2013/02/25

Egunerokotasun oztopatua

Mikelek Berria egunkarian argitaratutako albiste hau bidali digu denontzat interesgarria izango delakoan.



Egunerokotasun oztopatua


Pertsona ezinduek oraindik ere oztopo ugari dituzte eguneroko bizitzan, azterketa batean azaleratu dutenez; 170.000 lagun dira EAEn

Apenas duten lanerako aukerarik: hamarretik seik ez dute lanposturik, adinean egonda ere
GARIKOITZ GOIKOETXEA

Atzo egin zuten agerraldia. / LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Ezinduak lanerako hartzen dituen Gureak enpresaren fabrika bat. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Hasten dira lan bila, eta arazoak. Edo joan nahi dute taberna batera, eta ezin sartu, edo zerbitzariarekin ezin komunikatu. Edo joan behar dute erietxera, eta ezin dute hitzordurik egin. Ezinduek egunero-egunero izaten dituzten mila eta bat oztopoen adibide batzuk soilik dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 170.000 pertsona inguruk izaten dituzte horrelako arazoak egunero. Ehun herritarretik zortzik. «Izan dira aurrerapausoak, baina eredua aldatzea ezinbestekoa da», ohartarazi dute ezinduen elkarteek. Auziaren muinera jotzea nahitaezko dela. «Arazoa ez da, horrenbeste, pertsona horien ezintasuna, baizik eta gizarteak nolako mugak dauzkan haiei zerbitzu egokiak emateko eta haien beharrizanak asetzeko».

Ikerketa batean batu dute ezintasunak dituzten pertsonen egunerokoa. Edeka elkarteak egin du bilana, bi urte eta erdian; guztira 420 pertsonaren bizipenak bildu dituzte, eta hortik deskribatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera. Atalez atal, arazoak eta soluzioak azaldu dituzte.

Laneratzea

Legeak bete ez, eta itxurak

Ezinduen traba handienetako bat da: non topatu lana. 1982tik bada indarrean lege bat Hego Euskal Herrian, laneratzea errazteko. 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan, postuen %2 ezinduentzat gorde behar dituzte. Paperean dago legea urte luzez. «Legea ez dute betetzen gaur egun», ondorioztatu dute azterketa eginda.

Laneratzea zailtzen duten arrazoi batzuk ikusi dituzte, gainera. Bat: familia. «Ezinduek sendiaren babesean egoten segitzen dute». Bi: prekarietatea. «Kontratu behin-behinekoak eta lanaldi zatitukoak asko dira». Hiru: enpresa espezializatuak. «Lanerako zentro bereziak lehenetsi dira, eta horrek zaildu egin du ezinduak ohiko lan merkatura ateratzea». Datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lanerako adinean daudenen artean, hamarretik bi daude jardunik gabe; ezinduak hartuta, hamarretik seik ez daukate lanik.

Legea betearazteko eskatu diete erakundeei. Maiz itxurakeriak egiten direla ohartu baitira. «Enpresek ez lukete inplikatu beharko izen ona edukitzeko eta irudi korporatiboa zaintzeko. Borondatea falta da». Hezkuntzan, ikasle ezinduen egoera kontuan hartzea nahi dute, eta etenik gabeko ikaskuntzan pausoak ematea ere bai.

Osasuna, zerbitzu sozialak

Ikuspegi osorik ez

Osasun etxeetan eta zerbitzuetan beren kabuz moldatzeko trabak dituzte oraindik pertsona ezinduek: hitzorduak egiteko, sendagilearekin komunikatzeko nahiz osasun zentroetan batetik bestera joateko. Medikuek ezinduei kasu egiteko duten eredua moldatu beharraz ere mintzatu dira: «Era osoan egin behar zaie kasu kronikoei eta arazo bat baino gehiago dutenei, ez zatikatuta. Jarraitutasuna behar da». Berdin uste dute gizarte zerbitzuei buruz ere; hots, «gertuko eta deszentralizatuak» izan beharko luketela, eta «eredu komunitarioa» izan behar dutela.

Ezinduei laguntzeko moduari buruz gogoeta egin behar dela uste dute. Familien kargu geratzen dira maiz. «Sendien rolaz gogoeta egin behar da, eta zaintzaile eredu bat zehaztu, oraingo egoera epe ertainera jasanezina baita». Laguntzak nahitaezko jo dituzte, eta bat baino gehiago kobratu ahal izatea eskatu dute, ezindu askok arazo bat baino gehiago baitute.

Etxebizitza

Mugikortasunaz harago

Ezintasunak klase askotakoak direla agerian utzi dute ikerketan, eta horiek guztiak kontuan hartu behar direla nabarmendu dute. Etxebizitzetan, adibidez. Ohartarazi dute mugikortasun arazoak dituztenentzat egokitzea ez dela aski. Ikusteko eta entzuteko arazoak dituztenentzat moldatutako etxeak galdegin dituzte, eta horren arabera ematea etxeak; segun zer behar duen ezinduak, horri egokitutako bat ematea. Etxeak falta direla ere ohartarazi dute.

Gizarte bizitza

«Aisia eskubide bat da»

Eguneroko bizitzan arazoak batean eta bestean dituzte ezinduek, kalera aterata. Ikerketaren ondorioetan onartu dute aurrerapausoak izan direla leku publikoak ezinduen beharretara egokitzeko, baina arazo handiak daude oraindik ere. Datu bat: ikerketan parte hartu duten ezinduen artean, hirutik batek utzi egin behar izan dio gogoko jardunen bat egiteari, garraio egokirik ez eta. Gizarte osoari eskatu diote jartzeko ezinduen tokian. «Aisia eskubide bat da». Hori bermatzeko, «politika osoa» egin behar dela deritzote.

Mugikortasunean jarri dute askotan arreta aisiguneetan eta garraioetan. Eta horrekin ez da nahikoa, ikerketan behin eta berriz nabarmendu dutenez. «Irisgarritasuna ez baita arkitektonikoa edo fisikoa soilik; komunikatzea eta ulermena izatea ere bada».


Zehaztutako erronkak
 Parte hartzea. Ezintasunak dituztenek parte hartzea, horretarako ezagutzak emanez eta eskubideak erabiliz.

 Mugimenduak. Ezinduen taldeak indartzea eta elkar har dezaten sustatzea.

 Elkarrizketa zibila. Politikak zehaztu eta ebaluatzean parte hartzea indartzea.

 Pobrezia. Erantzun egokia ematea pobrezian edo baztertuta dauden ezinduei.

 Sentsibilizazioa. Eskubideak sustatzea eta estigmei aurre egitea; bereziki, buruko gaixotasunak dauzkatenekin.

 Diskriminazioa. Genero indarkeria eta bazterketa jasaten duten ezinduei bereziki erreparatzea.

 Egoera. Ezindu bakoitzari, bere egoera aldatuz doan eran, laguntza egokitzea.

 Familia. Ezinduen senideei behar bezalako laguntza eta babesa ematea.

 Zeharkakotasuna. Hainbat alorrek zeharkako gisa jardun dezaten lan egitea, ezinduak autonomoago izan daitezen, garapen osoa izan dezaten.

 Prebentzioa. Ezintasuna eragin dezaketen edo areagotu dezaketen egoerak saihestea, esparru guztietan.

 Eraginak neurtzea. Ezinduei laguntzeko egiten diren politiken eragin ekonomiko eta sozialak neurtzea.


%60
Ezinduen artean, 65 urtetik gorakoak.
Adinekoak dira ezintasunen bat daukaten pertsona gehienak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbakiak aztertuta, ikerketan jakinarazi dute hamar ezindutik seik 65 urte baino gehiago dauzkatela.

MARIA ISABEL GARCIA. BURUKO EZINTASUNA DU
«Denbora luzerako lana aurkitzea kostatzen zait gehien»
IRATI SARASUA ARABAOLAZA
Maria Isabel Garciak 40 urte ditu, eta buruko ezintasuna du. Oso bizimodu normala duela nabarmendu du. Egunero, etxeko lanak egin ostean, kalera irteten da. «Goizetan, Asesan elkarteak antolatutako lan munduan sartzeko tailer batean parte hartzen dut. Bertan, hainbat ekintza egiten ditugu. Asko gustatzen zait han egotea. Imajinazioa lantzen dugu, eta oso interesgarria iruditzen zait».

Arratsaldez ere ez da geldirik egoten, ekintza gehiago egiten baitituzte elkartean: sukaldaritza tailerra izaten dute, eskulanak egiten dituzte, baita ordenagailuekin lotutako jarduerak ere. «Baratze ekologikoa ere badugu; astean bitan lan egiten dugu bertan, eta ondoren gure artean banatzen ditugu produktuak». Horrez gain, elkarrekin kazetak irakurtzen aritzen dira, eta irakurritako horren inguruan hausnartzen dute egunero.

«Hala betetzen dut nire egunerokoa. Senideen, psikiatraren eta elkartearen laguntza dut, eta horrek asko errazten dit bizimodua. Nire bizitza oso eramangarria da, nahiko ongi antolatzen dut, eta gustura nago, pozik». Orain arte, Gureak enpresan ordezkapen bat egiten aritu da, baina, amaitu denez, lanik gabe geratu da. «Hori da guretzako oztoporik handiena, lana bilatzea. Orduan izaten ditut zailtasunak. Baina beti aritzen naiz zerbaitean; ez naiz geldirik egoten, lan horietan denbora gutxi pasatu arren. Denbora luzerako lana aurkitzea kostatzen zait gehien ».

SAIOA ARANDO. AKONDROPLASIA GAITZA DU BERE SEMEAK
«Gaitz honek duen erronka nagusia gizarteratzea da»
I.S.A.
Oihanek 3 urte bete berri ditu, eta akondroplasia gaitza du. Haren ama da Saioa Arando. Haurra jaio eta hiru hilabetera DNA frogak egitean esan zieten gurasoei haurrak gaitza zuela. «Gaitz honek duen erronka nagusia gizarteratzea da. Gizarteak beste gaitzen aurrean errukia azaltzen du, eta ez dut uste hori denik azaldu beharreko jarrera, baina gaitz honi burla egiten dio».

Akondroplasia duten pertsonek ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte. Altuera txikia da ezagunena, baina hezurretako mina eta arnasteko arazoak ere izaten dituzte, adibidez. Horrek hainbat ondorio ekartzen dizkie: dirua ateratzera joatean, txirrina jotzean eta komunera joatean. 12 urtetik aurrera, operatzeko aukera izaten dute, luzatzeko eta mina kentzeko, baina operazioa oso gogorra da. «Gaixotasun arraro gisa dago izendatua, eta nik ez nuke esango gaixotasuna denik, baldintza bat da. Haurdunaldiarekin alderatu izan dut; haurdun gaudenean ez gaude gaixorik, mugatu egiten gaituen baldintza bat dugu, besterik ez».

Oihanek aste honetan eskuratu du bere lehengo bizikleta, eta zoratzen dago haurra. «Atzo konpondu genuen beste oztopo bat. Bizikleta. Orain arte, akondroplasia gaitza duen beste haur baten gurasoek Ameriketan erositako egurrezko triziklo bat erabili du. Lortzen duzu, baina asko kostatzen da. Orain, bere neurrira egindako bizikleta du».

ANA GARRIDO. IKUSMEN EZINTASUNA DU
«Zer gertatzen zaidan azaltzean, erantzuna positiboa izaten da»
I.S.A.
Ana Garrido Tolosan bizi da, 39 urte ditu, eta ikusmen ezintasun larria du. ONCEri esker, goi mailako ikasketak egiteko aukera izan zuen, eta Gizarte Lanean diplomatua da. «Ikasketak nire egoerara moldatu zituzten: irakasleak, materiala eta ordenagailuak». Ikasketak amaitzean, oposizioak egin zituen, ondoren udaletxe batean lanean aritu zen, eta orain ONCEn lan egiten du. Lanean ari den beste edonork adina lan egiten duela ohartarazi du.

«Familia dut, semeak ditut, eta ahal dudan normalena egiten dut guztia, baina familiaren laguntza behar izaten dut, batez ere haurrak zaintzeko garaian, korrika alde egiten badute ez baititut ikusten. Txikitatik azaldu diet zein arazo dudan, baina askotan ez dira ohartzen. Atzo igerilekuan nengoen alabarekin, eta alde egin zuen». Haren senarrak lanorduak murriztu behar izan ditu.

Batetik bestera joateko, garraio publikoa erabiltzen du, eta gizartean oztopoak hausten ari direla uste du. «Geroz eta errazagoa da normal ibiltzea. Ni guztiz itsua ez naizenez, fisikoan ez zait nabaritzen; hortaz, jendea hainbatetan ez da nire arazoaz ohartzen, eta egunerokoan arazoak ditut: billetea pasatzen denbora asko egiten badut, atzekoak gaizki begiratzen dit, eta autobusa farola baten aurrean gelditzen bada, zer esanik ez. Zer gertatzen zaidan azaltzean, beti erantzun positiboa jasotzen dut, baina batzuetan ez dut gogorik izaten nire arazoa kontatzeko».

%60
Ezinduen artean, emakumeak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 170.000 ezinduetatik, %60 emakumezkoak dira. Ondorioetan adierazi dute gizonen eta emakumeen arteko parekidetasunarekin «koherente» izan behar duela ezinduekiko estrategiak.

Ikerketa «aitzindaria», nola jokatu argitzea xede hartuta
Bi urte eta erdiko lanaren fruitu da atzo aurkeztutako ikerketa. Edeka elkarteak egin du —ezintasuna duten pertsonen ordezkariak biltzen ditu—, Eusko Jaurlaritzaren eta ONCE fundazioaren babesaz. Elias Leguina Edekako zuzendariak adierazi du «aitzindaria» dela azterketa, eta nola jokatu argitzea duela helburu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina