2013/03/04

Nahi dudalako!

NAHI DUDALAKO!, BATXILERGOAN ETA LANBIDE HEZIKETAN EUSKARAZKO IKASKETAK SUSTATZEKO KANPAINA MARTXAN DA


Bizkaiko 18 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartu dute Nahi dudalako! ekimenean. DBH3 eta DBH4ko ikasleen artean zabalduko da kanpaina. Alkarbidek -Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak- koordinatuta, DBH3 eta DBH4ko ikasleengana heldu nahi da kanpaina honen bidez.

Aurreko urteetan bezala aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik abian jarri dute Nahi dudalako! kanpaina. Kanpainaren helburu nagusia da DBH euskaraz egin duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu duen proiektu honetan Bizkaiko 18 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartu dute eta 15 eta 16 urteko gazteei zein euren gurasoei zuzenduta dago.

Hartzaileak

Egitasmoaren hartzaileak kanpainan parte hartu duten udalerrietako DBH3 edo/eta DBH4 ikasten ari diren gazteak eta horien gurasoak dira.

Helburua

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan ari diren gazteek hortik aurrerako ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratzea eta horretarako behar duten informazio guztia ematea, gazteoi zein euren guraso edota orientatzaileei. Informazio hori www.nahidudalako.com web gunean dute ikusgai.

Parte hartzaileak

Bizkaiko 18 udal eta 2 mankomunitate. Guztira, honako 33 erakunde hauek: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Elorrio, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Zierbena.

Kanpainaren edukia eta euskarriak

Kanpainaren ardatza www.nahidudalako.com web gunea da. Bertan gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jaso ahal izango dute. Aurten gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere badute gazteek eta euren zalantzen inguruan eztabaidatzeko tuentia ere erabilgarri izango dute. Horrekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jaso ditugu web gunean. Euretan gazteek zergatik ikasi duten euskaraz azaltzen dute.
Gainera web gunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute, hola nola, tableta, Nintendo 3 DS eta multi-abentura egun pasa.
Web gunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei eta gazteon gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean. Guztira, 5300 eskuorri banatuko dira Bizkaiko 33 udalerritan.
Horrekin batera gazteentzako hainbat hitzaldi ere antolatu dira, euretan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.com web gunean zer aurkituko duten azalduko zaie gazteei. Itxaso Paya izango da hizlaria, eremu eta familia ez euskaldunean bizi arren euskara lehen hizkuntzatzat duen gaztea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina