2013/03/20

Soniak txosten itzela idatzi du euskara hutsean!!!

Sonia gizarte langile berria da eta txosten luzea eta zaila idatzi du euskaraz. Animo eta jarraitu horrela!

Hona hemen aipatzekoak izan diren zuzenketa eta hiztegi kontu batzuk.
  • Neoplasia rectal = Ondeste neoplasia
  • PECEF = FBZPE (Famila Barruko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoa)
  • Policetimia secundaria = Bigarren mailako polizetimia
  • Relación conflictiva = harreman gatazkatsua (gurasoen eta seme-alaben arteko harremana gatazkatsua da)
  • Trastorno psicótico esquizotéoico = Nahasmendu psikotiko eskizotepiko
  • Higiene / limpieza personal = higiene / garbiketa pertsonala (ez da bere burua garbitzeko gai)

2013/03/19

Mari Cruzek hurrengo egunetarako agenda bidali digu

AGENDA: MARTXOA

19 / ASTEARTEA, 20:00, "Pisukideak"
antzezlana Erandioko azoka zaharrean
Sarrera doan da eta Korrika kulturalaren barruan.

21 / OSTEGUNA, 19:30,
Ramon Saizarbitoria idazlearekin Martuteneeleberriaz berba egingo dugu
Algortako Aldai Patronatuan, Uribe kostako irakurzaleen txokoak antolatuta.


22 / OSTIRALA, 13:30, Korrika 18 Getxora helduko da,
informazio guztia hemen.

22 / OSTIRALA, 19:00, Pako Aristiren hitzaldia: Independentzia, ondorengoei utzi beharko geniekeen herentzia
Villamonte kultur etxean, Antolatzailea: Bolivartiar Ikaskuntza Elkartea.

24 / IGANDEA, 9:45, Korrikaren Baionako jaira
joateko autobusa Algortako VVetan
Autobusak 12€ balio du, izena emateko aek-ko euskaltegietan (lauaxeta@aek.org).

24 / IGANDEA, 18:00, "Teleipuina" txotxongilo-ikuskizuna familientzat, Areetako Andres Isasi musika-eskolan
(3 urtetik gorakoentzat) Ikuskizuna txotxongiloen eta aktoreen artean agiten dute, eta publikoaren parte-hartze aktiboa eskatzen du. Protagonistak, Toni La Salek, telebista digitalaren mundura egokitu behar du, baina apur bat nahastuta dago: seinalea trafiko-seinaleekin nahasten du, eta ez daki oso ondo LTD delakoa aparatua edo intsektizida den. Prezioa: 4€. Getxo Kultur Etxeak antolatuta.


24 / IGANDEA, 18:00, "Babia" familientzako antzezlana Leioako Auditoriumean
Ganso & Cía konpainiaren eskutik. Sarrera: 5 €.

27 / ASTEAZKENA, Etxalarko berbalagunon asteburu pasan izena emateko azken eguna
Euskal Herriko berbalagunentzako asteburua antolatzen ari gara Etxalarren, hemen informazio guztia.


APIRILA

10 & 11 / ASTEAZKENA & OSTEGUNA, Lorenzo Rojo bizibidaiariaren diaporamak Romon eta Algortan.
http://munduanbarrena.blogspot.com.es/ blogean irakurri ahal dituzue Lorenzoren kronika ederrak

26 / OSTIRALA, "Ni gaztea nintzenean" narrazio lehiaketan lanak entregatzeko azken eguna
Kultur Leioak antolatuta. Oinarriak hemendik jaitsi ahal dira.

Oso ondo segi eta gogoratu,
dabilen mihiari ez zaio goroldiorik lotzen!
EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea
619 935 541 // www.egizu.org

2013/03/15

2013ko martxoaren 7ko eta 14ko batzordeak

Azken bi batzordeetarako fitxa bakarra egin dugu, albiste gehiegi ez sartzeko eta blogak gainkargarik ez izateko, horrela irakurtzeko errazagoa izango da.
Martxoaren 7an 11 kasu aurkeztu zituzten gizarte langileek eta medikuek. Kasu horien ahozko azalpen guztia euskaraz egin zen eta idatzizko 11 txosten horietatik 5 euskaraz idatzi ziren, %45,5. Aste honetako batzordean, martxoaren 14koan, 15 kasu aurkeztu dituzte langileek, kasu horietatik 6 txosten idatzi dira euskaraz, %40.
Azken bi aste hauetan gure helburua den % 60 horretatik behera ibili gara.

Akatsak eta zuzenketak:

Akatsak:

- a punto de: Euskaraz bide bat baino gehiago daukagu egitura hau erabiltzeko. Ikusiko ditugu adibide batzuk hurrengo esaldirako: la persona cuidadora está a punto de claudicar
    * Zaintzailea amore emateko zorian dago. (-t(z)eko zorian)
    * Zaintzailea amore ematear dago. (-t(z)ear egon)
    * Zaintzailea hari-harian dago, amore emango du. (hari-harian)
    * Zaintzailea hari batean dago, amore emango du. (hari batean)

Hiztegia eta egitura interesgarriak

- ACFA = AOFA (arritmia osoa fibrilazio aurikularragatik)
- ACV = GHI (garuneko hodietako istripua)
- Alucinación = Haluzinazio
- Apnea del sueño = Loaren apnea (síndrome de apnea obstructiva del sueño = loaren apnea buxatzailearen sindromea)
- Artrosis = Artrosi (Belaunetako artrosi larria)
- Bocio = Golo (golo noduluanitza hipertiroidismoarekin)
- Decremento de capital = kapitalaren gutxitzea (justifikatu gabeko kapital-gutxitzea)
- Donación = Dohaintza (donación de la vivienda = etxebizitzaren dohaintza)
- EPOC (enfermedad pulmonar obstructiva crónica) = BGBK (biriketako gaixotasun buxatzaile kroniko)
- HTA = AHT (arterietako hipertentsioa)
- Insulinodependencia = Intsulina-mendekotasun
- Masa muscular = Muskulu-masa (denbora luzez egon da ohean eta muskulu-masa galdu du)
- Reagrupación = Berrelkartze (reagrupación familiar = familia berrelkartzea)
- Vida cama-silla = Ohetik aulkirako bizitza (orain ohetik aulkirako bizitza baino ez du egiten)

2013/03/13

Korrika 18


Atzo Korrikaren aurkezpena izan zen aldundian. Bertan bideo polit hau aurkeztu ziguten.

2013/03/11

Euskara Irakurle Taldeak


Euskara irakurle taldeak: Udane Goikoetxea

Helburuak:
  • Literaturaz gozatzea, liburu batez aritzea.
  • Irakurketa Txokoetan parte hartzea.
Martxoaren 21etik maiatzaren 30era.

Ostegunetan 18:00-20:00

Inskripzio – epea: martxoaren 7tik 20ra.

Izena eman liburutegian edo posta elektronikoaren bidez

*Lekuak mugatuta daude; beraz, izena emateko hurrenkeraren arabera banatuko dira.

2013/03/05

2013ko otsailaren 28ko batzordea

Batzordean pozteko gauzak gertatu dira: astean zehar egindako batzorderako proposamen txosten gehienak euskaraz aurkeztu dira (6 aurkeztu dira: 4 euskaraz eta 2 gaztelaniaz, %66). Horrez gain, azpimarratu eta nabarmendu behar da txosten luzeak eta konplexuak izan direla, lankidetzan egindakoak (mediku, psikologo eta gizarte langileen artean) eta meritu handia duela txosten hauek euskaraz egitea. Apartekoa, beti bezala, Mari Josek, Elik, Leirek, Marianek edota Agurtzanek egindako lana. Batzorde honetan ohikoa ez den parte hartzailea izan dugu, Laura, eta nahiz eta sarritan parte hartu ez, txostena euskara hutsean egin du eta baita kasuaren aurkezpena ere.

Akatsak eta zuzenketak:

Akatsak:
- Euskaraz hilabeteen izenak letra xehez idatzi behar dira, data idaztean zein esaldi barruan: BSEk balorazioa egin zion urtarrilaren 10ean // 2013ko otsailaren 28a.
- Nahiz eta gure inguruan -tzako deklinabide marka sarri erabili eta ahozkoan arazorik ez egon, txostenak idaztean -tzat deklinabidea erabili beharko genuke: familiarentzat oso zaila da aita zaintzea / zaintzailearentzat prestatu dugun orientzaioa.

Hiztegia eta gitura bereziak:
- A turnos = Txandaka (txandaka zaintzen dituzte gurasoak)
- Agitación = Asaldura
- Diagnósticos médicos = Osasun diagnostikoak
- Empeorar = Txarrera egin (ez du onera egingo eta badirudi txarrera egingo duela)
- Evitar = Ekidin, saihestu (gainbegiratzea behar du erorketak ekiditeko)
- Fiscalía = Fiskaltza
- Hidrocefalia obstructiva = Buxadurazko hidrozefalia
- Hipoacusia = Hipoakusia
- Inseguridad = Segurtasun eza, segurtasun falta
- Lectiricia = Lektirizia
- Obesidad mórbida = Obesitate morbidoa
- Peritoneo = Peritoneo, baresare
- Persona desconfiada = Pertsona mesfidatia
- Persona interna = Barneko langile
- Principio de autonomía = Autonomia printzipio
- Sensorial = Sentsorial
- Sordera = Gortasun, Gorreri
- Trastorno de la marcha = Ibileraren nahasmendu
- Ventrículo = Bentrikulu

2013/03/04

Nahi dudalako!

NAHI DUDALAKO!, BATXILERGOAN ETA LANBIDE HEZIKETAN EUSKARAZKO IKASKETAK SUSTATZEKO KANPAINA MARTXAN DA


Bizkaiko 18 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartu dute Nahi dudalako! ekimenean. DBH3 eta DBH4ko ikasleen artean zabalduko da kanpaina. Alkarbidek -Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak- koordinatuta, DBH3 eta DBH4ko ikasleengana heldu nahi da kanpaina honen bidez.

Aurreko urteetan bezala aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik abian jarri dute Nahi dudalako! kanpaina. Kanpainaren helburu nagusia da DBH euskaraz egin duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu duen proiektu honetan Bizkaiko 18 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartu dute eta 15 eta 16 urteko gazteei zein euren gurasoei zuzenduta dago.

Hartzaileak

Egitasmoaren hartzaileak kanpainan parte hartu duten udalerrietako DBH3 edo/eta DBH4 ikasten ari diren gazteak eta horien gurasoak dira.

Helburua

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan ari diren gazteek hortik aurrerako ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratzea eta horretarako behar duten informazio guztia ematea, gazteoi zein euren guraso edota orientatzaileei. Informazio hori www.nahidudalako.com web gunean dute ikusgai.

Parte hartzaileak

Bizkaiko 18 udal eta 2 mankomunitate. Guztira, honako 33 erakunde hauek: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Elorrio, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Zierbena.

Kanpainaren edukia eta euskarriak

Kanpainaren ardatza www.nahidudalako.com web gunea da. Bertan gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jaso ahal izango dute. Aurten gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere badute gazteek eta euren zalantzen inguruan eztabaidatzeko tuentia ere erabilgarri izango dute. Horrekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jaso ditugu web gunean. Euretan gazteek zergatik ikasi duten euskaraz azaltzen dute.
Gainera web gunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute, hola nola, tableta, Nintendo 3 DS eta multi-abentura egun pasa.
Web gunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei eta gazteon gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean. Guztira, 5300 eskuorri banatuko dira Bizkaiko 33 udalerritan.
Horrekin batera gazteentzako hainbat hitzaldi ere antolatu dira, euretan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.com web gunean zer aurkituko duten azalduko zaie gazteei. Itxaso Paya izango da hizlaria, eremu eta familia ez euskaldunean bizi arren euskara lehen hizkuntzatzat duen gaztea.