainean.

Asteburu ona izan.

IDAZLEA, HIZKUNTZALARIA ETA EUSKALTZAINA

Ibon Sarasola: “Euskararen batasunarena ez da problema filologikoa, soziala baizik”

‘Bitakora kaiera’ saiakeran (Erein), euskara batua sortzeko giltzarriak gogoratu ditu eta hizkuntza estandarra sortzeko prozesua amaitutzat jo du Sarasolak. Eredu egokia euskal idazle eta itzultzaileak direla uste du eta lehentasuna erabilerak duela
Dabi Piedra - 2017(e)ko urtarrilaren 16a, astelehena - 12:23etan eguneratua

Euskara batuaren ajeak liburua argitaratu zuenetik hona, ikuspegia aldatu du Ibon Sarasolak euskararen bilakaerari dagokionez. Bitakora kaiera, hortaz, bere buruarekin “kontuak garbitzeko” modu bat da. Euskara batua beste fase batean sartu dela ohartarazi eta joko-zelai berrira egokitzeko deia egin du. Era berean, euskara ulergarriaren alde egin du eta, horretarako, garbizalekeria baztertu behar dela dio, batez ere sintaxian. Euskalkiak “euskara batuaren kolore” bihurtu behar direla uste du.

Zeure buruarekin kontuak garbitzeko idatzi duzu ‘Bitakora kaiera’, liburuan bertan aipatu duzunez. Zer zentzutan diozu hori?

Esan dezagun, orain dela hamar urte inguru, euskararen batasuna eta garabidea modu batean ikusten nituela eta gero konturatu nin-tzen irizpideak eta ikusmoldeak aldatu behar nituela. Ni bide batetik nindoan eta bazirudien euskal literatura beste batetik zihoala.

Zure ikuspegia egokitu egin duzu, beraz. Hala ere, iritzi aldaketa hutsa izan da, ala euskararen beraren egoera aldatu izanaren ondorioa?

Nik uste dut euskarak bere garapenaren bidea aldatu duela, orain hizkuntza normal bat bihurtu da, normal hitzaren zentzurik zabalenean behintzat. Orduan, horretara egokitu behar gara. Euskaltzaindiak garai batean batasunaren prozesuan izan zuen indarra ez du orain, eta egin behar dena da euskal autore eta itzultzaile onek egiten dutena ikusi eta horri segitu.

Euskara batuaren sortze prozesua amaitutzat jotzen duzu liburuan.

Noski. Hizkuntza aldatuko da baina gaztelania aldatuko den bezala, edo ingelesa. Jada ez da batasun kontu bat, hori eginda dago. Orain hizkuntza aldatzen joango da, baina hizkun-tza batu estandar bat izango da aldatzen joango dena eta ez, orain arte bezala, hizkuntzaren beraren sistema linguistikoa. Hori ez dago kolokan orain.

Euskara batua sortzeko prozesuan parte hartu zenuen. Nola lortu zen eredu hura gizartean zabaltzea?

Nik esango nuke aurreko porrotetatik ikasi genuela, nolabait. Hor funtsezkoa izan zen halako diziplina bat. Mitxelenari, bidea marka-tzen zuenari, jarraitu genion. Gauza guztiak zalantzan jartzen aritu beharrean, hark esaten zuenari segitu genion. Hor, nire ustez, oso inportantea izan zen hatxearen kontua. Ez letragatik beragatik, baizik eta euskal gizartea polarizatu egin zuelako, hatxearen aldekoen eta kontrakoen artean. Horrek gizarteratu egin zuen euskara batuaren problema. Aurreko saioei hori falta izan zitzaien, gizarteratzea. Adibidez, Azkuek proposatu zuen gipuzkera osotua delakoa, batasun proiektu bat zen. Jende guztiak txalotu zuen baina inork ez zuen segitu. Ez zenez problema bat, ez zen gizarteratu. Gure aldian, hatxearen kontura, euskal gizarte osoak zekien zertan ari ginen, zergatik... batzuk alde jarri ziren, besteak kontra. Liburuan esaten dudan bezala, hatxerik gabe ez zen euskararen batasunik egingo. Azken finean, euskararen batasunarena ez da problema linguistikoa edo filologikoa, problema soziala da, gizartea tartean sartu behar duzulako. Eta hori, jendeak uste duenaren kontra, oso zaila da. Jendeari esan behar diozu, “hara, orain bat-batean holaxe idatzi behar duzu”, eta kasu egin behar dizute.

Euskara batuaren eredutzat idazle eta itzultzaile onak jarri dituzu. Euskaltzaindiak zer zeregin izan behar luke?

Dagoeneko, de facto, beste akademia bat da, ez da lehengoa. Akademien zeregin nagusia hizkuntzak batzea izan da beti, baina ez bakarrik hemen. Jendeak jakin behar luke ingelesak ez duela akademiarik. Hizkuntza batek estandarra ezartzen duenean zer? Ba, bueno... ez dakit bere lana nolakoa izan daitekeen ere, egia esan. Frantziakoak, esaterako, ia ez du ezer egiten gaur egun. Batez ere, egiten duena da beraiek hizkuntza erregional deitzen duten horien kontra jardun. Norbaitek eska-tzen duenean Frantzian euskara ofiziala izatea, Akademia segituan ateratzen da ezetz esaten. Hortik kanpo, ezer gutxi. Espainian ere, zer egiten du Akademiak? Gehienez ere, kalean jada normalizatuta dagoena jaso, eta ondoren onartu. Akademiak esan dezake ez dakit zein hitz gaizki dagoela, baina azkenean onartu behar izaten du.

Hala ere, ‘Bitakora kaiera’ liburuan zeuk ere gomendio batzuk egiten dituzu, hitz ordenaz, erlatiboaren erabileraz...

Baina ez da hizkuntza estandarra nolakoa izan behar den proposatzea. Hizkuntza batek, batez ere, balio behar du hiztunek elkar ulertu dezaten eta nik hortik heldu diet gauzei. Niretzat zer da gramatika momentu honetan? Jendeak lehenengo irakurraldian testu bat ulertzea. Eta orain hori ez da askotan gertatzen, ditugun gramatikak begiratzen badituzu, ikusten da ez dutela funtzionatzen. Liburu honetan esaldi batzuk hartzen ditut eta hobetzeko bideak ematen ditut. Baina liburuaren parte hori ez da arau-emailea, asmoa da ikusaraztea zabaldu diren arau batzuk segituz gero ez goazela ondo.

Adibideak emateko orduan, euskal idazle klasikoak ekarri dituzu liburura.

Bai, baina nik ez dut esaten irakurle guztiek klasikoak irakurtzen hasi behar dutenik, hori bigarren pausu bat litzateke, izatekotan. Idazten hasi nahi duenak askoz hobe du gaur egungo idazle onak irakurtzea. Baina gaur egungo idazle horiek onak dira, klasikoak probetxuz irakurri dituztelako. Klasikoekin kontuz, klasikoak hartzen badira esateko “begira ze ondo osatzen duen esaldia, ze ondo geratzen zaion”, eta horretan oinarritu, ba hori ongi dago. Baina norbaitek hartzen baditu klasikoak hemengo bitxikeria hau edo esamolde xelebre hura bereganatzeko, jai du. Ez du asmatuko egin behar lukeenaren bidean.

Azkenaldian txokokeriarako joera bat zabaldu da, euskara estandarrago baten ordez herrietako hizkerak edonon eta edonola erabiltzekoa. Zuk nola bizi duzu hori?

Niretzat hori folklorea da, guk euskara batua sortu genuenean folklorea konbatitu genuen. Horrek ez du inongo interesik, bitxikeriak direlako, eta badirudi jatorkeria horretan dagoela hizkuntzaren zera, baina azkenean folklorea da. Hori ez da inongo beste hizkuntzatan egiten eta, gauzak ondo egin nahi izatera, guk ere ez genuke halakorik egin behar.

Euskalkien inguruan esan dituzunek hautsak harrotu dituzte. Euskalkiak ez du lekurik euskara batuaren alboan edo haren osagarri?

Eztabaida hori sortu du liburua irakurri ez duen jendeak. Nik esaten dudana da, euskalkia onartu daitekeela euskaldun guztientzat ulergarria den neurrian. Argentinako eta Espainiako espainola oso diferenteak dira, baina nik argentinoa entzuten baldin badut ez dut problemarik hura ulertzeko. Adibidez, Bizkaiko zenbait aldaera, eman dezagun Ondarroakoa, nik sentitzen dut, baina ez ditut ulertzen. Hori batasunaren muinaren kontra doa. Euskalki horiek bihurtzen badira gaur egungo euskaldun normal batek ulertzen dituen zerbait, hor ez dago problemarik. Ulertzea da kontua, hizkuntzen funtsa jendeak elkar ulertzea da. Hori betetzen ez den neurrian, euskalkiek niretzat ez dute tokirik.

Baina, herri edo eskualde baten barruan, euskalkiak ezin du funtziorik bete?

Noski, hori ere esaten dut liburuan. Jardun pribatuan, hor konpon. Baina pulpitura edo tribunara igotzen zarenean, orduan kontuz. Hori gauza sinplea da, hizkuntza guztietan gerta-tzen da eta euskaran ere gertatzen zen. Adibidez, XX. mendearen hasieran: Lore Jokoetan, Oñatiko alkateak gipuzkeraz hitz egiten zuen, nahiz eta hizkeraz bizkaieraduna izan, jende gehiagorentzat ari zelako. Hori berezkoa da edozein hiztunengan, konturatzea norekin ari garen hitz egiten, eta hori galdu egin da ideologia xelebre batzuen kulpaz.

Erdarek ere eragin nabarmena dute euskaran. Iparraldean eta Hegoaldean erdara bana izanda, bi euskara batu sortzeko arriskurik ikusten duzu?

Hori bai dela problema latza. Baina ez du erremediorik. Zer egingo duzu, gauza horiek berez doaz eta. Zuk ezin duzu dekretu bat atera, “hitz hau Iparraldean eta Hegoaldean hala erabiliko da” esanaz. Ez du zentzurik. Orain gerta-tzen dena ere ez da hain txarra, Hegoaldeko erdarakadak Iparraldean sartzen dira eta, tristea izango da batzuentzat, baina beste erremediorik ez dago. Ni, behintzat, erremediorik ez duten gauzen alde ez naiz inoiz jarriko, nekagarria delako.

Corpusak lantzen aritu zara azkenaldian, batez ere EHUren Euskara Institutuan. Euskara estandarrerako hitz eta formak erabakitzeko orduan corpusek izan behar luketen garrantzia azpimarratu duzu liburuan.

Gaur egun, hizkuntza batean nolabaiteko eragina izan nahi baduzu, corpusak erabili behar dituzu. Euskara idatziaz ari naiz, jakina. Corpusek esaten digute nork, zer eta nola erabiltzen duen. Euskararen ildoak nondik nora doazen jakin gabe, nekez egin daiteke lan onik. Hizkuntza nora doan ikusi eta horri bultza egin behar zaio, bestela ere nahikoa lan izango dugu hau aurrera ateratzen.

Liburuan kexa agertzen duzu, Euskaltzaindiak zuen lana aintzat hartzen duelako, baina zuek aipatu gabe. Euskaltzaina zara zu, baina aspalditik dituzu gorabeherak Akademiarekin. Tirabira horiek konpontzeko modurik ez duzue aurkitu?

Hara, nik alde batetik eta haiek bestetik, ez dugu hau konpontzeko gogo askorik eta ondo iruditzen zait, ez da ezer pasatzen. Bakoitzak bere bidea segi dezala eta kito. Niretzat, laugarren edo bosgarren mailako problema da hori momentu honetan.

2016/11/22

Euskara ikastea doakoa B2 mailara arte?

Egun on, danoi:

Euskal Autonomia Erkidegoan datorren legealdirako akordio batera heldu dira PSEk eta EAJ-k. Akordio horretan gauza interesgarri bat dago euskarari dagokionez; antza, hemendik aurrera eta, beti ere, probak gaindituta, B2 maila lortzeko inbertitutako dirua itzuliko dute. Hemen duzue Berria egunkarian agertutakoa:


Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte


70 orrialde ditu EAJren eta PSE-EEren zuzendaritzek arratsaldean berretsi duten akordioak. Euskara ikasteari dagokionez, hizkuntza eskakizunak "gaurkotzea" adostu dute. Bake eta bizikidetzaren alorrean, "normalizazioa egonkortzeko" helburua jarri dute. Autogobernu lantaldea eratzen denetik zortzi hilabeterako idatzi nahi dute estatutu berriaren proposamena. Bihar 12:30ean sinatu eta aurkeztuko dute akordioa Iñigo Urkulluk, Andoni Ortuzarrek eta Idoia Mendiak.

2016-11-21 / Garikoitz Goikoetxea

Lau zati nagusi ditu akordioak: ekonomia eta enplegua; zerbitzu publikoak; autogobernua; eta bakea eta elkarbizitza. Hona hemen akordioaren zati batzuk:
EUSKARA
Hizkuntza politikari buruzko hiru atal ditu jeltzaleek eta sozialistek adostutako hitzarmenak. Printzipio gisa, hau jaso dute: "Euskara Euskadiko berezko hizkuntza da; ez da bakarra, baina guk soilik daukagu. Euskara Euskadikoa den beste hizkuntza batekin bizi da: gaztelaniarekin. Hizkuntzak ez dira baztertzaileak, baizik eta aniztasunaren, pluraltasunaren eta integrazioaren froga. Partekatzen dugu bizikidetza hori hobetu egin behar dela, berdinduagoa, integratzaileagoa eta harmoniatsuagoa izan dadin, kohesio sozial handiagoaren bidean".
Hauek dira hiru puntuak:
1. Euskaltegiak. Euskaraz dakitenen kopurua handitzea eta gaitasuna hobetzea jarri dituzte helburu. Proposamen zehatz bat dago: B2 mailara arte, doakoa izatea euskara ikastea (EGA aurreko maila da B2), baldintza batekin: "Doakotasun hori lotua egongo da beti maila akademikoak gainditzeari". Hots, azterketak pasatzen dituztenei itzuli egingo liekete jarritako dirua, orain hasierako mailetan egiten duten eran.
2. Zabaltzea. Euskarazko edukiak handitzea Interneten eta gailu digitaletan. "Lankidetza" ezinbesteko jo dute horretarako.
3. Elkarlana. Nafarroako Gobernuarekin eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlan handiagoa izan nahi dute. Horrekin batera, Espainia eleaniztuna dokumentua sinatu zuten erkidegoekin ere harremanetan jarriko dira, "hizkuntza bizikidetzari buruz ahalik eta kontsentsu handiena lortzeko".
Hizkuntza politikari buruz hauteskunde kanpainan polemika sortu zuten hizkuntza eskakizunek, PSE-EEk bideo gogor bat egin baitzuen oraingo egoera salatzeko. Aipamen labur bat egin diote gai horri akordioan: hizkuntza eskakizunak "gaurkotzea" adostu dute.
HEZKUNTZA
Hezkuntzako lege berria egitea adostu dute bi alderdiek: "kontsentsuzkoa eta integratzailea" izatea nahi dute. Hizkuntzei dagokienez, ez dute ezer zehaztu ereduei buruz: jaso dute eskoletan proiektu eleaniztunak egin behar direla, "leku bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan izanda".
Hezkuntzaren gaiak pisu nabarmena du jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioan. Hona hemen gai nagusiak:
1. Legea. Kanpainan bi alderdiek jaso zutenez —eta gainerakoek ere bai—, hezkuntzako lege berria egin nahi dute. Hezkuntzaren "egonkortasuna eta kalitatea egituratzea eta indartzea" dituzte helburu. Hezkuntza ituna egin nahi dute, gai hauetan oinarrituta: "Eskola publikoaren rol funtsezkoa eta haren izaera laikoa aitortzea, hezkuntza sistema osoa finantzatzeko oinarriak ezartzea, eta garapen teknologikorako aldaketa material eta pedagogikoak prestatzea".
2. Hizkuntzak. Ingelesa sustatu nahi dute, arlo horretan "hobekuntza eta aurrerapen esanguratsuak" lortzeko. Ez dute hizkuntza ereduen gaia aipatu. Hau diote: "Pixkanaka eboluzionatzea hiru eleko hezkuntza sistemara, euskara izanik ardatz nagusia". PSE-EEk hiru eleko ereduarentzat erabilitako formularen gisakoa da hori. Eskola bakoitzak hizkuntza proiektua egitea da asmoa, "leku bakoitzeko errealitate soziolinguistkoa kontuan izanda". Helburu zehatz bat: Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera ikasgai bat behintzat ingelesez ematea.
3. Arlo soziala. Beketara urtean 55 milioi bideratzea, eta haur eskoletako matrikula familiako errentaren araberakoa izatea.
4. Emaitzak. Irakurmeneko gaitasuna handitzea, eta matematikako eta zientzietako konpetentziak hobetzea. PISA txosteneko datuak hobetu nahi dituzte horrela. Eskola porrota %8 baino txikiagoa izatea jaso dute itunean.
5. Irakasleak. Urtero lan eskaintza publikoak egitea erabaki dute, eta irakasleen "gaitasunen mapa" definitzea. "Sentsibilizazio kanpainak" ere egingo dituzte, irakasleen irudia hobetzeko.
6. Migratzaileen seme-alabak. Neurri zehatzik ez dago: "Aurrera egitea ikasle etorkinak modu orekatuan integratzeko sare publikoan eta pribatuan".
7. Lanbide Heziketa. Lege bat egin nahi dute Lanbide Heziketa "behar berrietara egokitzeko". Eskaintza "malguagoa" egin nahi dute, eta, besteak beste, ikastaroak on line ematea proposatu dute.
8. Unibertsitatea. Goi mailako heziketan BPGaren %1,5 jarri nahi dute, "finantzaketa iturri publikoetatik eta pribatuetatik" jasota. Ikerketari dagokionez, urtero %5 handitu nahi dute horretara bideratutako diru kopurua. Unibertsitateak "nazioartekotzeko" asmoz, nazioarteko bikaintasun campusak bultzatuko dituzte.

2015/12/02

Euskararen eguna

Egun on, guztioi:

Bihar izango da Euskararen Nazioarteko Eguna. Ospatzeko baino, uste dut hausnartzeko eguna izan behar dela, beste "ospakizun" batzuekin gertatzen den moduan (Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, kasu).

Egun horren harira, kartel batzuk daude jarrita atalean "Euskarak, aurten, 366 izango ditu, hau suertea!" leloarekin. Kondena bat baino, suertea da egun bat gehiago izatea hainbat gauzatarako, eta horien barruan euskaraz hitz egin, idatzi, entzun, gozatzeko suertea daukagu.

Bukatzeko, bakarrik esan nahi dut, ez dadila biharko eguna Gabon zaharreko asmo onak bezalakoa; hobe da Gabon zaharrean erretzea, eta urte osoan zehar ez erretzea, ezta?

2015/11/12

Hizkuntzen eskubideak II

Onena litzateke horren gainean komentariorik ez egitea, baina behartzen gaituzte hainbat lekutatik aldarrikapen hori egitera. Kasu honetan Zinebin gertatutako dakarkizuet; ematen du euskara adornatzeko dagoela, ez baitute baliabide eraginkorrik jarri euskaraz galdetu nahi duten kazetarien eta, kasu honetan, atzerriko zuzendariaren eskuetan. Ez dadila gure mundu txiki honetan (mendekotasun atalean)  horrelakorik gertatu.

Hona hemen iritzi artikulua.

2015/06/09

Literatura Topaketak: Ana Urkiza

Data: Ekainaren 18an
Ordutegia: 19:00etan
Tokia: Foru Liburutegian, 5. solairuan, Hitzaldi Aretoan
Idazlea: Ana Urkiza.
Hizkuntza: Euskara


Doako sarrera, edukiera osatu arte (Foru Liburutegian sartu ahal izateko, sarreran NANa, pasaportea edota Liburutegiko txartela aurkeztu behar da).



2015/06/03

2015eko maiatzeko Batzordeak

Oraintsu bukatu den hilabetean orain arteko emaitzarik onenak lortu ditugu batzordeetan txosten biopsikosozialak euskaraz aurkezteko helburua jarri genuenetik.

Maiatzaren 7ko batzordean lehen aldiz aurkeztu ziren txosten guztiak euskaraz, 8 txosten. Hurrengo asteko batzordean ere, maiatzeran 14an, txosten guztiak euskaraz idatzita aurkeztu ziren, oraingoan 4. Maiatzaren 21eko batzordean 7 txosten aurkeztu ziren, 4 gaztelaniaz eta 3 euskaraz. Eta joan den astean, maiatzaren 28ko batzordean, 8 txosten aurkeztu ziren, 5 euskaraz eta 3 gaztelaniaz.

Guztira maiatzean 27 txosten biopsikosozial aurkeztu dira mendetasuna ebaluatzeko batzorde teknikoan, eta horietatik 20 euskaraz idatzita aurkeztu dira, 7 gaztelaniaz. Ehunekoetara pasatuta, %75 euskaraz eta %25 gaztelaniaz.

Segi horrela!

2015/05/26

ANIMATU ETA IRAKURRI EUSKARAZ!!!

Jende desegokia

Jende desegokia
Bilbon dago kokatua Gaizka Zabarteren bigarren nobela. Desegokituen Elkartea izeneko erakunde batek Peter Zuazo protagonista gonbidatuko du, Bilbon egingo diren jardunaldi batzuetan hitzaldi bat eman dezan.
Halako izen berezia duen elkarteak jakin-mina sortuko dio, nola ez, Peter Zuazori eta honek bere buruari galdetuko dio gonbitari baiezkoa ala ezekoa eman behar ote dion.
Gai guztien artean, batez ere, mendekua, amodioa eta desamodioa aurkituko ditugu lan honetan.
Egilea: Gaizka Zabarte
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2015
Euskadi Irratian Gaizka Zabarteri egindako elkarrizketa, hemen duzu entzungai.

__________________________________________________________________________

Gizon gogorraren sekretua

Gizon gogorraren sekretua

Erre izeneko gizon baten suspenseko istorioa da hau. Inauteriak hastearekin batera, bizi den biltegiaren ondoko lantegian hilotz bat aurkitu dute, urkatuta, kolpatuta eta zaurituta, biluzik eta belarria eta zakila moztuta. Patuak nahi izan du belarria Erre-ren eskuetara iristea.

Bezperako mozkorraldiaren ondorengo ajeak arrazoia lainotu diote Erreri eta hilketarekin zerikusirik izan dezakeela bururatu zaionetik, ez du bakerik. Horregatik, bezperako ibilerak argitu nahian, bart etxeratu bitarteko azkeneko orduak eman zituen putetxera itzultzea erabakiko du. 
Horrenbestez, susmatu ere egin gabe, heriotzaren errudunen peskizan nahastuko da hondo-hondoraino. 
Thriller-aren estiloari jarraituz, emozioa piztea, tentsioa mantentzea eta suspenseari eustea lortzen duen inauteri- giroko eleberri ganberroa idatzi dute Etxeberria anaiek. Donostia inguruko industrialde batean dago kokatuta istorioa, krisiaren ondorio beltzez zipriztindutako agertokietan: taberna ilun bat, putetxe bat, hondoak jotako enpresa bat, biltegi zahar bat…
Egileak: Xabier eta Martin Etxeberria
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2015

Euskadi Irratiko Arratsean saioan egindako elkarrizketa, berriz, hemen duzu entzungai.


 _____________________________________________________________________________


Inspektore bat ate joka
Inspektore bat ate joka

Polizia-inspektore bat Birlingtarren familiaren etxean ustekabean agertu eta Sheilaren ezkontza-konpromisoa ospatzeko egiten ari diren afaria etengo du.
Mahaikideek neskatxa baten suizidioan izan dezaketen inplikazioa ikertzen ari da inspektorea.
Une horretatik aurrera, suspensez betetako istorio bat garatuko da, esanahi moral handiko gai bat plazaratzen duena: denok gara gizadiaren kide, eta, hortaz, denok gara gainerakoen patuaren erantzule.
Egilea. J.B. Priestley
Itzultzailea: Manu López Gaseni
Argitaletxea: Vicens Vives
Argitalpen-urtea: 2014
Liburuak hitzaurre luzea du, egilearen biografia eta garaiko datuak eskaintzen dituena, azalpen-oharrak ere badaude eta bukaeran, jarduerak proposatzen ditu, lan hau ikuspegi literario nahiz etikotik ulertzen laguntzeko.
Orrialdeak: 96

_________________________________________________________


Urrezko kakalardoa ; Morgue kaleko hilketak
Urrezko kakalardoa ; Morgue kaleko hilketak
Euskarazko ariketak osagarri dituen misteriozko bi ipuin eder.
Aurrenekoan, aberats izandako gizon behartsu bat, Legrand, altxor baten bila joango da mendira. Bidaide izango ditu Jupiter bere morroia, txakur bat eta ipuin honetako narratzailea. Narratzaileak kontatzen du nola ezagutu zuen Legrand, eta honek nola lortu zituen pergamino bat eta urrezko kakalardo bat, eta nola lortu zuen pergaminoaren eta kakalardoaren arteko erlazioa aurkitzea eta pergaminoko kriptograma deszifratzea. Legrandekin batera deszifratuko dute kriptograma irakurleek.
Bigarren ipuinean, ama-alabak hilko ditu norbaitek Parisko etxe batean, eta polizia ia ezer argitzeko ezgauza izango denez, detektibe pribatu baten esku geratuko da hilketak argitzea. Hiltzaileen zentzugabekeria eta detektibearen analisirako joera kontrajartzen dira ipuinean.
Egilea: Edgar Allan Poe
Itzultzailea: Koro Navarro
Argitaletxea: Vicens Vives
Argitalpen-urtea: 2014
Euskarazko ariketak osagarri dituen misteriozko bi ipuin eder. Aurrenekoan, aberats izandako gizon behartsu bat, Legrand, altxor baten bila joango da mendira. Bidaide izango ditu Jupiter bere morroia, txakur bat eta ipuin honetako narratzailea. Narratzaileak kontatzen du nola ezagutu zuen Legrand, eta honek nola lortu zituen pergamino bat eta urrezko kakalardo bat, eta nola lortu zuen pergaminoaren eta kakalardoaren arteko erlazioa aurkitzea eta pergaminoko kriptograma deszifratzea. Legrandekin batera deszifratuko dute kriptograma irakurleek.
Bigarren ipuinean, ama-alabak hilko ditu norbaitek Parisko etxe batean, eta polizia ia ezer argitzeko ezgauza izango denez, detektibe pribatu baten esku geratuko da hilketak argitzea. Hiltzaileen zentzugabekeria eta detektibearen analisirako joera kontrajartzen dira ipuinean.
Ipuinak bezain interesgarri, Poeren biografia duela liburu honek. Eta bere obra ere aztertzen da hitzaurrean, bi ipuinak barne. Adibidez, kontakizun batek ze ezaugarri izan behar dituen azaltzen da “Ipuinak eta ipuinaren arauak” izeneko atalean.
Hona pasarte bat:
Lekuko honek bere borondatez egin zuen adierazpena. Frantsesez egiten ez duelarik, interprete baten bidez egin zitzaizkion galderak. Amsterdamen jaioa da. Garrasiak aditzen ziren unean igaro zen etxearen aurretik. Zenbait minutuz luzatu omen ziren, hamar minutuz edo. Oihu luzeak eta ozenak omen ziren, beldurgarriak eta oso kezkagarriak.
(74. or)

•    Inoiz izan zara gertaera bitxiren baten lekuko? Zer gertatu zen? Non? Noiz? Zuk zer egin zenuen? Sei bat lerroko paragrafo batean laburtuko duzu gertatutakoa?
 
Orrialdeak: 134



Zaindari ikusezina
Zaindari ikusezina
Amaia Salazar inspektoreak bi eginkizun ditu eleberrian: Lehena, Baztan inguruan, eta batik bat, Elizondo inguruan gertatzen ari diren neska nerabeen hilketak argitzea. Bigarrena, berriz, bere amarekin, izan (eta dituen) arazo larriak konpontzea.
Amaia Salazarren amak fijazio gaiztoa du alabarekin. Eleberriak aurrera egin ahala haurtzaroko oroitzapenen bidez berreskuratuko da harreman gaizto horien nondik norakoak. Jakina, familia bera da lehen kaltetua. Honetaz ere luze jardungo du nobelak.
Baina hari eta gertaera nagusiak: Zergatik neskak, eta beti ere nerabeak? Galdera horien erantzuna ikerketak eta hiltzaileak berak emango du. Hiltzailearen koadro psikologikoak emango du izaera maniakoaren berri.

Eleberriaren hirugarren baliabide nagusia mitologia da. Basajaunak bizirik omen daude inguruko bizilagunen imajinarioan.

Egilea: Dolores Redondo
Itzultzailea: Josu Zabaleta
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2013

Liburuaren lehen atala irakurtzeko, egin klik hemen.

_____________________________________________________
Eskaintza ekaitzari
Eskaintza ekaitzari
Eskaintza ekaitzari Baztango trilogiaren hirugarren liburua da, eta aurreko bietan bezala, maisuki azalduak ageri dira trama nagusian familia harremanak, bikote harremanak, gurasotasuna… eta horrek guztiak kontakizuna are interesgarriago bihurtzen du. Erritmo bizkor eta ezin utzizkoan irakurtzeko moduko eleberria da.
Hilabete joan da Foruzaingoko Amaia Salazar inspektoreak bere semea heriotzatik salbatu eta Berasategi doktorea atxilotu zuenetik. Amaiak oraindik arriskuan ikusten du bere burua, ordea.
Elizondoko neskatila baten bat-bateko heriotzak susmoak piztuko ditu: haurrak gorriune bat du aurpegian, eta aita haurraren gorpua eramaten saiatu da. Neskatilaren birramonak uste du heriotzaren erantzulea Inguma dela, hots, lo dauden pertsonak geldiarazi ondoren haien hatsa edan eta bizia kentzen dien demonioa. Auzitegiko medikuaren txostenetatik abiatuta, beste haur txiki batzuen heriotzak ikertzen hasiko da Amaia Salazar, eta, horrela, aztarna harrigarriak aurkituko ditu Baztan osoan barna.
Eta, bitartean, oihanetik, sekulako ekaitza heldu da egiarik latzena lurperatzeko.
Egilea: Dolores Redondo
Itzultzaileak: Rey Escalera, Fernando; Vilches Plaza, Mikel
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2014

Orrialdeak: 616

_____________________________________________________________________________
Hezurren ondarea
Hezurren ondarea
Baztango trilogia izenaz ezagutzen diren hiru liburuetatik bigarrena dugu hau. Hemen ere Amaia Salazar inspektorea da protagonista nagusia, Foruzaingoaren erailketen arloko burua.
Lehenengo liburuan (Zaindari ikusezina) ikusi genuen bezala, Baztan ibar osoa izuz eta kezkaz bete zituzten Basajaunen hilketak argitu zituen Amaiak. Basajaunen modus operandia imitatuz, Jason Medinak bere andrearen alaba nerabea, Johana, hil, bortxatu eta mutilatu egin zuen. Amaiak bere egitekoa bete zuen hiltzaile bihozgabe hura akusatzen zuten frogak biltzen, eta prest dago epaiketan erakusteko.
Bigarren liburu honetan, Johana Marquezen aitaordearen kontrako epaiketa hastear dago. Salan zain dauden pertsonen artean dago, haurdun, Amaia Salazar inspektorea.
Halako batean, ordea, epaileak adierazi du epaiketa bertan behera gelditzen dela: akusatuak bere buruaz beste egin du epaitegietako komunetan.

Egilea: Dolores Redondo
Argitaletxea: Erein
Itzultzaileak: Rey Escalera, Fernando; Vilches Plaza, Mikel
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2013
Lehen atala irakurgai helbide honetan.

Orrialdeak: 624

2015/05/18

Tribuaren Berbak


Euskaldunok zergatik ez dugu beste euskaldunekin euskaraz egiten?



Motibazioek helburu jakin bat lortzeko bidean jartzen gaituzte. Helburu jakin hori euskara egitea denean zer gertatzen den aztertu du, aste honetan, ‘Tribuaren Berbak’ saioak.
Lehenik, eta behin euskara egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: norberak euskaraz jakitea, mintzakideak euskaraz badakiela jakitea, eta garrantzitsuena, euskaraz egin nahi izatea. Ordea, asko gara euskaraz hitz egiten dakigunak, baina dakigun guztiok ez dugu beti eta dakiten guztiekin erabiltzen. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste nahi izatetik hitz egitera jauzi egitea? Zergatik egiten dugu erdaraz euskaraz egin dezakegunean? 


Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea
Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzaileak, jendeak kalean euskaraz ez egiteko arrazoiak sailkatzen lagunduko dio Kike Amonarrizi. Bi  multzo nagusi bereizi ditu: Alde batetik, norberarekin lotutako arrazoiak egongo lirateke ( euskaraz ideiak adierazteko zailtasuna, gaztelaniaz aritzeko erosotasuna, gai batzuetaz hitz egiteko euskarak suposatzen duen esfortzua, borondate falta, euskara ama hizkuntza ez izatea, pertsona jakin batzuekin hizkuntza jakin bat erabiltzeko ohitura…) ; eta bestetik, arrazoi sozialak, hau da, inguruarekin edo gizartearekin lotutakoak.  Sailkapen honen arabera, euskara ez erabiltzeko ematen diren arrazoi gehienak lehen multzoan egongo lirateke, eta beraz, euskara erabiltzea norberaren esku asko dagoela esan du Juango Allurrek.

Fermin Etxegoien kazetaria
Fermin Etxegoien kazetaria

Hau dela eta, arrazoi guzti hauei konponbideak bilatzea izango litzateke erronka nagusiena. Eta horretarako, euskara hiztunen artean erakargarri egiteko metodoak bultzatu behar dira. Ilusioa ezinbesteko elementua da, Fermin Etxegoien kazetariaren arabera. Baina, batez ere, euskara erakargarria izateko estetikoki funtzionala izan behar duela uste du. Euskara erraztea eta sinplifikatzea proposatzen du, jendeak euskara ondo barneratu eta erabili dezan.

Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua
Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua

Bestalde, euskara bultzatzeko hainbat kanpaina egin dira. Estitxu Garai, komunikazio eta marketing adituaren arabera, euskara sustatzeko kanpaina hauek beharrezkoak dira baina eraginkorrak  izateko, lehenik eta behin, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazioak zeintzuk diren ikertu behar dira. Behin motibazioak identifikatuta, euskara sustatzeko kanpainak diseinatu behar dira.

Aurkene Redondo, coach-a
Aurkene Redondo, coach-a

Aurrekoari lotuta, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazio metodoak ere oso garrantzitsuak dira. Aurkene Redondo coachak jendea nola motibatu azaldu digu. Horretarako, ‘galdera boteretsuen metodologia’ erabiltzen du: Nahi duguna ondo definitzea eta identifikatzea, nahi dugun hori gure esku dagoen edo ez definitzea, helburua lortzeko pausuak zehaztea, baliabideak bilatzea, epe bat finkatzea, zer edo zer alboratu behar dugun jakitea eta, azkenik, nahi dugun helburua gure buruan irudikatzea energia horretan jartzeko.

Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria
Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria

Azkenik, orain arte ikusi ditugun ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal ezberdinetan beraien burua motibatu eta euskaraz gozatzeko helburua lortu duen euskaldun berri asko ezagutu ditugu.
Beraz, aste honetako saioak erakutsi digu euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin dezakeela.

2015/04/21

Literatura topaketak: Danele Sarriugarte

Data: Apirilaren 23a
Ordutegia: 19:00
Tokia: Foru Liburutegia, 5. solairua, Hitzaldi Aretoa
Idazlea: Danele Sarriugarte
Hizkuntza: Euskara

Doako sarrera, edukiera osatu arte (Foru Liburutegian sartu ahal izateko, sarreran NANa, pasaportea edota Liburutegiko txartela aurkeztu behar da).

2015/03/18

19. Korrika: EUSKAHALDUNDIA!

Hamaika egunez, Euskal Herriko bazter guztiak zeharkatuko ditu Korrikak martxoaren 19tik 29ra. Euskararen aldeko lasterketak Urepelen emango ditu lehendabiziko urratsak eta martxoaren 29an iritsiko da helmugara.

Oraingoan, Bilbon jasoko du merezitako gorazarrea. Arangoiti auzotik sartu, eta bost orduko bidea eginda, Arriagan bukatuko da, 12:30ean.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere euskararen erabilera sustatzen du, eta horren adierazgarririk nabarmenenak dira EraMiak bultzatzeko egitasmoa, langileen esfortzua euskara lan eta zerbitzu hizkuntza moduan erabiltzeko, eta Korrika izan den bakoitzean Aldundiko langileok kilometroa erostea.


Gizarte Ekintza Sailean, GUFEn eta Nekazaritza Sailean grabatutako bideoa da langileek egiten duten ahaleginaren seinale (Atarilekun dago). Euskara Zuzendaritzak aitortu egin nahi die euskara lanean erabiltzeko eta zerbitzua euskaraz emateko egiten duten ahalegina.

2015/02/20

KORRIKA 19

Dakizuen moduan, aurten, bi urterik behin gertatzen den bezala, Korrika etorriko da berriro gurera.

Aurtengo leloa, Euskahaldun! da; guretzat oso aproposa  Euskahaldundia! martxan jartzeko.

Hori dela eta, aurtengo asmoen berri emateko, parte hartu nahi duzuen guztioi aurkezpen-bilerara dei egiten dizuet, Korrikarako prestatuko ditugun ekintzak azaltzeko eta iritziak trukatzeko.

Eguna: otsailaren 23an, datorren asteko astelehenean

Ordua: goizeko 08:30ean


Lekua: U3 Erabilera Anitzeko Gela 1