gizarte gaiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
gizarte gaiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/05/18

Tribuaren Berbak


Euskaldunok zergatik ez dugu beste euskaldunekin euskaraz egiten?



Motibazioek helburu jakin bat lortzeko bidean jartzen gaituzte. Helburu jakin hori euskara egitea denean zer gertatzen den aztertu du, aste honetan, ‘Tribuaren Berbak’ saioak.
Lehenik, eta behin euskara egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: norberak euskaraz jakitea, mintzakideak euskaraz badakiela jakitea, eta garrantzitsuena, euskaraz egin nahi izatea. Ordea, asko gara euskaraz hitz egiten dakigunak, baina dakigun guztiok ez dugu beti eta dakiten guztiekin erabiltzen. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste nahi izatetik hitz egitera jauzi egitea? Zergatik egiten dugu erdaraz euskaraz egin dezakegunean? 


Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea
Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzailea

Juanjo Allur, Siadeco taldeko ikertzaileak, jendeak kalean euskaraz ez egiteko arrazoiak sailkatzen lagunduko dio Kike Amonarrizi. Bi  multzo nagusi bereizi ditu: Alde batetik, norberarekin lotutako arrazoiak egongo lirateke ( euskaraz ideiak adierazteko zailtasuna, gaztelaniaz aritzeko erosotasuna, gai batzuetaz hitz egiteko euskarak suposatzen duen esfortzua, borondate falta, euskara ama hizkuntza ez izatea, pertsona jakin batzuekin hizkuntza jakin bat erabiltzeko ohitura…) ; eta bestetik, arrazoi sozialak, hau da, inguruarekin edo gizartearekin lotutakoak.  Sailkapen honen arabera, euskara ez erabiltzeko ematen diren arrazoi gehienak lehen multzoan egongo lirateke, eta beraz, euskara erabiltzea norberaren esku asko dagoela esan du Juango Allurrek.

Fermin Etxegoien kazetaria
Fermin Etxegoien kazetaria

Hau dela eta, arrazoi guzti hauei konponbideak bilatzea izango litzateke erronka nagusiena. Eta horretarako, euskara hiztunen artean erakargarri egiteko metodoak bultzatu behar dira. Ilusioa ezinbesteko elementua da, Fermin Etxegoien kazetariaren arabera. Baina, batez ere, euskara erakargarria izateko estetikoki funtzionala izan behar duela uste du. Euskara erraztea eta sinplifikatzea proposatzen du, jendeak euskara ondo barneratu eta erabili dezan.

Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua
Estitxu Garai komunikazio eta marketing aditua

Bestalde, euskara bultzatzeko hainbat kanpaina egin dira. Estitxu Garai, komunikazio eta marketing adituaren arabera, euskara sustatzeko kanpaina hauek beharrezkoak dira baina eraginkorrak  izateko, lehenik eta behin, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazioak zeintzuk diren ikertu behar dira. Behin motibazioak identifikatuta, euskara sustatzeko kanpainak diseinatu behar dira.

Aurkene Redondo, coach-a
Aurkene Redondo, coach-a

Aurrekoari lotuta, jendeak euskaraz hitz egiteko motibazio metodoak ere oso garrantzitsuak dira. Aurkene Redondo coachak jendea nola motibatu azaldu digu. Horretarako, ‘galdera boteretsuen metodologia’ erabiltzen du: Nahi duguna ondo definitzea eta identifikatzea, nahi dugun hori gure esku dagoen edo ez definitzea, helburua lortzeko pausuak zehaztea, baliabideak bilatzea, epe bat finkatzea, zer edo zer alboratu behar dugun jakitea eta, azkenik, nahi dugun helburua gure buruan irudikatzea energia horretan jartzeko.

Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria
Yuli Vargas kubatarra eta euskaldunberria

Azkenik, orain arte ikusi ditugun ‘Tribuaren Berbak’ saioko atal ezberdinetan beraien burua motibatu eta euskaraz gozatzeko helburua lortu duen euskaldun berri asko ezagutu ditugu.
Beraz, aste honetako saioak erakutsi digu euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin dezakeela.

2015/03/13

Medikua, ona eta euskalduna!


Mitoak suntsituz: medikua, ona ala euskalduna?

2015-03-12 / Iñaki Santamarina Renteria - Medikuntza ikaslea EHUn, www.berria.eus
Nik ez dut nahi euskaraz dakien mediku bat, medikuntzaz dakien bat baizik». Zenbat aldiz entzun ote dugu esaldi hau, horren tranpatia den esaldi hau. Badirudi baldintza biak betetzea ezinezkoa dela. Jakintza gehiegi izango da pertsona bakarrarentzat agian, medikuntza eta euskara. Ezinezkoa zeharo.

Hainbat urtetan saldu digute aitzakia hau, gure osasun sistema euskalduntzeko beharra ikusten dugunoi ahoa itxi nahian. Nolabaiteko prestigio-kentze kanpaina baten gisara ulertzen dut nik, norbere osasuna arriskuan ikustearen beldurraz baliatu eta gizarteari mediku euskaldunen beharra dagoela zalantzan jartzeko. Paziente bati aukeraketa moduan azaltzen diote egoera. Medikua, ona ala euskalduna. Jakina, gaixorik dagoen pertsona batek bere osasuna du kezka nagusi momentu horretan, eta tratua euskaraz jasotzearen nahia bigarren plano batera pasatzen da. Badirudi medikua ona eta euskalduna izatea kontu zaila dela. Hala ere, prestigio-kentze kanpaina hau ez da medikuetara soilik mugatzen, tamalez. Medikuntza euskaraz ikasten ari garenok ere mespretxuzko erasoak jasan behar izaten ditugu oso maiz.

Medikuntza ikasketak euskaraz errazagoak direla egozten digute, besteak beste, gaztelerazko ikasle eta irakasle batzuek; gure prestakuntza medikoa kaxkarragoa dela hitz-erdika esanez eta gizarteari ere hori sinetsaraziz. Nire zalantzak dauzkat salaketa hauek ezjakintasunak eragindagoak diren edo oso garbiak ez diren beste tankera bateko interesak dauden guztiaren atzean. Zalantzarik sortzen ez duena, ordea, euskarazko medikuntza ikasketei ospe hau ematearen ondorioa da. Aztertzen hasiz gero, segituan konturatuko gara nolako kaltea sortzen ari garen osasun sistemaren euskalduntze prozesuari halako mitoak salduta eta sinistuta. Eskolaratzea eta batxilergoa euskaraz egin dituzten ikasle asko eta askok medikuntzako matrikula gazteleraz egiten dute. Ondorioz, eskolan eta institutuan lortutako euskara maila galtzen dute, eta mediku izatera iristean elkarrizketa bat euskaraz mantentzea ezinezko suertatzen zaie hainbati.

Ziur nago gazteleraz matrikulatzen diren ikasle hauek, puntu bateraino behintzat, beraien erabakiak izango duen ondorioaz jakitun direla. Badakite euskara maila galduko dutela, baina ez dute bestelako kalterik aurreikusten. Izan ere, gizartean medikuek euskaraz ez jakitea nahikoa onartuta dago, nahiz eta askok nahiago luketen medikuarekin euskarazko harremana izatea. Horrela bada, medikuntza euskaraz ikasteari ez die onura berezirik ikusten; bai, ordea, arazo eta kalte ugari, zentzu gabeko zurrumurruetan oinarrituta egon arren.

Euskaraz jakinda gazteleraz ikasteko hautua egiten duten ikasleek hainbat zalantza izaten dituzte matrikula egiteko orduan. Euskaraz ala gazteleraz ikastea aukeratu behar dutenean, zenbait mitorekin topo egin, eta, azkenean, erdaraz ikastea erabakitzen dute. Euskarazko irakasleak txarragoak direla entzuten da; ikasmateriala kaxkarra dela; prestakuntza gazteleraz hobea dela; ikasgai batzuk gazteleraz egin behar direnez, hasieratik dena gazteleraz egitea logikoagoa dela; MIR azterketa gazteleraz izanik, euskaraz ikasteak ikasleon emaitza akademikoari kalte egiten diola... Funtsean, gradua gazteleraz ikasita, prestakuntza mediko hobea jasoko den sinesmena dago zabalduta, eta, gure etorkizuneko lanbidea jokoan dugunez, badaezpada ere, zurrumurruei kasu egin, eta gaztelerazko klasean ematen dute izena ikasle hauek.

Egia da batzuetan euskaraz ikasteak zailtasun gehigarriak jartzen dizkigula ikasleoi, diglosia egoera duen hizkuntza gutxitua izanik erraztasunik ez baitago. Hala ere, ulertezina eta onartezina egiten zait gure ikasketen maila zalantzan jartzea. Ez da egia euskaraz ikasten dugunok prestakuntza eskasagoa dugula, inondik inora ere ez. Horren adibide garbi ditugu azken egunetan argitaratu diren aurtengo MIR azterketako behin-behineko emaitzak. 12.000 mediku baino gehiago aurkeztu ziren prestakuntza espezializatuko postu bat lortzeko egiten den estatu mailako azterketa honetara, eta lehenengo hamar postuetan EHUn euskaraz ikasitako bi ikasle daude. Hau da, estatu espainiar osoko lehenengo hamar postuetako %20 euskaraz ikasi duten ikasleek bete dituzte. Gure prestakuntza horren txarra ez den seinale.

Gure inguruan urteetan euskararen aurka eraikitako mito ugari daude, eta horiek suntsitu beharra dago. Mediku euskaldunak behar ditugu osasun sistema elebiduna lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu, eta, horretarako, euskaraz ikastera animatu behar ditugu ikasleak. Etorkizuneko ikasleei ulertarazi behar diegu pazienteekiko errespetuzko jarrera dela euskaraz ere mintzatzeko gai izatea. Mediku eta pazientearen arteko harremanak berebiziko garrantzia du sendaketa prozesuan, eta komunikazioa ez da behar bezalakoa izango pazientearen hizkuntza eskubideak urratzen baditugu.

Mitoak mito dira, besterik ez. Euskarazko ikasketak gaztelerazkoak bezain onak dira eta prestakuntza berbera da, desberdintasun batekin: «Medikua, ona ala euskalduna?» galderari, «medikua, ona eta euskalduna» erantzun ahalko diogu guk, medikuntza euskaraz ikasten dugunok

2014/12/03

2014ko azaroaren 27ko Batzordea

Gaurko Batzordean zazpi kasu azaldu dira. Horietatik bost ( %71) euskaraz izan dira eta beste biak (%19) gaztelaniaz. Aurreko Batzordearekin konparatuz, euskaraz idatzitako kasu kopuruak gora egin du. Hona hemen Batzordean agertu zaizkigun gauzarik nabarmenenak:


HIZTEGIA


  • MÉDICOS DE BIZKAIA = BIZKAIKO SENDAGILEEN ELKARTEA ( KONTUZ EZ ERABILI BBMM ERABILI BSE)
  • FRACTURA VERTEBRAL = ORNO HAUSTURA
  • SÍNDROME CONFUSIONAL AGUDO = KONFUSIO SINDROME AKUTUA
  • INFARTO MEDULAR = BIZKARREZUR-MUINEKO INFARTUA
  • ARTROSIS GENERAL = ARTROSI OROKORRA ( EZ ERABILI OROKOR ARTROSIA)
  • PLAN INDIVIDUAL DE VIDA INDEPENDIENTE (PIVI) = BIZIMODU INDEPENDENTERAKO PLAN INDIBIDUALA(BIPI)
JARRAITU HORRELA!!!!!!!! SEGI LANEAN !!!!!

2014/04/01

PERTSONENGAN OINARRITUTAKO ARRETA-EREDUA

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak Matia Fundazioarekin batera Pertsonengan oinarritutako arreta-ereduari buruzko koaderno praktikoak aurkeztu ditu.

Guztira 11 koaderno dira eta hementxe dituzue euskaraz ikusteko moduan. Irakurterrazak eta oso interesgarriak dira lanaren ikuspuntutik, jakina; baina, baita euskararen ikuspuntutik ere.

Webgune horretan, 11 koaderno praktikoez gain, Zerbitzuan aldizkaria, Gizartea Hobetuz bilduma, Gizarte-zerbitzuen giden bilduma eta Gizarteratuz buletina kontsulta ditzakezue.

Interesgarria izango delakoan.