2016/10/21

Timbrea

Egun on, danoi:

Denbora luzea, luzeegia agian, pasatu da azken sarrera idatzi nuenetik. Gau berriro igoko dut iritzi artikulu labur bat, zuen zereginekin zerikusia duena, eta familia batzuetan gertatzen dena. Horretaz gain, nahiko polita iruditu zait. Ea gustuko duzuen.

Artikuluaren amaieran iruzkinak egitreko lekua duzue, Aprobetxatu eta eman zuen iritzia, artikuluari edo blogari buruzkoa. Eskerrik asko.

BIRA
Tinbrea
BERRIA / 2016-10-18 / Miren Amuriza


Kafeari zurrut egin eta suabe-suabe iradoki dio ama alargunari tinbrea jarri behar lukeela paparrean, edozer gertatuta ere botoitxoari sakatu eta larrialdietan abisua hartzen dutela. Andreak ezezko lehorra, esan nizun lehengoan ere. Alabak errepika, Dolores Errotabarrikoa ederto dabilela tinbrearekin. Amak uka, Dolores Errotabarrikoa zaharra dela bere aldean, lau urte gehiago, eta berak ez duela horrelako prendarik behar, jendeak inutila dela pentsa dezan gero. Alabak uzteko jendeari bakean, alkandorapean igarri ere ez zaiola egingo. Eta eskotea jantzi gura badut, zer? Alabak hasperen kafe hondarrei beha; eskotea? Zelako gauzak esaten dituzun, ama! Horrelako umekeriez barik, pentsa zure segurtasunaz. Andreak haserre, ez direla umekeriak, bere iritzia baizik; badakiela tinbrea ez eze, arrana ere jarriko lioketela ahal balute, ahuntzei bezala, bera kontrolpean izateko. Baina ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra, ni zuen ama naiz! Alabak ahotsa apaldu du andrea lasaitu dadin eta esplikatu, ez dutela kontrolatu gura, zaindu egin gura dutela. Baserria arriskutsua dela eta kortan eror daitekeela, edo eskaileretan, edo dutxatik irtetean, edo gelan alfonbrarekin labain eginda... Zutitu eta marmarka alde du matriarkak; inseguruago, ordura arte ez baitzaio sekula burutik pasa gelan, komunean, eskaileretan, kortan... eror litekeenik.