2013/02/11

2013ko otsailaren 7ko batzordea

Gaurko batzordea erabat euskalduna izan da. Hasieratik bukatu arte dena izan da euskaraz eta langileek une bakar batez ere ez dute gaztelaniara jo. Horrez gain, esan beharra dago aspaldian egin den batzorderik jendetsuena izan dena; beraz, jende askok parte hartu behar izan du, esan beharreko guztiak euskaraz esanez. Gainera, ohikoak ez diren parte hartzaileak izan ditugu gaur, eta nabarmentzekoa izan da euskaraz azalpenak emateko egin duten esfortzua.
Idatzizkoan 10 eginbide aurkeztu dituzte gizarte langileek eta medikuek. Horietatik 4 izan dira euskaraz idatzitakoak, %40 beraz. Azpimarratzekoa da batzordea baino lehen Elenak, Sheilak, Teresak eta Mari Josek egin duten lana eginbideak euskaraz idatzi eta aurkezteko, lan bikaina egin dute eta.

Zalantzak eta zuzenketak:

Akatsak:

- *Guzti hori egitura erdarakada hutsa da. Euskaraz Hori guztia erabili behar dugu, lehenengo erakuslea eta bigarren guzti hitza (hori guztia kontuan izan behar dugu balorazioa egiteko). Horrez gain, ez ahaztu bi hitzak deklinatu behar ditugula: Horrekin guztiarekin ez nago ados; Horiek guztiek ez dute zerikusirik nik esandakoarekin...
- (-)ren erabilera errepikapenezko hitz elkartuetan (behin-behineko balorazioa Vs etxez etxeko zerbitzua). Labur azalduta, araua nahiko sinplea da: errepikapenezko hitz elkartuetan lehen hitza deklinatzen denean ez da (-)rik jarriko, adib.: etxez etxe, batik bat, behinik behin.... Bigarren hitza deklinatzen denean, ordea, (-) idatziko dugu, adib.: behin-behineko, bat-batean, zuzen-zuzenean...

Hiztegia:

- Convivencia ininterrumpida de 10 años = 10 urteko etengabeko elkarbizitza
- Criterio = Irizpide (Irizpideen datu basea sortu behar dugu)
- Degenerativo/a = Endekapenezko (demencia degenerativa = endekapenezko dementzia)
- Deshabituar = Mendekotasuna gainditu (deshabituación alcohólica = alkoholaren mendekotasuna gainditzea)
- Distocia = Distozia
- Incapacitar = Ezgaitu (medidas de incapacitación = ezgaitzeko neurriak)
- Medidas cautelares = Kautelazko neurriak
- Nº = Zk.
- Obesidad mórbida = Obesitate morbido
- Síndrome de Diógenes = Diogenes sindrome
- Suspender = Bertan behera utzi; kendu (suspender la prestación = prestazioa kendu)
- Trastorno orgánico de la personalidad = Nortasunaren nahasmendu organikoa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina