2015/11/09

Epe luzeko zainketak eta migranteen garrantzia Europako bederatzi herrialdetan

Gaurkoan Mikelek bidalitako artikulu bat eskegiko dut, interesgarria delakoan. Artikulua 2015eko maiatza-ekaineko Gizarteratuz aldizkarik aterata dago. 

Eskertzekoa da kasu honetan Mikelek, baina beste edozein momentutan besteren batek egin dezakeen ekarpena. 

Ale hori, hemen duzue osorik. 


Epe luzeko zainketak eta migranteen garrantzia Europako bederatzi herrialdetan


Da Roit, B. eta Weicht, B. Migrant care work and care, migration and employment regimes: A fuzzy-set analysis. Journal of European Social Policy, 23. bol., 5. zb., 2013, 469-486 or. Erref.: 197024.

Migrazio-prozesuetan partaide izandako langileek garrantzia handia izan dute azken urteotan Europako epe luzeko zainketen premiei laguntzeko. Izan ere, langile horiek bete izan dituzte zaintza informalerako langileen beherakadan gertaturiko lanpostuen hutsuneak. Migrante horien enpleguaren inguruko esperientziak modu sakon batean aztertu izan dira azken urteotan, eta fenomeno horren oinarriak izan dira arlo pribatua, ordainsari apalak eta erregulazio eskasa. Alderdi horrek baino garrantzia gutxiago izan dute zainketa formalen inguruko azterlanek, nahiz eta nazioarteko egoitzetako zainketetan langile migrante ugarien jarduna nabarmena izan.

 Azterlan honetan esplorazio modu batean burutu dute Europako bederatzi herrialdeen arteko kasuen azterketa konparatibo bat, eta bertan nabarmentzen da zainketa, migrazioaren eta erregimen desberdinen arteko garrantzia epe luzeko zainketa horietan. Azterlanak bi adierazle mota osatu ditu langile migrante horien ereduak azaltzeko. Batetik, familiek eta 65 urte edo gehiago dituzten pertsonek modu zuzen batean kontrataturiko langileak identifikatzen ditu lehenengo adierazleak. Bestetik, 65 urte edo gehiago dituzten pertsonen zainketan egoitzetan lan egiten duten behargin migranteak identifikatzen ditu bigarren adierazle batek. Oinarri dituzte iturri desberdinetatik hartutako zenbait kalkulu, eta horien arabera, familiek zuzenean kontrataturiko langile migranteen kopuru eta zainketen jardunean izandako ehunekoen pisua.


Gutxienez, zehaztu dute Italian 700.000 langile zainketen inguruko jardunean ari direla; Espainian 150.000 eta 300.000 langile; eta Austria eta Alemanian 30.000 eta 40.000 pertsona inguru. Oro har, Alemania, Austria, Italia eta Espainian etxebizitzetan lan egiten duten bitartean, Herbehereak, Suedia, Norvegia eta Erresuma Batuan, langile migrante horiek lan egiten dute arlo formaleko zainketetan. Azken batean, azterlanak erakusten duenez, familia oinarri duten ereduko herrialdeetan etxebizitzetan jarduten dute langile migrante horiek; erregimen liberaleko herrialdeetan arlo formalean jarduten dute; eta herrialde sozialdemokratetan ez da langile migrante horien horrenbesteko garrantzirik nabarmentzen zainketen arlo honetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina