2012/11/26

BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria

Mendekotasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atalak BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du.





Eusko Jaurlaritzak ematen duen Bikain ziurtagiriak Gizarte Ekintza Saileko Pertsonen Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Zuzendaritzak egindako lana aitortzen du.

Pertsonen Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Zuzendaritzaren Ebaluazio eta Orientazio Atalak kalitatearen zilarrezko BIKAIN ziurtagiria jaso du, hizkuntzaren kudeaketarengatik. Ziurtagiria atzo, azaroaren 22an, jaso zuten, Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi publikoan, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian.

Bizkaiko Foru Aldundiak azpimarratu du balio handikoa dela Atal horrek ziurtagiria jaso izana, “Aldundiak pertsonei ematen dien arretaren bikaintasuna adierazten baitu”. Halaber, “erakundeak euskararekin duen konpromisoaren beste erakusgarri bat” dela adierazi du.

Bikain ziurtagiria ziurtagiri ofizial eta publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza. Ziurtagiriak euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa maila jakin bat egiaztatzen ditu.

Atal horretan euskarak duen presentzia eta erabilera Bizkaiko Foru Aldundiak erakundean ezarrita duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren ondorioa da.

Hain zuzen ere, Mendekotasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atalak euskararen erabileraren alde lan egin du azken bi urteetan, eta lortutako ziurtagiriaren bidez hori aitortu egin da. 2010ean euskararen erabilera sustatzeko mikroplana, EraMia, jarri zen abian atal horretan Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiaren eskutik. Plan horren bidez, administrazio-atal batek eta bertan lan egiten duten langileek konpromisoa hartzen dute euskara apurka-apurka zerbitzua emateko eta lan egiteko hizkuntza izan dadin.








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina