2016/10/21

Timbrea

Egun on, danoi:

Denbora luzea, luzeegia agian, pasatu da azken sarrera idatzi nuenetik. Gau berriro igoko dut iritzi artikulu labur bat, zuen zereginekin zerikusia duena, eta familia batzuetan gertatzen dena. Horretaz gain, nahiko polita iruditu zait. Ea gustuko duzuen.

Artikuluaren amaieran iruzkinak egitreko lekua duzue, Aprobetxatu eta eman zuen iritzia, artikuluari edo blogari buruzkoa. Eskerrik asko.

BIRA
Tinbrea
BERRIA / 2016-10-18 / Miren Amuriza


Kafeari zurrut egin eta suabe-suabe iradoki dio ama alargunari tinbrea jarri behar lukeela paparrean, edozer gertatuta ere botoitxoari sakatu eta larrialdietan abisua hartzen dutela. Andreak ezezko lehorra, esan nizun lehengoan ere. Alabak errepika, Dolores Errotabarrikoa ederto dabilela tinbrearekin. Amak uka, Dolores Errotabarrikoa zaharra dela bere aldean, lau urte gehiago, eta berak ez duela horrelako prendarik behar, jendeak inutila dela pentsa dezan gero. Alabak uzteko jendeari bakean, alkandorapean igarri ere ez zaiola egingo. Eta eskotea jantzi gura badut, zer? Alabak hasperen kafe hondarrei beha; eskotea? Zelako gauzak esaten dituzun, ama! Horrelako umekeriez barik, pentsa zure segurtasunaz. Andreak haserre, ez direla umekeriak, bere iritzia baizik; badakiela tinbrea ez eze, arrana ere jarriko lioketela ahal balute, ahuntzei bezala, bera kontrolpean izateko. Baina ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra, ni zuen ama naiz! Alabak ahotsa apaldu du andrea lasaitu dadin eta esplikatu, ez dutela kontrolatu gura, zaindu egin gura dutela. Baserria arriskutsua dela eta kortan eror daitekeela, edo eskaileretan, edo dutxatik irtetean, edo gelan alfonbrarekin labain eginda... Zutitu eta marmarka alde du matriarkak; inseguruago, ordura arte ez baitzaio sekula burutik pasa gelan, komunean, eskaileretan, kortan... eror litekeenik. 

2016/06/02

Batzordea eta inkesten aurkezpena

Egun on, danoi:

Zorionak eman behar dizikizuet gaurko batzordera txostenak euskaraz eraman dituzuen guztioi. Izan ere, gehienak izan dira, eta hori zoriondu behar da. Bestalde, batzordean agertu da termino hau:


  • Trastorno adaptativo con depresión: Egokitze-nahasmendua depresioarekin


Dagoeneko guztiok jaso duzue inkesten aurkezpenera joateko deia; hemendik animatu nahi zaituztet, horrela aukera izango duzue ikusteko zertarako erantzun duzuen. Ez dut uste oso luzea izango denik, baina batzuetan emozionatzen naiz eta... kontuan hartuko dut zer ordutan den, eta sabelak esango digu arin bukatu behar dela. Espero dut aprobetxagarri izatea astelehenekoa. 

Ondo ibli asteburuan,

2016/05/25

Inkestak

Egun on, danoi:

Lehenengo eta behin eskerrak eman nahi dizkizuet orain arte erantzun duzuen guztioi. Erantzun interesgarriak izan dira, eta ondorioak ateratzeko oso baliagarriak.

Bestalde, gogorarazi nahi dizuet inkestei erantzuteko ezarri genuen azken eguna hurbiltzen ari dela: maiatzaren 31 izango da azken eguna. Hasieran oso urrun zegoela ematen bazuen ere, hor daukagu, datorren asteartea izango da azken eguna. Beraz, inkestari erantzun nahi diozuenok animatu nahi zaituztet hurrengo egunetan ea tarte bat ateratzen duzuen egiteko.

Eskerrik asko, eta eutsi!!!

2016/05/18

Batzordeak eta inkestak

Egun on, danoi:

Lehenengo eta behin, komentatu nahi dizuet, nire ustez, hobetu beharko litzatekeen kontu bat: txosten batzuk gaztelaniaz idatzita bidaltzen dira, eta horrek lana ekartzen dizue guztiei. Badakit oso lanpetuta zabiltzatela, eta esfortzua dela zuetako batzuentzat. Baina nik uste dut, agian oker nabil, gaztelaniaz egitetik euskaraz egitera batzuen kasuan ez dagoela denbora tarte handia, gainera, beti deitu ahal didazue niri laguntza eske, edo bukatutakoan niri bidali zuzentzeko.

Izan ere, euskaraz idazten baduzue, aurkezteko momentuan izan ditzakezuen zalantzak, hiztegia, egiturak, etab. landuta daudenez, errazago azalduko dituzue. Bestalde, ezin bazarete batzordera joan, zuen kasua azaldu behar duenak errazago egingo du aipatutako arrazoiarengatik. Beraz, nahiz eta nekatuta egon, animatzen zaituztet euskaraz egitera, eta horretarako dauden baliabideak erabiltzera (nire laguntza, aurrez-aurrekoa, zein mezu edo deien bdez)

Batzordean agertu ziren zalantza hauek:

  • orden de desahucio: etxegabetze-agindua
  • RGI (Renta de Garantía de Ingresos): DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta)



Bestalde, inkestak erantzuten hasi zarete, eta zuen inpresioak eta iruzkinak jasotzen ari naiz; oso ondo. Momentuz, erritmo onean ari zarete erantzuten. Honekin ere, betetzeko orduan edozein zalantza baduzue, jo niregana arazorik gabe. Gogoratu maiatzaren 31 arte duzuela inkestei erantzuteko. Ez utzi azken momentura arte, mesedez.

Animo!!!

2016/05/04

Euskaldunberri-euskaldunherri

Egun on, guztioi:

Gaur, Berrian agertutako iritzi artikulua ekarriko dut hona. Askotan kategoriak egiteko joera dugu, eta batzuetan kategorizazio horiek mesedegarriak izan beharrean, kaltegarriak dira. Ematen du, edo agian da nire pertzepzioa, "euskaldunberri" bati zerbait falta zaiola, hau da, gidabaimena ateratzen dugunean, L ospetsua jartzen digute beste gidariengandik bereizteko, horrek dakarrenarekin. L horrek adierazten du oraindik ez dela gidari osoa, trebea, eta gidariberri horrentzat zamatsua da kategoria hori kotxeko lepoan eramatea; gainera, zelako zama kentzen dugun gainetik karteltxo madarikatu hori kendu ahal dugunean.

Gure hizkuntzak ondo baino hobeto adierazten du zer den euskalduna (euskara duena), beraz, euskaraz dakienak ikasi duelako bere bizitzan zehar noiz arte eraman behar du L madarikatua? Hona hemen artikulua ea zer deritzozuen.


Euskaldunberritik, euskaldun herrira

Iker Salaberria Urkizu | 2015-11-20 | 11:53:53


Kategorizatzeak sailkatzea, bereiztea dakar. Gure mundua antolatzeko, ulertzeko, gauzak izendatu eta kategorizatzen ditugu. Ezaguna da Fran Boas antropologoak eskimalek Inuit hizkuntzan elurra bereizteko ehundaka kategoria desberdin erabiltzen zituztela ezagutzera eman zuela. Normala, gure kasuan ez bezala, euren egunerokotasunean elur mota desberdinak bereizteak garrantzia berezia hartzen baitu. Hortaz, kategorizazioa errealitatea ulertzeko erabiltzen den bezala, kategorizazioak errealitatea sortzen du. Guk soilik elurra ikusten dugun lekuan, Inuitet elur mota diferenteak ikusten baitituzte.

Kategorizazio, sailkatze, bereizte horiek ez dira hutsalak askotan, ez dira neutroak. Ez da aspaldikoa gurean, 'maketo' edo 'casero' kategorien erabilera. Adibide horiek emanda, azalpenak soberan...

Kategorizazioak sortzen duen beste fenomeno bat, 'gu' eta 'haiek' bereiztearena da. Kategoria bat (demagun, 'euskaldunak') eraikitzeko, 'ez kategoria' bat ('ez euskaldunak'='erdaldunak') bereiztea ezinbestekoa baita. Gu ez garen guztiak dira haiek, nahiz eta akaso, haiek horien barruan, azpimultzo desberdinak egon. Horregatik, garrantzia berezia hartzen du kategorien eta bereizketa-ardatzen eraikuntza horrek. Gutartasuna bera eraikitzeko, komunitate, kolektibo gisa, baina baita, gutartasun horren baitan nortzuk sartzen diren eta nortzuk ez definitzeko, gutartasun hori zenbateraino zabaltzen den definitzeko.

Gatozen, bada, gurera. Gatozen, euskaldunberrien kategoriara. Azken boladan errekonozitu, goratu beharrekoa dela entzun dugu. Ta, nago ni, justu desagerrazi, akabatu beharrekoa dela.

Eta uler dadila ez natorrela heldutan euskara ikasteko ahalegina egin dutenei ezer ukatzera, euren ahalegina zoriondu eta errekonozitu behar ez denik esatera. Ezta hurrik eman ere! Jende hori guztia kategorizatzeko, bereizteko, 'euskaldunberri' kategoria erabiltzeaz ari naiz. Zergatik ez ditugu gutartzen, zergatik ez zuzenean 'euskaldun' izendatzen?

'Hiztun berrien hizkuntza-identitatea'ren inguruan hainbaten artean eginiko ikerketaren inguruan Ane Ortegari eta Estibalitz Amorrorturi entzun diogu, euskaldunberri, euskaldun eta euskaldun zahar kategoriek legitimazio continumm-a osatzen dutela. Euskaldunberri gisa euren burua ikusten dutenak izanik, legitimazio ardatz horretan ahulen, legitimazio txikienarekin ikusten dutenak euren burua. Are gehiago, kontuan hartzen bada, atzera-bueltarik gabeko kategoria batean harrapatuta daudela (hemen, gogoeta osagarriak). Familian euskara jaso ez dutela eta, ezingo dutela sekula legitimazio handiena sentitu eta euskaldun zahar izan (2 urtetatik euskaraz ikasi arren!). Ondorio gisa, zera zioten: lan handia egiteke dago oraindik, euren burua benetako euskaldun modura hartzen ez dutenen artean, auto-pertzepzio hori aldatzea nahi bada.

Beraz, mesede egiten al digu euskaldunberri, euskaldun eta euskaldun zahar bereizketak? Ez ote litzateke egokiagoa guztiak euskaldunon multzoan sartzea? Ez ote lieke ba horrek euskara ikasi duten horiei euskaldun izatea, sentitzea erraztuko?

Hasieran esan bezala, kategoriak eraikuntza sozialak dira, guk sortu eta edukiz betetzen ditugunak. Eta ikusten denez, ez dira neutroak. Norbere autopertzepzioan, legitimazio sentimenduan... eragin dezakete. Maketo kategoriaren erabilera aspalditik ezabatzen aritu gara geure hiztegietatik, etorri berriei lekua egiteko. Egin dezagun urrats bat gehiago eta joan gaitezen euskaldunberritik euskaldun herrira.

2016/04/06

Aspaldiko

Aspalditik ez dut sarrerarik idatzi, eta bazen garaia gauza batzuk, batez ere, batzordeetatik ateratakoak, bertan komentatzeko. Beraz, hemen dituzue horietako batzuk:

Aurkeztu

Gaztelaniaren eraginez, behin baino gehiagotan entzuten eta irakurtzen dira honelako esaldiak: "ez dakit nork aurkezten ditu gaixotasun hauek" aurkeztu aditza esaldi horretan behar dugu? Badago arazorik esaldi hau ulertzeko? "ez dakit nork gaixotasun hauek ditu". Batzuetan, formalegiak izan nahi dugu, edo sinpleegiak izateko beldurragatik hornitzen dugu diskurtsoa, testua, edo dena delakoa, behar ez diren hitzekin, eta, horiek, lagundu beharrean, ilundu baino ez dute egiten.

Reconocer

Askotan itzuli behar dugu termino hori txostenetan (se le reconoció un grado 3...), Horrelakoak adierazteko gomendatzen den terminoa aitortu da, adibidez, III. gradua aitortu zitzaion 88 punturekin. Beste kasu batzuetan lortu aditza ere ikusi dut, nik ez dut uste oso egokia denik, hau da, ez dut uste lorpenik dagoenik kasu horretan; lortu gehiago ikusten dut ospatzen diren gauzekin.

Empeorar / mejorar

Hauek askotan erabiltzen dira gaixoaren osasun egoerari buruz hitz egiten denean, eta gehien erabiltzen direnak hauek dira: osasuna txarrera / hobera joan da.  Ondo dago, baina ez ahaztu forma hau: osasunak txarrera / hobera egin du

Grado 3, gradu 3 / III. gradua 

Horiek aldatzen hasi gara, zorionak egiten ari zareten ahaleginagatik. Bizkaia.eus orrian begiratuta, horrela agertzeen da, euskaraz eta gaztelaniaz:

  • Euskaraz: I. gradua, II. gradua, III. gradua (lehenengo, bigarren eta hirugarren) 
  • Gaztelaniaz: grado I, grado II, grado III
Beraz, hona ekarriko dugu berriro goian erabilitako adibidea: III. gradua aitortu zitzaion 88 punturekin

Susperraldia / errehabilitazaioa

Bi hiz hauek azken batzordean agertu ziren, eta hurbilekoak izan arren, uste dut desberdinak direla. 

Susperraldia convalecencia adierazteko erabili beharko genuke. 

Rehaiblitación terminorako, Euskaltermek hitz batzuk ematen baditu ere (birgaitu, bizkortu,...) argiena uste dut errehabilitazio hitza dela.

Gaurkoz, hauek komentatu nahi nituen; gehiago izango dira, eta jarriko ditut hemen. Ez ahaztu edozein zalantza argitu nahi baduzue niregana jo ahal duzuela, lasai-lasai. 

Ondo segi. 




2016/02/17

Egun on, denoi:

Aspaldiko partez ez dut ezer eskegi hemen, barkatu. Gaur, azken batzrodeetan agertutako zalantza batzuk komentatuko ditut. Batzuk gertatzen dira gaztelaniatik zuzenean itzultzen dugulako, eta bestelakoak ere badaude.

Desberdinak

Gutxi gorabehera esaldia honakoa izan zen: "ekitaldi desberdinetarako laguntza behar du" Beltzitutako hitza ez da komentatu beharreko bakarra, baina bai da askotan egiten dugun akatsa, eta ez termino honekin bakarrik. Gaztelaniaz erabiltzen da "distintas, diferentes", baina euskaraz, erabili behar dira honako hitzak: "batzuk, gutxi, asko, zenbait, hainbat..."
Bestalde, esaldi horretan "ekitaldi" erabili zen, eta ez da termino egokia "jarduera" erabili behar da "actividad" adierazteko; "tarea" esan nahi dugunean, berriz, "zeregin" erabiliko dugu.

Gainditu / onartu

"epaitegiak gainditu ditu neurriak". Egia da "gainditu" aprobar dela, baina "superar" zentzuarekin; beraz, azterketak, probak, eta horrelako kasuetarako utzi beharko genuke. Legeen esparruan, "onartu" aditza erabiliko dugu, oro har. Bestelakoak ere, badaude, baina agertu ahala komentatuko ditugu.

Urteak eta zenbakiak

2007an esateko orduan, hauxe entzun nuen: bi mila zazpian. Gogoratu ehunenak (centena) agertzen ez badira ETA jarri behar dugula, Beste gauza bat da 1999an esan nahi badugu, orduan honelaxe esango dugu: mila bederatziehuen ETA laurogeita hemeretzian. Beraz, ETA jarri behar da urteak esaten ditugunean.

Zertaz

Kasu hau, edo instrumentala deitutakoa, behin baino gehiagotan ez dugu ondo erabiltzen; pentsatzen dugu, agian zerTAZ hori buruan dugula, beti dela -TAZ. Kasu honek singularrean -AZ, pluralean -EZ eta mugagabean -(e)Z egiten du. -TAZ bakarrik erabiltzen da izenordainak (prononbreak) egiten ditugunean; nitaz, hitaz, hartaz, gutaz, zutaz, zuetaz, haietaz. Beste kasu batzuetan biak erabil daitezke: horrez gain / horretaz gain, eta horrelakoak.

Hemorragia

"Hemorragia" euskaraz, "odoljarioa" da.
"Odoluste" atera genuen batzordean, baina hori "desangrado" da, hau da odolik gabe geratzea. Aditza, "odolustu" da, "desangrar(se)"

Hau zen gaur komentatu nahi nizuen guztia. Ez ahaztu euskararekin erlazionatutako edozein zalantza argitzeko, edo hitz teknikoak jakiteko, nigana jo dezakezuela arazorik gabe.