2016/11/30

Mendekotasuna eta ABPa

Egun on, danoi:

Gaur bi termino horien gainean hitz egingo dut, eta saiatuko naiz ahalik eta argien izaten, horregatik lehenengo eta behin, esan behar dizuet tituluan agertzen diren biak zuzenak direla, eta hemendik aurrera bi horiek erabili beharko genituzkeela.

Mendekotasuna / mendetasuna: 2006ko Mendetasun Legea IVAPek horrela itzuli zuen; baina harrez geroztik gehien erabili eta gomendatzen dena Mendekotasuna da, eta horrela erabiltzen da azken dekretuan. Hainbat lekutan ikusiko dugu "mendetasuna" baina jakin behar dugu bestea hobeto dagoela.

ABP terminoarekin antzeko zerbait gertatzen da: 2006ko legean agertzen da (eta horregatik dago horrela blog honetan) Arreta eskaintzeko Banan-banako Programa. Azken dekretuan, berriz, honela agertzen da: Arreta emateko Banakako Programa (ABP). Kasu honetan, behintzat, siglak ez dira aldatu, nahiz eta lekuren batean AEBP ikusi ahal duzuen .

Eta hori zen gaur komentatu nahi nizuena.

Ondo segi.

2016/11/22

Euskara ikastea doakoa B2 mailara arte?

Egun on, danoi:

Euskal Autonomia Erkidegoan datorren legealdirako akordio batera heldu dira PSEk eta EAJ-k. Akordio horretan gauza interesgarri bat dago euskarari dagokionez; antza, hemendik aurrera eta, beti ere, probak gaindituta, B2 maila lortzeko inbertitutako dirua itzuliko dute. Hemen duzue Berria egunkarian agertutakoa:


Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte


70 orrialde ditu EAJren eta PSE-EEren zuzendaritzek arratsaldean berretsi duten akordioak. Euskara ikasteari dagokionez, hizkuntza eskakizunak "gaurkotzea" adostu dute. Bake eta bizikidetzaren alorrean, "normalizazioa egonkortzeko" helburua jarri dute. Autogobernu lantaldea eratzen denetik zortzi hilabeterako idatzi nahi dute estatutu berriaren proposamena. Bihar 12:30ean sinatu eta aurkeztuko dute akordioa IƱigo Urkulluk, Andoni Ortuzarrek eta Idoia Mendiak.

2016-11-21 / Garikoitz Goikoetxea

Lau zati nagusi ditu akordioak: ekonomia eta enplegua; zerbitzu publikoak; autogobernua; eta bakea eta elkarbizitza. Hona hemen akordioaren zati batzuk:
EUSKARA
Hizkuntza politikari buruzko hiru atal ditu jeltzaleek eta sozialistek adostutako hitzarmenak. Printzipio gisa, hau jaso dute: "Euskara Euskadiko berezko hizkuntza da; ez da bakarra, baina guk soilik daukagu. Euskara Euskadikoa den beste hizkuntza batekin bizi da: gaztelaniarekin. Hizkuntzak ez dira baztertzaileak, baizik eta aniztasunaren, pluraltasunaren eta integrazioaren froga. Partekatzen dugu bizikidetza hori hobetu egin behar dela, berdinduagoa, integratzaileagoa eta harmoniatsuagoa izan dadin, kohesio sozial handiagoaren bidean".
Hauek dira hiru puntuak:
1. Euskaltegiak. Euskaraz dakitenen kopurua handitzea eta gaitasuna hobetzea jarri dituzte helburu. Proposamen zehatz bat dago: B2 mailara arte, doakoa izatea euskara ikastea (EGA aurreko maila da B2), baldintza batekin: "Doakotasun hori lotua egongo da beti maila akademikoak gainditzeari". Hots, azterketak pasatzen dituztenei itzuli egingo liekete jarritako dirua, orain hasierako mailetan egiten duten eran.
2. Zabaltzea. Euskarazko edukiak handitzea Interneten eta gailu digitaletan. "Lankidetza" ezinbesteko jo dute horretarako.
3. Elkarlana. Nafarroako Gobernuarekin eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlan handiagoa izan nahi dute. Horrekin batera, Espainia eleaniztuna dokumentua sinatu zuten erkidegoekin ere harremanetan jarriko dira, "hizkuntza bizikidetzari buruz ahalik eta kontsentsu handiena lortzeko".
Hizkuntza politikari buruz hauteskunde kanpainan polemika sortu zuten hizkuntza eskakizunek, PSE-EEk bideo gogor bat egin baitzuen oraingo egoera salatzeko. Aipamen labur bat egin diote gai horri akordioan: hizkuntza eskakizunak "gaurkotzea" adostu dute.
HEZKUNTZA
Hezkuntzako lege berria egitea adostu dute bi alderdiek: "kontsentsuzkoa eta integratzailea" izatea nahi dute. Hizkuntzei dagokienez, ez dute ezer zehaztu ereduei buruz: jaso dute eskoletan proiektu eleaniztunak egin behar direla, "leku bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan izanda".
Hezkuntzaren gaiak pisu nabarmena du jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioan. Hona hemen gai nagusiak:
1. Legea. Kanpainan bi alderdiek jaso zutenez —eta gainerakoek ere bai—, hezkuntzako lege berria egin nahi dute. Hezkuntzaren "egonkortasuna eta kalitatea egituratzea eta indartzea" dituzte helburu. Hezkuntza ituna egin nahi dute, gai hauetan oinarrituta: "Eskola publikoaren rol funtsezkoa eta haren izaera laikoa aitortzea, hezkuntza sistema osoa finantzatzeko oinarriak ezartzea, eta garapen teknologikorako aldaketa material eta pedagogikoak prestatzea".
2. Hizkuntzak. Ingelesa sustatu nahi dute, arlo horretan "hobekuntza eta aurrerapen esanguratsuak" lortzeko. Ez dute hizkuntza ereduen gaia aipatu. Hau diote: "Pixkanaka eboluzionatzea hiru eleko hezkuntza sistemara, euskara izanik ardatz nagusia". PSE-EEk hiru eleko ereduarentzat erabilitako formularen gisakoa da hori. Eskola bakoitzak hizkuntza proiektua egitea da asmoa, "leku bakoitzeko errealitate soziolinguistkoa kontuan izanda". Helburu zehatz bat: Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aurrera ikasgai bat behintzat ingelesez ematea.
3. Arlo soziala. Beketara urtean 55 milioi bideratzea, eta haur eskoletako matrikula familiako errentaren araberakoa izatea.
4. Emaitzak. Irakurmeneko gaitasuna handitzea, eta matematikako eta zientzietako konpetentziak hobetzea. PISA txosteneko datuak hobetu nahi dituzte horrela. Eskola porrota %8 baino txikiagoa izatea jaso dute itunean.
5. Irakasleak. Urtero lan eskaintza publikoak egitea erabaki dute, eta irakasleen "gaitasunen mapa" definitzea. "Sentsibilizazio kanpainak" ere egingo dituzte, irakasleen irudia hobetzeko.
6. Migratzaileen seme-alabak. Neurri zehatzik ez dago: "Aurrera egitea ikasle etorkinak modu orekatuan integratzeko sare publikoan eta pribatuan".
7. Lanbide Heziketa. Lege bat egin nahi dute Lanbide Heziketa "behar berrietara egokitzeko". Eskaintza "malguagoa" egin nahi dute, eta, besteak beste, ikastaroak on line ematea proposatu dute.
8. Unibertsitatea. Goi mailako heziketan BPGaren %1,5 jarri nahi dute, "finantzaketa iturri publikoetatik eta pribatuetatik" jasota. Ikerketari dagokionez, urtero %5 handitu nahi dute horretara bideratutako diru kopurua. Unibertsitateak "nazioartekotzeko" asmoz, nazioarteko bikaintasun campusak bultzatuko dituzte.