2013/10/15

Eman giltza!

ALDUNDIAK "EMAN GILTZA- ¡HÁBLALE, ESCÚCHALE!" KANPAINA BULTZATU DU, EUSKARAREN TRANSMISIOA FAMILIA BARRUAN SUSTATZEKO

Alkarbide foro teknikoak koordinatu du kanpaina, eta, bertan, lurraldeko 54 erakundek, 2 mankomunitatek eta 39 udalerrik hartzen dute parte. Proiektuaren lehentasunezko helburua da nabarmentzea familia zer garrantzitsua den euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeko zereginean.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendari Ana de Castrok, EUDELeko Andoni Busquetekin eta Txorierriko Mankomunitateko presidente Lander Aiarzarekin batera, "Eman giltza-¡Háblale, escúchale!" kanpaina aurkeztu du, zeinaren helburua den euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa sustatzea. Kanpaina jaioberrien eta 1 eta 6 urte bitarteko umeen gurasoei zuzenduta dago; familia barruan euskararen erabilera sustatzeko zenbait aholku jasotzen dituen diptikoa emango zaie gurasooi. Ekimenari buruzko informazioa emateko sortutako web orrialdearen berri ere ematen da diptiko horretan. Gainera, honako hauek banatuko dira: adurzapiak, meriendarako poltsak, autorako pegatinak eta KU-KU gidak (euskarazko hitzak, esapideak eta kantak biltzen dituen CD batekin) Materiala 10 000 familiak eta 2 mankomunitatek jasoko dute.
Prentsaurrekoan, euskararen familia barruko transmisioa bultzatzeko datozen asteetan emango den sustapen-bideoa ikusi da.
Ekimenean, Enkarterri eta Txorierriko mankomunitateek parte hartu dute, eta udalerri parte-hartzaileak honako hauek izan dira: Abadiño, Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrankudiaga, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Etxebarria, Fruiz, Galdakao, Gernika-Lumo, Gordexola, Kortezubi, Laukiz, Leioa, Lemoa, Markina-Xemein, Maruri-Jatabe, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Muskiz, Orozko, Ortuella, Sestao, Sukarrieta, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaldibar, Zeberio eta Zierbena.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina