euskaraz bizi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
euskaraz bizi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/06/09

Literatura Topaketak: Ana Urkiza

Data: Ekainaren 18an
Ordutegia: 19:00etan
Tokia: Foru Liburutegian, 5. solairuan, Hitzaldi Aretoan
Idazlea: Ana Urkiza.
Hizkuntza: Euskara


Doako sarrera, edukiera osatu arte (Foru Liburutegian sartu ahal izateko, sarreran NANa, pasaportea edota Liburutegiko txartela aurkeztu behar da).



2015/05/26

ANIMATU ETA IRAKURRI EUSKARAZ!!!

Jende desegokia

Jende desegokia
Bilbon dago kokatua Gaizka Zabarteren bigarren nobela. Desegokituen Elkartea izeneko erakunde batek Peter Zuazo protagonista gonbidatuko du, Bilbon egingo diren jardunaldi batzuetan hitzaldi bat eman dezan.
Halako izen berezia duen elkarteak jakin-mina sortuko dio, nola ez, Peter Zuazori eta honek bere buruari galdetuko dio gonbitari baiezkoa ala ezekoa eman behar ote dion.
Gai guztien artean, batez ere, mendekua, amodioa eta desamodioa aurkituko ditugu lan honetan.
Egilea: Gaizka Zabarte
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2015
Euskadi Irratian Gaizka Zabarteri egindako elkarrizketa, hemen duzu entzungai.

__________________________________________________________________________

Gizon gogorraren sekretua

Gizon gogorraren sekretua

Erre izeneko gizon baten suspenseko istorioa da hau. Inauteriak hastearekin batera, bizi den biltegiaren ondoko lantegian hilotz bat aurkitu dute, urkatuta, kolpatuta eta zaurituta, biluzik eta belarria eta zakila moztuta. Patuak nahi izan du belarria Erre-ren eskuetara iristea.

Bezperako mozkorraldiaren ondorengo ajeak arrazoia lainotu diote Erreri eta hilketarekin zerikusirik izan dezakeela bururatu zaionetik, ez du bakerik. Horregatik, bezperako ibilerak argitu nahian, bart etxeratu bitarteko azkeneko orduak eman zituen putetxera itzultzea erabakiko du. 
Horrenbestez, susmatu ere egin gabe, heriotzaren errudunen peskizan nahastuko da hondo-hondoraino. 
Thriller-aren estiloari jarraituz, emozioa piztea, tentsioa mantentzea eta suspenseari eustea lortzen duen inauteri- giroko eleberri ganberroa idatzi dute Etxeberria anaiek. Donostia inguruko industrialde batean dago kokatuta istorioa, krisiaren ondorio beltzez zipriztindutako agertokietan: taberna ilun bat, putetxe bat, hondoak jotako enpresa bat, biltegi zahar bat…
Egileak: Xabier eta Martin Etxeberria
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2015

Euskadi Irratiko Arratsean saioan egindako elkarrizketa, berriz, hemen duzu entzungai.


 _____________________________________________________________________________


Inspektore bat ate joka
Inspektore bat ate joka

Polizia-inspektore bat Birlingtarren familiaren etxean ustekabean agertu eta Sheilaren ezkontza-konpromisoa ospatzeko egiten ari diren afaria etengo du.
Mahaikideek neskatxa baten suizidioan izan dezaketen inplikazioa ikertzen ari da inspektorea.
Une horretatik aurrera, suspensez betetako istorio bat garatuko da, esanahi moral handiko gai bat plazaratzen duena: denok gara gizadiaren kide, eta, hortaz, denok gara gainerakoen patuaren erantzule.
Egilea. J.B. Priestley
Itzultzailea: Manu López Gaseni
Argitaletxea: Vicens Vives
Argitalpen-urtea: 2014
Liburuak hitzaurre luzea du, egilearen biografia eta garaiko datuak eskaintzen dituena, azalpen-oharrak ere badaude eta bukaeran, jarduerak proposatzen ditu, lan hau ikuspegi literario nahiz etikotik ulertzen laguntzeko.
Orrialdeak: 96

_________________________________________________________


Urrezko kakalardoa ; Morgue kaleko hilketak
Urrezko kakalardoa ; Morgue kaleko hilketak
Euskarazko ariketak osagarri dituen misteriozko bi ipuin eder.
Aurrenekoan, aberats izandako gizon behartsu bat, Legrand, altxor baten bila joango da mendira. Bidaide izango ditu Jupiter bere morroia, txakur bat eta ipuin honetako narratzailea. Narratzaileak kontatzen du nola ezagutu zuen Legrand, eta honek nola lortu zituen pergamino bat eta urrezko kakalardo bat, eta nola lortu zuen pergaminoaren eta kakalardoaren arteko erlazioa aurkitzea eta pergaminoko kriptograma deszifratzea. Legrandekin batera deszifratuko dute kriptograma irakurleek.
Bigarren ipuinean, ama-alabak hilko ditu norbaitek Parisko etxe batean, eta polizia ia ezer argitzeko ezgauza izango denez, detektibe pribatu baten esku geratuko da hilketak argitzea. Hiltzaileen zentzugabekeria eta detektibearen analisirako joera kontrajartzen dira ipuinean.
Egilea: Edgar Allan Poe
Itzultzailea: Koro Navarro
Argitaletxea: Vicens Vives
Argitalpen-urtea: 2014
Euskarazko ariketak osagarri dituen misteriozko bi ipuin eder. Aurrenekoan, aberats izandako gizon behartsu bat, Legrand, altxor baten bila joango da mendira. Bidaide izango ditu Jupiter bere morroia, txakur bat eta ipuin honetako narratzailea. Narratzaileak kontatzen du nola ezagutu zuen Legrand, eta honek nola lortu zituen pergamino bat eta urrezko kakalardo bat, eta nola lortu zuen pergaminoaren eta kakalardoaren arteko erlazioa aurkitzea eta pergaminoko kriptograma deszifratzea. Legrandekin batera deszifratuko dute kriptograma irakurleek.
Bigarren ipuinean, ama-alabak hilko ditu norbaitek Parisko etxe batean, eta polizia ia ezer argitzeko ezgauza izango denez, detektibe pribatu baten esku geratuko da hilketak argitzea. Hiltzaileen zentzugabekeria eta detektibearen analisirako joera kontrajartzen dira ipuinean.
Ipuinak bezain interesgarri, Poeren biografia duela liburu honek. Eta bere obra ere aztertzen da hitzaurrean, bi ipuinak barne. Adibidez, kontakizun batek ze ezaugarri izan behar dituen azaltzen da “Ipuinak eta ipuinaren arauak” izeneko atalean.
Hona pasarte bat:
Lekuko honek bere borondatez egin zuen adierazpena. Frantsesez egiten ez duelarik, interprete baten bidez egin zitzaizkion galderak. Amsterdamen jaioa da. Garrasiak aditzen ziren unean igaro zen etxearen aurretik. Zenbait minutuz luzatu omen ziren, hamar minutuz edo. Oihu luzeak eta ozenak omen ziren, beldurgarriak eta oso kezkagarriak.
(74. or)

•    Inoiz izan zara gertaera bitxiren baten lekuko? Zer gertatu zen? Non? Noiz? Zuk zer egin zenuen? Sei bat lerroko paragrafo batean laburtuko duzu gertatutakoa?
 
Orrialdeak: 134



Zaindari ikusezina
Zaindari ikusezina
Amaia Salazar inspektoreak bi eginkizun ditu eleberrian: Lehena, Baztan inguruan, eta batik bat, Elizondo inguruan gertatzen ari diren neska nerabeen hilketak argitzea. Bigarrena, berriz, bere amarekin, izan (eta dituen) arazo larriak konpontzea.
Amaia Salazarren amak fijazio gaiztoa du alabarekin. Eleberriak aurrera egin ahala haurtzaroko oroitzapenen bidez berreskuratuko da harreman gaizto horien nondik norakoak. Jakina, familia bera da lehen kaltetua. Honetaz ere luze jardungo du nobelak.
Baina hari eta gertaera nagusiak: Zergatik neskak, eta beti ere nerabeak? Galdera horien erantzuna ikerketak eta hiltzaileak berak emango du. Hiltzailearen koadro psikologikoak emango du izaera maniakoaren berri.

Eleberriaren hirugarren baliabide nagusia mitologia da. Basajaunak bizirik omen daude inguruko bizilagunen imajinarioan.

Egilea: Dolores Redondo
Itzultzailea: Josu Zabaleta
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2013

Liburuaren lehen atala irakurtzeko, egin klik hemen.

_____________________________________________________
Eskaintza ekaitzari
Eskaintza ekaitzari
Eskaintza ekaitzari Baztango trilogiaren hirugarren liburua da, eta aurreko bietan bezala, maisuki azalduak ageri dira trama nagusian familia harremanak, bikote harremanak, gurasotasuna… eta horrek guztiak kontakizuna are interesgarriago bihurtzen du. Erritmo bizkor eta ezin utzizkoan irakurtzeko moduko eleberria da.
Hilabete joan da Foruzaingoko Amaia Salazar inspektoreak bere semea heriotzatik salbatu eta Berasategi doktorea atxilotu zuenetik. Amaiak oraindik arriskuan ikusten du bere burua, ordea.
Elizondoko neskatila baten bat-bateko heriotzak susmoak piztuko ditu: haurrak gorriune bat du aurpegian, eta aita haurraren gorpua eramaten saiatu da. Neskatilaren birramonak uste du heriotzaren erantzulea Inguma dela, hots, lo dauden pertsonak geldiarazi ondoren haien hatsa edan eta bizia kentzen dien demonioa. Auzitegiko medikuaren txostenetatik abiatuta, beste haur txiki batzuen heriotzak ikertzen hasiko da Amaia Salazar, eta, horrela, aztarna harrigarriak aurkituko ditu Baztan osoan barna.
Eta, bitartean, oihanetik, sekulako ekaitza heldu da egiarik latzena lurperatzeko.
Egilea: Dolores Redondo
Itzultzaileak: Rey Escalera, Fernando; Vilches Plaza, Mikel
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2014

Orrialdeak: 616

_____________________________________________________________________________
Hezurren ondarea
Hezurren ondarea
Baztango trilogia izenaz ezagutzen diren hiru liburuetatik bigarrena dugu hau. Hemen ere Amaia Salazar inspektorea da protagonista nagusia, Foruzaingoaren erailketen arloko burua.
Lehenengo liburuan (Zaindari ikusezina) ikusi genuen bezala, Baztan ibar osoa izuz eta kezkaz bete zituzten Basajaunen hilketak argitu zituen Amaiak. Basajaunen modus operandia imitatuz, Jason Medinak bere andrearen alaba nerabea, Johana, hil, bortxatu eta mutilatu egin zuen. Amaiak bere egitekoa bete zuen hiltzaile bihozgabe hura akusatzen zuten frogak biltzen, eta prest dago epaiketan erakusteko.
Bigarren liburu honetan, Johana Marquezen aitaordearen kontrako epaiketa hastear dago. Salan zain dauden pertsonen artean dago, haurdun, Amaia Salazar inspektorea.
Halako batean, ordea, epaileak adierazi du epaiketa bertan behera gelditzen dela: akusatuak bere buruaz beste egin du epaitegietako komunetan.

Egilea: Dolores Redondo
Argitaletxea: Erein
Itzultzaileak: Rey Escalera, Fernando; Vilches Plaza, Mikel
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2013
Lehen atala irakurgai helbide honetan.

Orrialdeak: 624

2015/05/18

Tribuaren Berbak


Euskaldunok zergatik ez dugu beste euskaldunekin euskaraz egiten?



Motibazioek helburu jakin bat lortzeko bidean jartzen gaituzte. Helburu jakin hori euskara egitea denean zer gertatzen den aztertu du, aste honetan, ‘Tribuaren Berbak’ saioak.
Lehenik, eta behin euskara egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: norberak euskaraz jakitea, mintzakideak euskaraz badakiela jakitea, eta garrantzitsuena, euskaraz egin nahi izatea. Ordea, asko gara euskaraz hitz egiten dakigunak, baina dakigun guztiok ez dugu beti eta dakiten guztiekin erabiltzen. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste nahi izatetik hitz egitera jauzi egitea? Zergatik egiten dugu erdaraz euskaraz egin dezakegunean? 


Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea
Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzaileak, jendeak kalean euskaraz ez egiteko arrazoiak sailkatzen lagunduko dio Kike Amonarrizi. Bi  multzo nagusi bereizi ditu: Alde batetik, norberarekin lotutako arrazoiak egongo lirateke ( euskaraz ideiak adierazteko zailtasuna, gaztelaniaz aritzeko erosotasuna, gai batzuetaz hitz egiteko euskarak suposatzen duen esfortzua, borondate falta, euskara ama hizkuntza ez izatea, pertsona jakin batzuekin hizkuntza jakin bat erabiltzeko ohitura…) ; eta bestetik, arrazoi sozialak, hau da, inguruarekin edo gizartearekin lotutakoak.  Sailkapen honen arabera, euskara ez erabiltzeko ematen diren arrazoi gehienak lehen multzoan egongo lirateke, eta beraz, euskara erabiltzea norberaren esku asko dagoela esan du Juango Allurrek.

Fermin Etxegoien kazetaria
Fermin Etxegoien kazetaria

Hau dela eta, arrazoi guzti hauei konponbideak bilatzea izango litzateke erronka nagusiena. Eta horretarako, euskara hiztunen artean erakargarri egiteko metodoak bultzatu behar dira. Ilusioa ezinbesteko elementua da, Fermin Etxegoien kazetariaren arabera. Baina, batez ere, euskara erakargarria izateko estetikoki funtzionala izan behar duela uste du. Euskara erraztea eta sinplifikatzea proposatzen du, jendeak euskara ondo barneratu eta erabili dezan.

Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua
Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua

Bestalde, euskara bultzatzeko hainbat kanpaina egin dira. Estitxu Garai, komunikazio eta marketing adituaren arabera, euskara sustatzeko kanpaina hauek beharrezkoak dira baina eraginkorrak  izateko, lehenik eta behin, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazioak zeintzuk diren ikertu behar dira. Behin motibazioak identifikatuta, euskara sustatzeko kanpainak diseinatu behar dira.

Aurkene Redondo, coach-a
Aurkene Redondo, coach-a

Aurrekoari lotuta, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazio metodoak ere oso garrantzitsuak dira. Aurkene Redondo coachak jendea nola motibatu azaldu digu. Horretarako, ‘galdera boteretsuen metodologia’ erabiltzen du: Nahi duguna ondo definitzea eta identifikatzea, nahi dugun hori gure esku dagoen edo ez definitzea, helburua lortzeko pausuak zehaztea, baliabideak bilatzea, epe bat finkatzea, zer edo zer alboratu behar dugun jakitea eta, azkenik, nahi dugun helburua gure buruan irudikatzea energia horretan jartzeko.

Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria
Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria

Azkenik, orain arte ikusi ditugun ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal ezberdinetan beraien burua motibatu eta euskaraz gozatzeko helburua lortu duen euskaldun berri asko ezagutu ditugu.
Beraz, aste honetako saioak erakutsi digu euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin dezakeela.

2015/04/27

Errenta aitorpenak euskahaldunak behar ditu!!!

Aldundiko langileok KORRIKAren kilometroa erosteko egindako ahalegina izugarria izan da eta beste behin ere lortu egin dugu! Jarrai dezagun euskararen alde lan egiten!!

Errenta aitorpena aurkezteko garaia heltzear da, 2013an euskaraz aurkeztutako errentak %2,17 izan ziren, %2,17 euskaldun. Bada, askoz ere gehiago garela erakutsi egin dugu, beraz, lagundu gaitzazue ERRENTA EUSKAHALDUNTZEN!!

Euskaraz bizi nahi dugulako, egin dezagun 2014ko errenta euskaraz!

2015/04/21

Literatura topaketak: Danele Sarriugarte

Data: Apirilaren 23a
Ordutegia: 19:00
Tokia: Foru Liburutegia, 5. solairua, Hitzaldi Aretoa
Idazlea: Danele Sarriugarte
Hizkuntza: Euskara

Doako sarrera, edukiera osatu arte (Foru Liburutegian sartu ahal izateko, sarreran NANa, pasaportea edota Liburutegiko txartela aurkeztu behar da).

2015/03/18

19. Korrika: EUSKAHALDUNDIA!

Hamaika egunez, Euskal Herriko bazter guztiak zeharkatuko ditu Korrikak martxoaren 19tik 29ra. Euskararen aldeko lasterketak Urepelen emango ditu lehendabiziko urratsak eta martxoaren 29an iritsiko da helmugara.

Oraingoan, Bilbon jasoko du merezitako gorazarrea. Arangoiti auzotik sartu, eta bost orduko bidea eginda, Arriagan bukatuko da, 12:30ean.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere euskararen erabilera sustatzen du, eta horren adierazgarririk nabarmenenak dira EraMiak bultzatzeko egitasmoa, langileen esfortzua euskara lan eta zerbitzu hizkuntza moduan erabiltzeko, eta Korrika izan den bakoitzean Aldundiko langileok kilometroa erostea.


Gizarte Ekintza Sailean, GUFEn eta Nekazaritza Sailean grabatutako bideoa da langileek egiten duten ahaleginaren seinale (Atarilekun dago). Euskara Zuzendaritzak aitortu egin nahi die euskara lanean erabiltzeko eta zerbitzua euskaraz emateko egiten duten ahalegina.

2015/03/13

Medikua, ona eta euskalduna!


Mitoak suntsituz: medikua, ona ala euskalduna?

2015-03-12 / Iñaki Santamarina Renteria - Medikuntza ikaslea EHUn, www.berria.eus
Nik ez dut nahi euskaraz dakien mediku bat, medikuntzaz dakien bat baizik». Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi hau, horren tranpatia den esaldi hau. Badirudi baldintza biak betetzea ezinezkoa dela. Jakintza gehiegi izango da pertsona bakarrarentzat agian, medikuntza eta euskara. Ezinezkoa zeharo.

Hainbat urtetan saldu digute aitzakia hau, gure osasun sistema euskalduntzeko beharra ikusten dugunoi ahoa itxi nahian. Nolabaiteko prestigio-kentze kanpaina baten gisara ulertzen dut nik, norbere osasuna arriskuan ikustearen beldurraz baliatu eta gizarteari mediku euskaldunen beharra dagoela zalantzan jartzeko. Paziente bati aukeraketa moduan azaltzen diote egoera. Medikua, ona ala euskalduna. Jakina, gaixorik dagoen pertsona batek bere osasuna du kezka nagusi momentu horretan, eta tratua euskaraz jasotzearen nahia bigarren plano batera pasatzen da. Badirudi medikua ona eta euskalduna izatea kontu zaila dela. Hala ere, prestigio-kentze kanpaina hau ez da medikuetara soilik mugatzen, tamalez. Medikuntza euskaraz ikasten ari garenok ere mespretxuzko erasoak jasan behar izaten ditugu oso maiz.

Medikuntza ikasketak euskaraz errazagoak direla egozten digute, besteak beste, gaztelerazko ikasle eta irakasle batzuek; gure prestakuntza medikoa kaxkarragoa dela hitz-erdika esanez eta gizarteari ere hori sinetsaraziz. Nire zalantzak dauzkat salaketa hauek ezjakintasunak eragindagoak diren edo oso garbiak ez diren beste tankera bateko interesak dauden guztiaren atzean. Zalantzarik sortzen ez duena, ordea, euskarazko medikuntza ikasketei ospe hau ematearen ondorioa da. Aztertzen hasiz gero, segituan konturatuko gara nolako kaltea sortzen ari garen osasun sistemaren euskalduntze prozesuari halako mitoak salduta eta sinistuta. Eskolaratzea eta batxilergoa euskaraz egin dituzten ikasle asko eta askok medikuntzako matrikula gazteleraz egiten dute. Ondorioz, eskolan eta institutuan lortutako euskara maila galtzen dute, eta mediku izatera iristean elkarrizketa bat euskaraz mantentzea ezinezko suertatzen zaie hainbati.

Ziur nago gazteleraz matrikulatzen diren ikasle hauek, puntu bateraino behintzat, beraien erabakiak izango duen ondorioaz jakitun direla. Badakite euskara maila galduko dutela, baina ez dute bestelako kalterik aurreikusten. Izan ere, gizartean medikuek euskaraz ez jakitea nahikoa onartuta dago, nahiz eta askok nahiago luketen medikuarekin euskarazko harremana izatea. Horrela bada, medikuntza euskaraz ikasteari ez die onura berezirik ikusten; bai, ordea, arazo eta kalte ugari, zentzu gabeko zurrumurruetan oinarrituta egon arren.

Euskaraz jakinda gazteleraz ikasteko hautua egiten duten ikasleek hainbat zalantza izaten dituzte matrikula egiteko orduan. Euskaraz ala gazteleraz ikastea aukeratu behar dutenean, zenbait mitorekin topo egin, eta, azkenean, erdaraz ikastea erabakitzen dute. Euskarazko irakasleak txarragoak direla entzuten da; ikasmateriala kaxkarra dela; prestakuntza gazteleraz hobea dela; ikasgai batzuk gazteleraz egin behar direnez, hasieratik dena gazteleraz egitea logikoagoa dela; MIR azterketa gazteleraz izanik, euskaraz ikasteak ikasleon emaitza akademikoari kalte egiten diola... Funtsean, gradua gazteleraz ikasita, prestakuntza mediko hobea jasoko den sinesmena dago zabalduta, eta, gure etorkizuneko lanbidea jokoan dugunez, badaezpada ere, zurrumurruei kasu egin, eta gaztelerazko klasean ematen dute izena ikasle hauek.

Egia da batzuetan euskaraz ikasteak zailtasun gehigarriak jartzen dizkigula ikasleoi, diglosia egoera duen hizkuntza gutxitua izanik erraztasunik ez baitago. Hala ere, ulertezina eta onartezina egiten zait gure ikasketen maila zalantzan jartzea. Ez da egia euskaraz ikasten dugunok prestakuntza eskasagoa dugula, inondik inora ere ez. Horren adibide garbi ditugu azken egunetan argitaratu diren aurtengo MIR azterketako behin-behineko emaitzak. 12.000 mediku baino gehiago aurkeztu ziren prestakuntza espezializatuko postu bat lortzeko egiten den estatu mailako azterketa honetara, eta lehenengo hamar postuetan EHUn euskaraz ikasitako bi ikasle daude. Hau da, estatu espainiar osoko lehenengo hamar postuetako %20 euskaraz ikasi duten ikasleek bete dituzte. Gure prestakuntza horren txarra ez den seinale.

Gure inguruan urteetan euskararen aurka eraikitako mito ugari daude, eta horiek suntsitu beharra dago. Mediku euskaldunak behar ditugu osasun sistema elebiduna lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu, eta, horretarako, euskaraz ikastera animatu behar ditugu ikasleak. Etorkizuneko ikasleei ulertarazi behar diegu pazienteekiko errespetuzko jarrera dela euskaraz ere mintzatzeko gai izatea. Mediku eta pazientearen arteko harremanak berebiziko garrantzia du sendaketa prozesuan, eta komunikazioa ez da behar bezalakoa izango pazientearen hizkuntza eskubideak urratzen baditugu.

Mitoak mito dira, besterik ez. Euskarazko ikasketak gaztelerazkoak bezain onak dira eta prestakuntza berbera da, desberdintasun batekin: «Medikua, ona ala euskalduna?» galderari, «medikua, ona eta euskalduna» erantzun ahalko diogu guk, medikuntza euskaraz ikasten dugunok

2015/02/20

KORRIKA 19

Dakizuen moduan, aurten, bi urterik behin gertatzen den bezala, Korrika etorriko da berriro gurera.

Aurtengo leloa, Euskahaldun! da; guretzat oso aproposa  Euskahaldundia! martxan jartzeko.

Hori dela eta, aurtengo asmoen berri emateko, parte hartu nahi duzuen guztioi aurkezpen-bilerara dei egiten dizuet, Korrikarako prestatuko ditugun ekintzak azaltzeko eta iritziak trukatzeko.

Eguna: otsailaren 23an, datorren asteko astelehenean

Ordua: goizeko 08:30ean


Lekua: U3 Erabilera Anitzeko Gela 1 


2015/01/20

Euskarazko Irakurle Taldea 2015

Datak: urtarrilaren 29tik ekainaren 18ra, hamabostean behin ostegunetan, 18:00-20:00

Dinamizatzailea: Txani Rodríguez

Lekua: Foru Liburutegiko 5. solairuan

Gehienez: 20 pertsona (hurrenkeraz)

Hizkuntza: euskara

Foru Liburutegira sartzeko NANa, pasaportea edo Liburutegiko txartela aurkeztu behar da.



2014/12/02

Euskararen eguna



Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Barriro euskara taldetik lanpostuan ere euskaraz aritzera animatzen zaituztegu.

Aurten egun horretan "Euskaraz bizi nahi dut" leloa duen kamiseta janztera gonbidatzen zaituztegu!
Kamiseta ez duenak hurrengo helbidean eska dezake:


Gozatu euskara!!!


2014/11/03

Komiki oso interesgarria euskaraz!!!

Jarraian duzuen estekan komiki oso interesgarria duzue. Astero tira bat argitaratzen da eta euskaraz idatzita!

Gainera, tira batzuek animazioa ere badute! Sartu eta disfrutatu, ez zarete damutuko!

Aupakomik







2014/05/21

Literatura topaketak

XABIER OLASO

Lekua: Foru Liburutegia (5. solairua, Hitzaldi Aretoa).
Data eta ordua: maiatzak 29 (osteguna), 19:00etan.
Moderatzailea: Txani Rodríguez.
Hizkuntza: Euskara.
Sarrera librea edukiera osatu arte (Foru Liburutegian sartu ahal izateko, NANa edo pasaportea aurkeztu behar da sarreran).

2014/04/08

Euskararen erabilera

Etxeko gotorlekua, auzitan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %20,8k euskara erabiltzen dute etxean, 1981ean baino puntu bat gutxiagok

Euskaldunen soslaia aldatu egin da: gero eta gehiago dira hirietan bizi diren gazteak
MAITE ASENSIO LOZANO BILBO, BERRIA. 2014-04-08

Euskarak etxeetan izan duen gotorlekua ahultzearen lehen sintomak agertu ditu V. Mapa Soziolinguistikoak: 1991n, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %21,8k erabiltzen zuten euskara etxean; 2011n, %20,8 ziren. «Ez nuke esango etxeko gotorlekua galtzeko arriskuan dagoenik, baina ez dagoenik ere ez. Galduko balu, kezkagarria litzateke hizkuntzaren osasunerako: euskara ez badugu etxeko egongelan natural erabiltzen, bigarren mailako hizkuntza izango da», esan zuen atzo Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Egoera «paradoxikoa» da: «Duela hogei urte askoz etxe gehiago ziren kide euskaldun bakar bat ere ez zutenak». Hain zuzen, etxeko erabileran ez da nabari euskara gaitasunean 1981etik hona izandako hazkundea. Egun, biztanleen %36,4k ondo dakite euskaraz —749.000 lagunek—, duela 30 urte %22 baino ez zirenean; aldi berean, orain hiru hamarkada herritarren bi heren erdaldun hutsak ziren; egun, %44 dira.

Euskaldunen soslaian «aldaketa erradikala» gertatu dela azaldu du Baztarrikak. Batetik, gaztetu egin dira: 20 urtez azpikoetan, %70etik gora euskaldunak dira —1981ean ez ziren %20ra heltzen—. Gazte gehienentzat, ordea, euskara ez da lehen hizkuntza, eskolan ikasia baizik: euskal hiztunen %42 dira euskaldun berriak, baina 30 urtetik beherakoetan %58ra igotzen da kopurua.

Bestetik, «urbanizatu» egin dira: euskaldun berrien erdiak EAEko sei udalerri handienetan bizi dira: hiriburuak, Barakaldo, Getxo, eta Irun. Eta hor dago erabileraren gakoetako bat: «Euskaldun gutxi dituzten hirietan daude: hizkuntza erabiltzeko aukera gutxi dituzte». Euskaldun zaharren artean ere gutxitu da erabilera: «Elebitasun desorekatuaren ondorioa da: euskal hiztun askok ezin dute hizkuntza etxean erabili, senideren batek ez dakielako».

Antzeko joera dago haur eta gazteengan. Baztarrikak gogoratu du etxean jasotako hizkuntzarekiko «lotura afektiboa» handiagoa dela, eta hiztunek erraztasun handiagoa dutela lehen hizkuntzan: «Bikote mistoen artean, heren batek ez du etxean transmititzen. Gurasoei jakinarazi behar diegu euskara etxean ere erabiltzea euskarazko eskolara bidaltzea bezain garrantzitsua dela».

Bilbon euskaldun gehien

Hiriburuen artean, Gasteizek izan du hazkunderik handiena, ezagutza maila apaletik zetorrelako: bertako biztanleen %3,5 ziren euskaldunak 1981ean, eta %21,5era igo zen kopurua 2011n. Donostiak du euskaldun portzentajerik altuena, %40koa, baina Bilbon dago euskal hiztun kopururik handiena: 73.760 (%22,1).

Gune soziolinguistikoek, berriz, 2006ko joera bera dute: gutxiago dira euskaldun oso gutxi dauzkaten herriak, baina euskaldun asko dituztenak ere bai. Herritarren %66 bizi dira bigarren gunean, herritarren %20-50 elebidun diren tokietan; %50-80 elebidun diren herrietan bizi dira %22

2014/04/03

Itzultzaile automatikoa

Eusko Jaurlaritzak itzultzaile automatikoa aurkeztu du. Aukera bi ematen ditu:

  1. 1500 karaktereko testuak ohiko modu batean itzultzeko aukera, hementxe duzuena.
  2. Webguneak osorik itzultzeko aukera, hementxe duzuena.

Gaztelaniatik euskarara, euskaratik gaztelaniara eta ingelesetik euskarara egiten ditu itzulpenak.

Horrez gain, azpimarratu behar da idatziz zein ahotsa erabiliz egin ditzakeela itzulpenak eta Smartphone eta tabletetan ere erabilgarri egongo dela.


2013/11/28

Zein hitz erabiliko zenuke euskara bultzatzeko?

Abenduaren 3an Euskararen Eguna dela medio, Foru Liburutegian euskararen liburu zuri erraldoia prestatu da, guztion ekarpenaz beteko dena.

Animatu eta parte hartu!


Foru Liburutegiko Zero Solairuan, 9:00etatik, 20:30ak arte