Datorren astean, azterketak direla eta, ez naiz hemen egongo, asteleheneko lehenengo orduetan izan ezik. Aurkeztuko zaretenontzat gomendio asko eman daitezke, baina uste dut garrantzitsuena dela ez saiatzea egiten ondo menperatzen ez duzuena.
Beste alde batetik, artikulu hau utzi nahi dizuet, denborarik eta gogorik baduzue, irakur dezazuen; orain dela 12 urte idatzi bazen ere, uste dut egokia dela irakurtzeko eta horren gainean hausnartzeko. Legazpiko Udalean egindako esperientzia baten gainekoa da, eta Kike Amonarrizek idatzi zuen. Ea interesgarria iruditzeen zaizuen.
ADMINISTRAZIOAN ERDARAZ...
OHITURAGATIK
1893. alea
2003-03-30
2003-03-30
Goiko galdera horiek berak egin zizkion bere buruari Legazpiko Udaleko
Euskara Batzordeak, eta erantzunak jaso nahian, hitzaldi-hausnarketa antolatu
zuen, bertaratu nahi zuten udal langileekin, artikulua sinatzen duen honen
laguntzaz. Inma Urzelai euskara teknikariaren ustez, "langilea motibatuta
dagoenean gusturago ematen ditu eman beharreko aurrerapausoak, motibaziorik ez
dagoenean langileak zama bat bezala hartzen du betidanik gaztelaniaz egin duena
orain euskaraz egin beharra. Horregatik erabaki genuen æEuskara erabiltzeko arrazoiakÆ
izeneko hitzaldi-solasaldia eskaintzea langileei". Emaitzak interesgarriak
izan ziren eta galdekizun bati anonimoki emandako erantzunekin osatu ziren.
Hitzaldiaren beste helburuen artean, udal langileen euskararekiko
motibazioa testatzea eta indartzea zen: Euskara Planarekiko adostasun maila
neurtu, beren jarrera ezagutu, informazio maila eta beharrak, kezkak eta
proposamenak... "Guk oso positiboki baloratu dugu saio hori -esan digu
Inma Urzelaik-, bertan parte hartu duten langileetatik askok orain beste modu
batera ikusten dute Euskara Plana. Badakigu motibazioa lantzearena ezin dugula
horretan bukatutzat eman, beroaldiaren ondoren beti baitator giroa epeltzea,
baina motibazioa landu berri dugun honetan erabilera ere lantzeko ordua iritsi
delakoan gaude".
AHALEGINAK MEREZI DU
Legazpiko udal langileek garbi daukate, euskalduntze prozesuari dagokionez,
beren egoera "pribilegiatua" dela eta herriko beste sektoreen aurrean
erantzukizun berezia dutela. Alegia, udal administrazioa euskalduntzeko egin
diren ahaleginak egin eta gero, esparru horretan ez bada "irabazten",
eta eredu arrakastatsu bat sortzen, zaila izango dela beste inon horrelakorik
lortzea.
Herritarrek eta herriko beste talde, erakunde eta enpresek ikusten badute
Udalak euskara darabilela, hizkuntzak eta hizkuntza normalizazio prozesuak
prestigioa eta sinesgarritasuna irabazten dute. Eta egoera kontrakoa bada,
desprestigioa eta sinesgarritasun falta. Horregatik guztiagatik, Legazpiko ia
udal langile guztiek aitortzen dute, euskarari dagokionez, Udalak eredu izan
behar duela herritarren aurrean, eta bereziki, datozen belaunaldi berrien
aurrean. Legazpiko udal langile guztiak gainera bat datoz: Udalean euskararen
kontrako langilerik ez dago, baina lanean eta lankideekin denboraren erdia
baino gehiago euskaraz egiten dutenak gutxiengoa dira (6tik 1 inguru). Ia
denak, euskara gehiago erabiltzearen alde daude. Oso gutxi dira euskararen
gaiarekin "presionatuegiak" edo gaia azaltzen denean deseroso
sentitzen direnak (garrantzitsua da hala ere, multzo honen kezkak zeintzuk
diren ezagutu eta erantzun egokiak lantzea). Baina asko dira euskara erabil
dezaketen egoeratan, erdaraz egiten dutenak, nahiz eta denek aitortu
beraiengatik balitz, euskara gehiago egingo luketela.
Lehen begiratuan, badirudi baieztapen horiek kontraesanean daudela, baina
beste udal askotako egoerak ezagututa, esan genezake egoera hau dela ohikoa.
Eta ez udaletan bakarrik; baita beste esparruetan ere.
OHITURA
Eta orduan zergatik egiten dute erdaraz beraien artean? Joera horren atzean
zer dagoen galdetuz gero, lehen erantzuna "ohitura" izan ohi da.
Baina zer dago "ohitura" hitzaren azpian? Legazpiko udal langileen
ustez erdaraz egiteko ohituraren atzean faktore nagusi hauek daude: gaitasun
falta, inertzia, giro erdaltzalea eta kontzientzia falta. Euskaraz egitera
bultzatzen duten faktore motibatzaileak berriz: giroa, langile edo herritar
euskaldunekiko harremana, norberaren gaitasuna, Euskara Zerbitzuaren lana,
agintari batzuen bultzada, jendeari zerbitzu ona emateko borondatea eta
erakundearen erreferentzialtasuna.
Hizkuntza ohituretan aldaketa gertatzeko ezinbestekoa da euskara ongi
menperatzea eta inguruan euskaldun dentsitate altua izatea. Baina hori ez da
nahikoa. Alderdi psikolinguistikoak ere landu behar dira, hausnarketa hauetan
azaldu denez: beldurrak gainditu, ahozko harremanetan inertzia puskatu eta
dauden oztopoak identifikatu. Badira lotsa sentitzen dutenak, badira harremanak
beti erdaraz izan eta euskararako jauzia emateko arazoa dutenak, badira... era
askotako mugak.
Nolabait esateko hizkuntza "dibortzioa" planteatu behar da.
Pertsona batekin beti erdaraz egin badugu, hizkuntza aldaketa
"dibortzio" moduko bat da. Pertsona "erdaldun" horrekiko
harremana eten behar dugu eta euskarazko harremanen gaineko itun berri bat
eraiki.
ONDORIO BATZUK
Legazpiko udal langileen artean euskararen aldeko motibazio maila altua
somatu da, baina oztopo zehatzak ere hor daude. Urrats berriak eman ditzaten
mekanismoak asmatzea da erronka, eta horretarako ezinbestekoa da gai honetaz
beraiekin hausnartzea, banaka eta taldeka. Legazpin jada hasiak dira lanean
Inmak adierazi digunez: "Laster æMintza-saioakÆ martxan jarriko ditugu.
Jauzi hori egiteko prest dauden langileak astero ordu betez elkartzea eta
elkarrekin euskaraz hitz egitea da helburua. Saio horiekin hainbat lankideren
arteko harremanetako hizkuntza aldatzea espero dugu".
Euskara maila lortzea eta erabilera planak taxutzea ezinbestekoa da, baina
horiekin batera langileen arteko harremanetan (ahoz nahiz idatziz) egon daitezkeen
oztopo psikosoziolinguistikoak azaleratu behar dira. Horretarako, harreman
zuzena behar da langileekin, oztopoak zehatz-mehatz ager ditzaten eta oztopo
horiek gainditzeko soluziobide pertsonalizatuak aurki eta ados daitezen
Beste barik, ondo izan asteburuan.