2015/11/27

Hizkuntzen prestigioa

Askotan entzun dugu, eta egin ere komentario hau: "jo, euskaldunek diru kontuez hitz egiteko beti jotzen dute gaztelaniara". Errealitate horren atzean hainbat gauza izkuta daitezke: entzuleak, euskaldun berria bada, ulertuko dio ondo zer esan nahi duen hain garrantzitsua den diruaz ari denean? Beldurra librea da, eta ulergarria litzateke kasu horretan. Baina beste kasu honetan ulergaitzago egiten zaigu: biak, euskaldunak izanik, gaztelaniaz ariten dira diruaren gainean.

Bigarren kasu horretan, berriz,  pentsatu ahal da horren atzean prestigio eza dagoela, dena delakoagatik: eskolan gaztelaniaz ikasi zutelako, ziurtasun handiagoa sentitzen dutelako entzuleak ondo ulertuko ote dien, edo...hainbat izan daitezke euren hizkuntzarekiko prestigio eza horren atzean dauden arrazoiak, eta ez da sarrera honen helburua psikolinguistikaz aritzea.

Hizkuntza batek prestigiatzen dugu, gure bizitzaren esparru guztietan erabiltzen dugunean, hau da, euskara ez litzateke izan beharko umeekin eta txakurrekin komunikatzeko tresna, baizik eta era natural eta normalizatuan, inolako kutsu politikorik gabe denon artean eta esparru guztietan komunikatzeko tresna.

Hala eta guztiz ere, eta bukatzeko, ez da blog honen helburua bertan gaudenon bizitzako esparru guztietan dituzten hizkuntza ohiturak aztertzea, bai, ordea, lanari dagozkienak. Horrexegatik, animatzen zaituztet, euskarari prestigioa ematera lanean erabiliz; bai laneko agiriak, txostenak, etab. idazten dituzuenean, bai ordenagailuaren konfigurazioan, bai mintzamen mailan ere. Ez da erraza, eta badakit, neuri ere kostatu zitzaidalako, baina beste erronka batzuk bezala erakargarria delakoan nago.

Animo, eta argi ibili ostiral beltz honetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina