2013/01/29

2013ko urtarrilaren 24ko batzordea

Gaurko batzordea luzea eta korapilatsua izan da; kasu asko eta konplexuak aurkeztu dira. Hori dela eta, zenbait momentutan gaztelaniara jo dute langileek kasua korapilatu denean. Idatziz bederatzi eginbide aurkeztu dira eta horietatik hiru euskaraz idatziak izan dira %33, beraz. Azpimarratzekoa da euskaraz idatzitako hiru eginbideak Leirerenak izan direla, nabarmentzeko moduko lana egiten ari baita.

Zalantzak eta zuzenketak

Hiztegia:

- Acoger = Abegi egin (Centro de acogida = abegi-zentroa // Familia de acogida = abegi-familia)
- Bilis = Behazun (cólico biliar = behazun-kolikoa)
- Cuidados al final de la vida = Bizitzaren bukaerako zainketak
- Desbordar = Gainezka egin (el cuidador está desbordado = zaintzailea gainezka dago)
- Fondo de pensiones = Pentsio-fondo; pentsio-funts
- IFAS = GUFE (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea)
- Orden de alejameniento = Urruntzeko agindu
- Problema de comportamiento = Portaera arazo
- Reagrupación familiar = Familia berrelkartze

2013/01/28

Datozen egunetarako plan euskalduna Mari Cruzen eskutik

OTSAILA

2 / LARUNBATA, 9:00, bizikleta irteera bizikleta-taldekoek antolatuta
Ibilbidea erabakitzen ari dira bizikleta-taldeko posta zerrendan, parte hartu nahi baduzu bozketetan eman izena hemengo formularioan.

7 / OSTEGUNA, 19:00, dastaketa saioa Mikel Garaizabalek gidatuta Erandioko udaletxe azpiko erakusketa gela
Idiazabal gazta eta jatorri-deitura duten ardoak (Arabako Errioxakoa, eta Getariako, Bizkaiko eta Arabako txakolinak) dastatuko dira.. Berbotsek antolatuta: izena lehenbailehen eman behar da, plaza mugatuak: berbots@gmail.com / 630404171.

9 / LARUNBATA, 11:00-12:00, xaboi ekologikoen tailerraren lehen eguna (bigarrena 16an da), Uknatura elkarteko lagunen eskutik, Algortako Gauegun gaztelekuan (Urgull kalea z/g, 3. pisuan), doan, 7 urtetik aurrerakoentzat (gurasoekin batera), Sendik antolatuta.

13/ ASTEAZKENA, 17:30-18:30, galleta-tailerra, Ainhoa Rebollorekin, Bidebitarte txokoan (Sarrikobaso 1, lehengo barreren ondoan), doan, 2-3 urteko umeentzat (gurasoekin batera), Sendik antolatuta.

14 / OSTEGUNA, 19:00-20:30, irrintzi-ikastaroaren lehen eguna (bigarrena 21ean da), Amaia Garcia Uriondorekin, Algortako Aldai patronatuan (Itxasgane, Karitatea 1, behea),
doan, 10 urtetik gorakoentzat (umeak gurasoekin lagunduta), Sendik antolatuta.

2013/01/23

2013ko urtarrilaren 17ko Batzordea

Aste honetako batzordea labur-laburra izan da gizarte-langileek kasu bakarra aurkeztu dutelako; kontuan hartu behar da gutxienez 6 bat kasu aurkezten direla normalean. Hala ere, azpimarratzekoa izan da gaurko batzordean Sheilak aurkeztu duelako kasua eta Sheila ez da ohiko parte hartzailea. Hori dela eta, meritu handia du kasua euskaraz azaldu duelako eta baita kasuaren eginbidea euskaraz idatzi duelako ere. Gaurko batzordean, beraz, eginbideen %100 izan da euskaraz idatzitakoa.

Zalantzak eta zuzenketak:

Akatsak:

- *Ez dauzka gogoak etxetik ateratzeko = Euskaraz GOGO singularrean erabiltzen da (gogoa daukat), ez gaztelaniaz bezala (tengo ganas). Beraz, ez dauka etxetik ateratzeko gogorik, eguneko zentrora joateko gogoa dauka... eta halako esaldiak erabili behar ditugu.

Hiztegia:

- Amputar = Moztu, ebaki, anputatu (hanka ebaki behar izan diote)
- Amputación = Ebakitze, mozte, anputazio (ezker hankako anputazioa)
- BVD = MBB (Baremo de Valoración de la Dependencia = Mendekotasuna Baloratzeko Baremoa)
- Post-traumático = Trauma-ondoko (estrés post-traumático = trauma-ondoko estresa)
- Préstamo = Mailegu (Mailegu bat eskatu dio bankuari)
- Prótesis = Protesi (ezker hankako protesia)
- Seguimiento = Segimendu, jarraipen (gaixotasunaren segimendua egin beharko dugu)
- Trastorno de la personalidad = Nortasun-nahasmendu

2013/01/21

Datozen egunetarako planik ez baduzue...

Joan den astean bezala Mari Cruzek plan interesgarriak bidali dizkigu euskararen gainean.


URTARRILA

24 / OSTEGUNA, 20:00, Jon Arretxerekin solasaldia "19 Kamera" eleberriaz Aldai Patronatuan
Uribe Kostako irakurzaleen txokoak antolatuta.


26 / LARUNBATA, "Korrika omenaldia" ikasleen jaia Usurbilen, Erandioko Berbotsek antolatuta
Aurtengo omenduak ikasleak dira; horrexegatik Usurbilen jai erraldoia egingo da eta autobusa irtengo da Erandiotik 11:00etan, egun pasa egin ostean 24:00ak aldera Usurbiletik itzuliko dira. Dena 10 €! (busa, bazkaria, kontzertuak…). Sarrerak salgai Karraka eta Hegoalde tabernan. Ezin bazara handik pasatu, emaila bidali berbots@gmail.com. Izena emateko azken eguna: urtarrilak 24, eguena, eguerdian.

27 / IGANDEA, 18:00, "Ahatetxo itsusia" antzezlana Areetako Andres Isasi Musika Eskolan
Sarrerak 4€, 4 urtetik aurrerakoentzat, Getxoko Kultur etxeak antolatuta.
 
OTSAILA
2 / ZAPATUA, 9:00, Bizikleta irteera bizikleta-taldekoek antolatuta
Ibilbidea erabakitzen ari dira bizikleta-taldeko posta zerrendan, parte hartu nahi baduzu bozketetan eman izena hemengo formularioan.


7 / EGUENA, 19:00, Dastaketa saioa Mikel Garaizabalek gidatuta Erandioko udaletxe azpiko erakusketa gela
Idiazabal gazta eta jatorri-deitura duten ardoak (Arabako Errioxakoa, eta Getariako, Bizkaiko eta Arabako txakolinak) dastatuko dira.. Berbotsek antolatuta: izena lehenbailehen eman behar da, plaza mugatuak: berbots@gmail.com / 630404171.


MARTXOA
1-3 / OSTIRALA-IGANDEA, Eski-asteburua Somporten eta parranda Jakan (Familientzat eta gazteentzat)
Iraupen-eskia egiteko aukera zabaldu nahi dugu, urtero bezala. Prezioa: 140 €, 110€ berbalagun, gurasolagun eta Bizarra Lepoaneko bazkideentzat. Ama edo aitarekin doazen umeentzat deskontu bereziak daude, informazio gehiago hemen. Gorde asteburua eta eman izena: egizugetxo@gmail.com. Prestatu txano, eskularru eta bihotzak, gora elurra!!!


Oso ondo segi eta gogoratu,
dabilen mihiari ez zaio goroldiorik lotzen!

EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea
619 935 541 // www.egizu.org

2013/01/16

D bitamina

ALDUNDIAK ETA BIZKAIKO 36 UDALERRIK EUSKARAZKO EREDUEN ALDEKO INFORMAZIO KANPAINA ABIAN JARRI DUTE


Bizkaiko 36 udalerrik parte hartuko dute 2013-2014 aurrematrikulazio kanpainan umeak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoen artean banatzeko. Alkarbidek –Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak- koordinatuta, 2-3 urteko seme-alabak dituzten 7.000 familiari zuzenduko zaie kanpaina.

Orain dela lau urtetik hona D bitamina, Aberastu bere heziketa! egitasmoa abian jarri izan da Bizkaiko hainbat udalerritan eta aurten ere Bizkaiko 21 udalerri eta 2 mankomunitatek elkarlanean burutu dute ekimena.

Urte hasieran zabalduko dute aipatutako informazio-kanpaina, 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia hasi baino zertxobait lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan dezaten. Alkarbidek, Bizkaiko euskara teknikarien bilguneak, koordinatu duen ekimen honetan guztira 7.000 liburuxka inguru banatuko dira kanpainan parte hartu duten udalerrietan.

Aurten gainera, kanpainari buruzko iritzia jasotze aldera, inkesta bat ere bidaliko zaie hartzaileei. Inkesta horren bidez kanpainari buruzko iritzia emateaz gain, gurasoek euren kezka eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da.

Helburua
Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea.

Parte hartzaileak
Bizkaiko 21 udal eta 2 mankomunitate. Guztira, honako 36 udal hauek:
Abanto-Zierbena, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbao, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika,  Gordexola, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena.

Kanpainaren edukia
Kanpainaren osagarri nagusiak lau dira:
- Udaleko ordezkariren batek (alkateak edo euskara zinegotziak) sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena.
- Gutuna bidaltzeko gutunazala. Gutunazalaren beraren barruko aldean agertzen dira D eredua aukeratzeko arrazoiak.
- Eskolan hasiko diren neska-mutikoentzako oparia (kanpainaren leloa idatzita duen           neurgailua).
- Inkesta. Gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da.

Hartzaileak
Gutxi gorabehera, kanpainaren sustatzaile diren udalerrietan bizi eta 2-3 urteko umeak dituzten 7.000 familia izango dira.

2013/01/15

2013ko urtarrilaren 10eko Batzordea

Aste honetako batzordea aspaldian egin den batzorderik erdaldunena izan da, 7 kasu azaldu dituzte gizarte langileek eta 1 mediku batek. Kasuak euskaraz azaldu arren, arazoen inguruko eztabaida gaztelaniaz egin dute gehienbat. Esan beharra dago gaurko batzordean zalantza nahiko konplexuak azaldu zaizkigula. Azaldutako 7 eginbideetatik bat bakarra izan da euskaraz idatzitakoa, %15, beraz. Azken asteetako %50-60tik nahiko urrun.

Zalantzak eta zuzenketak:

Akatsak:

- ... bai udaletxean bai egoitzan...: egitura hau erabili nahi dugunean, "bai" hitza aipatu nahi ditugun bi elementuen aurrean jarri behar dugu, ez erdian bakarrik, *udaletxean bai egoitzan. Beraz:  ...bai gizarte langileak bai medikuak..., ...bai zaintzaileak bai tutoreak...

- 10:15ean, 10:30ean: Gogoratu orduak modu digitalean adierazi nahi ditugunean (XY:15 edota XY:30) minutuak bezala deklinatu behar direla, ez laurden eta erdi hitzak balira bezala. Beraz:  10:15ean = Hamarrak eta hamabostean eta ez * 10:15etan, hamarrak eta laurdenetan.

Hiztegia:

- Alternativa = Aukera (beste aukera bat bilatu behar da)
- Carencia = Gabezia (tiene carencias en el cuidado = zaintzan gabeziak ditu)
- Convalecencia = Susperraldi (quince días de convalecencia =  hamabost eguneko susperraldia)
- Convaleciente = Eriondo, gaixondo (permanece convaleciente = eriondo da)
- Convivencia = Bizikidetza (certificado de convivencia = Bizikidetza-ziurtagiria // Certificado de convivencia de más de 10 años = 10 urte baino gehiagoko bizikidetza ziurtagiria)
- Instrucción = Jarraibide
- Parentesco = Ahaidetasun
- Prestación = Prestazio
- Reagrupación familiar = Familia berrelkartze
- Trastorno de personalidad  = Nortasun-nahasmendu

2013/01/14

Mari Cruzek EGIZU Getxoko Euskaldun Elkarteko programa pasatu digu

AGENDA: URTARRILA

11 / OSTIRALA, 19:30, Barrura begiratzeko leihoak
filmaren emanaldia Berangoeta kultur etxean
Emanaldia doan izango da, Sei Herri kultur elkarteak antolatuta.

12 / LARUNBATA, 9:00, Bizikleta-irteera: Portugalete, Pobal & Montellano
Egizuko bizikleta-taldeko kideek antolatuta, informazioa hemen.


12 / LARUNBATA, 20:30, Pottola antzezlanaren estreinaldia Sopelako Kurtzio kultur etxean
Txalo produkzioaren lan honetan Maria Cruickshank, Aitziber Garmendia, Joseba Usabiaga eta Mikel Losada arituko dira. Sarrerak 6 €, Sopelako Udalak antolatuta.

13 / IGANDEA, 18:00, Anbotoko Mari eta orrazi galdua antzezlana Kurtzio kultur etxeanGlu glu produkzioen antzezlanerako sarrerak: umeek 3 € eta nagusiek 5 €.

17 / OSTEGUNA, 18:00, Ipuinaren ordua Gobelako haur-liburutegian
Atearen atzean saioa egingo du Pedro Ruiz (Alabazan) ipuin-kontalariak, 5-10 urtekoentzat, doan, Udal liburutegiak antolatuta.

17 / OSTEGUNA, 20:00, Pottola antzezlana Altzagako azoka zaharreanTxalo produkzioen emanaldia doan izango da, Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta.

24 / OSTEGUNA, 20:00, Jon Arretxerekin solasaldia "19 Kamera" eleberriaz Aldai Patronatuan
Uribe Kostako irakurzaleen txokoak antolatuta.


27 / IGANDEA, 18:00, "Ahatetxo itsusia" antzezlana Areetako Andres Isasi Musika Eskolan
Sarrerak 4€, 4 urtetik aurrerakoentzat, Getxoko Kultur etxeak antolatuta.

Oso ondo segi eta gogoratu,
dabilen mihiari ez zaio goroldiorik lotzen!
EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea
619 935 541 // www.egizu.org

2013/01/10

Aldundiko hizkuntz-eskakizunen 1. deialdiko azterketa egunak

Animo azterketa egingo duzuen guztioi eta lasai egon, ondo egingo duzue eta.


1.HE:
Azterketa idatzia: 2013ko urtarrilaren 28an, 08:30ean
Ahozko azterketa: 2013ko urtarrilaren 29an, 09:00etan

2.HE:
Azterketa idatzia: 2013ko urtarrilaren 29an, 08:30ean
Ahozko azterketa: 2013ko urtarrilaren 31n, 08:30ean

3.HE:
Azterketa idatzia: 2013ko urtarrilaren 30ean, 08:30ean
Ahozko azterketa: 2013ko otsailaren 1ean, 08:30ean

4.HE:
Azterketa idatzia: 2013ko urtarrilaren 28an, 08:30ean
Ahozko azterketa: 2013ko urtarrilaren 30ean, 09:00etan.