«Eginez» bezalako formak aditz-partizipioari («egin», «eman», «hartu»...) instrumentalaren marka («-z») erantsiz sortzen dira. Halako formek hiru erabilera nagusi dauzkate.
- Zerbait lortzeko bidea edo bitartekoa adieraztea.
- Kristala apurtuz atera dute gela barruan pilatu den gasa.
- Entzunaren entzunez, udako kantak buruan txertatuta geratzen zaizkigu betiko.
- Esaten denaren berri ematea.
- Josunek deitu du, bere laguntza eskainiz.
- Manifestazioa egin zuten sindikatuek, erreformak gelditzeko eskatuz.
- Denboran aldi berean gertatzen diren ekintzak lotzea.
- Agur esanez urrundu ziren.
- Atzerritik etorritako taldeek Bilboko kaleak zeharkatu dituzte, euren doinuak kantatuz eta dantzatuz.
Aspaldian erabilera oker bat zabaldu da: gertaera baten ondorioa adieraztea.
- Bart bonbak jaurti dituzte Tripolin, lau hildako eraginez.
Adibide horretan, lehen gertaera (bonbak Tripolin jaurtitzea) eragilea da, eta bigarrena (lau pertsona hiltzea), bestearen ondorioa. Horrelako kasuetan, okerra da ondorioari -zjartzea.
Erabilera oker hori konpontzeko modurik errazena ekintza biak lotzeko «eta» juntagailua erabiltzea da:
- Bart bonbak jaurti dituzte Tripolin, eta lau hildako eragin dituzte.
Hona hemen beste adibide batzuk:
- trakets: Karidadeko Bentak Euskal Herri osoa zeharkatu du agurreko biran, arrakasta handia lortuz.
- hobeto: Karidadeko Bentak Euskal Herri osoa zeharkatu du agurreko biran, eta arrakasta handia lortu du.
- trakets: Presa handiz irten nintzen etxetik, dena hankaz gora utziz.
- hobeto: Presa handiz irten nintzen etxetik, eta hankaz gora utzi nuen dena.
- trakets: Brend upela asko garestitu zen atzo, merkatuetan urduritasunaeraginez.
- hobeto: Brend upela asko garestitu zen atzo, eta merkatuetan urduritasuna eragin zuen.
Erreferentziak:
- EITB (2007): Euskarazko albistegietarako esku-liburua II. 102-104.
- GARZIA GARMENDIA, Juan (2005): Kalko okerrak. 84.
(EIDER SANTISTEBAN eta GONTZAL FONTECILLA. ETBn 2011ko beka-aldian prestaturiko lana)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina