2012/12/17

Gerontofobia

Jarraian, lankide batek bidalitako artikulu interesgarri bat duzue, bideo eta guzti. Zer iruditzen zaizue?

Gerontofobia
Edorta Arana (Argia 2332.alea)
Donostiatik Bilborako bidea egin duen El Sol publizitate iberoamerikarraren jaialdi ospetsuan, aurten eman diren sari nagusien artean, Padres en slip dago. Ikusi ez duenak zertaz ari garen jakin dezan: Saatchy & Saatchy publizitate agentziak eginiko spotean, beroa dela-eta, etxetik galtzontzilo hutsean ari diren gizonezkoez trufatzen dira. Burua soil eta tripa dauzkaten gizaki adineko horien gustu falta salatu, eta familiakoengan eta etxera datozenengan auzo-lotsa eta nolabaiteko nazka sorrarazten dutela agerian utziz. Zuri-beltzezkoa eta musika klasiko dramatikoaz apaindutako iragarkian, egoera umiliagarri horretatik libratzeko, proposatzen zaigu erostea airea egokitzeko elektragailu bat.
Horraino, iragarkiaren deskribapena. Eta, hemendik aurrera, publikoki onargarriak ala arbuiagarriak diren rolen trataerari buruzko iruzkinak. Eta nola hedabideetan, generoa, klasea, adina, arraza edota sexua estereotipatzen diren, eredu itxi eta baztertzaileak erabiliz. Aipagai dugun publizitate pieza horretan, adina ageri da inposaketarako molde gisa.
Gauzak dexente aldatu beharra dago oraindik ere adinekoak galtzontzilotan eta kulerotan normaltasunez agertu arte
Heldutasun falta ikaragarria erakusten duen gizartean, gutxituta dago adineko gizon emakumeen presentzia publikoa. Ez dira agertzen irizpidedun subjektu aktibo gisa eta are gutxiago fisikoki erakargarri ala desiratu modura.
Gaztetasuna idolatratua dago gure artean. Eta gainera, edertasun eredu oso estuaren menpekoak gara. Gizon-emakumeen paperak oso markatuak dira, eremu publikoan eta pribatuan ere. Kontsumitzeko gai izatea eta askatasuna parekatu egin dira aspaldi honetan. Eta halako batean, iragarkian bezala, adineko gizon (emakume) horiek agertzen zaizkigu. Erakutsiz gustura daudela. Beraien gorputzaren jabe. Eroso sentituz. Errebindikatuz beraien joko-eremua. Etxekoa eta kalekoa. Eta esaten digute zimurren gainetik pertsona aktiboak eta positiboak direla. Eta, beraienak bezala, aldarrikatzen dituztela denontzako eskubide berberak.
Iraultzaile beterano horiek borrokan ari dira zahartzaroari beldurra eta sekula sekulorumerako gaztetasunaz obsesionatuta daudenen hobe beharrez. Adineko aktibistak dira desberdintasuna eta gure buruaz gustura egotearen poza errebindikatuz.
Gauzak dexente aldatu beharra dago oraindik ere adinekoak galtzontzilotan eta kulerotan normaltasunez agertu arte. Norberaren gorputzetik hasitako askatasuna lortu arte. Horra helduta, ez da behar izango elektratresna berririk “aire egokitu” ezin hobea disfruta dezagun guztiok.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina